Aste honetan Groenlandiara joatekoak dira AEBetako Segurtasun Nazionalerako aholkulari Michael Waltz, AEBetako presidenteorde J.D. Vancen emazte Usha Chilukurik, eta AEBetako funtzionario talde bat. Groenlandiako agintariek, ordea, ez dute bisita begi onez ikusi, eta jarduneko lehen ministro Mute Egedek esan du herrialdearen aurkako «eraso oldarkor bat» dela. «Gure demokrazia errespetatu behar dute, ez dugu kanpoko influentziarik behar. AEBetako Gobernuak gurean egingo duen bisita ezin dugu bidaia huts gisa ulertu», adierazi du Egedek. Maiz esan izan du AEBetako presidente Donald Trumpek Groenlandia AEBetara batu nahi duela. Egun Groenlandia Danimarkaren mendeko lurralde autonomo bat da, eta ia alderdi guztiek argi utzi dute ez dutela AEBen parte izan nahi.
Hala, nazioarteari laguntza eskatu dio Egedek: «Nazioarteko komunitateko beste herrialdeek ez badute AEBek ematen diguten tratu txarra gaitzesten, arazoa larriagotu egingo da. Honen aurka egin behar du nazioarteak, bestela ez da ezer aldatuko».
Etxe Zuriak, aldiz, ukatu egin ditu kritikak, eta ohar batean azaldu du Chilukuriren bisitak Groenlandiako toki historikoak eta ondarea ezagutzea duela helburu. Waltz, aldiz, AEBek Groenlandian duten base militar batera da joatekoa, AEBetako Energia Idazkari Chris Wrightekin batera.
«Trumpen aholkulari gertukoena gure lurraldeetan egongo da, eta horrek Trumpen sinesgarritasuna handituko du estatubatuarren artean»
MUTE EGEDEGroenlandiako behin-behineko lehen ministroa
Egindako adierazpenetan, Egedek adierazi du Waltzen bisita AEBen «indar erakustaldi bat» dela: «Trumpen aholkulari gertukoena gure lurraldeetan egongo da, eta horrek Trumpen sinesgarritasuna handituko du estatubatuarren artean. Gauzak argi ikusi behar ditugu, hau gure aurkako jazarpena da». Larunbatera arte egongo dira AEBetako funtzionarioak Groenlandian.
Ez da lehen aldia AEBetako presidentearen gertukoak Groenlandiara joaten direla. Joan den urtarrilaren 7an Trumpen seme bat ere han izan zen. Bidaia hartan, presidentearen semeak azaldu zuen erabakia «pertsonala» izan zela, eta ez zuela inongo «interes politikorik». Lehen ministroak, baina, kritikatu egin zuen, eta urtarrilean argi utzi zuen Groenlandia ez dagoela «salgai».
Gobernua
Martxoaren 11n egin zituzten hauteskundeak Groenlandian, eta Demokraatit alderdi liberalak irabazi zuen. Oraindik ez dute gobernua eratu, eta horregatik jarraitzen du Egedek karguan. Jens-Frederik Nielsen liberalen buruak ere AEBen «jazarpena» salatu du: «Gure aurkako beste errespetu falta bat da. Erakutsi behar dugu ez garela salgai bat, ezin gaituztela salerosi. Zer nahi dugun erabakitzeko eskubidea dugu, eta hori ezin du inork urratu».
2009an autogobernua eratzeko erreferenduma egin zuten Groenlandian, eta, baiezkoa atera ondoren, erabakitzeko eskubidea aitortu zien Danimarkak. Lurraldeko alderdi politiko gehienak independentziaren aldekoak dira, baina erakutsi dute premia ezberdinak dituztela hori gauzatzeko.
Duela aste bat, martxoaren 15ean, Trumpen gobernuaren «jazarpenaren» aurkako manifestazio bat egin zuten Nuuken. Egede eta Nielsen bertan egon ziren, eta mobilizazioa AEBen kontsulatuaren aurrean amaitu zen. Egun horretan, Groenlandiako Parlamentuko alderdi guztiek AEBen interesen aurkako hitzarmen bat sinatu zuten.
Urtarrilean, Semitsiaq egunkariak kaleratutako galdeketa batek ondorioztatu zuen Groenlandiako herritarren %85ak ez zutela AEBren parte izan nahi.