Israelen erasoaldia Gazan

Nazioartearen su-eten eskaerei entzungor egin die Israelek

Gantzen esanetan, «milaka helburu» dituzte Gazan. Biden tentsioa arintzearen alde agertu da, baina Netanyahuri ezer exijitu gabe. Protestak izan dira Zisjordanian, greba dela medio

Israelek jaurtitako misilek argitzen dute Gazako gaua. MOHAMMED SABER / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
AEBek eta EB Europako Batasunak su-eten baten aldeko lehen adierazpenak egin dituzte, ahopean bada ere. Tel Avivek, ordea, entzungor egin, eta Gazaren aurka hasitako erasoarekin jarraitzeko asmoa du. «Erasotzeko milaka helburu ditugu, eta areagotu besterik ez dira egiten», azaldu du Benny Gantz Defentsa ministroak. Palestinarrek greba orokor batekin erantzun dute, Gazan hildakoen kopuruak gorantz jarraitzen duen bitartean; 217, azken datuen arabera; tartean 63 haur.

Tel Aviven okupazio politikaren aurkako greba eguna izan zuten atzo Zisjordaniako lurralde okupatuetan eta Israelgo hiri mistoetan. Arabiarren negozioek pertsianak jaitsita izan zituzten, eta herritarrek kaleak hartu zituzten. Protestetan, Israelgo soldaduek 97 lagun zauritu zituzten Zisjordanian, Ilargi Gorriaren esanetan; 4.733 dira maiatzaren 9tik. Ramallahtik gertu, hiru palestinar ere hil zituzten; azken egunetan 22 dira Zisjordanian hildakoak. Armadaren esanetan, tropei eraso egiten saiatu ziren.

Horrez gain, gutxienez hiru lagun atxilotu zituzten Jerusalemgo Damaskoko Atearen aurrean eginiko mobilizazioan. Hilabete hasieran, palestinarrek eginiko protesten epizentro izan zen hura, Israelgo Gobernuak ramadaneko errezoen ostean han biltzea galarazi eta gero. Hiri hartan, Harresien zaintzaileoperazioaren aurka soilik ez —izen hori jarri dio armadak duela hamar egun hasitako erasoari—, eskuin muturreko taldeen erasoen gorakadaren eta Xeik Jarrah auzoan eginiko etxegabetzeen aurka ere irten dira. Izan ere, hainbat familia auzotik kanporatzearen aldeko ebazpenak piztu zuen protesten garra. Auzoa 1967an okupatu zuen Israelek, eta han bizi dira 1948an hiriko beste hainbat gunetatik kanporatutako familia ugari.

Beraz, aurreko erasoaldietan ez bezala, Tel Avivek fronte berri bat du oraingoan. Arabiarrak dira Israelgo biztanleen %20 inguru, eta haiek egunotan hartzen ari diren protagonismoa azken urteetako handiena da. Horren adibide izan dira azken astean besteak beste Haifa, Acre, Nazaret eta Uhm al-Fahem hirietan eginiko protestak.

Gazak, baina, Tel Aviven helburu izaten jarraituko du, hark ez baitu erasoak eteteko asmorik. Hamasek eraikinen azpian dituen ustezko tunelen aurkako eraso bat izan zela argudiatuta, herenegun egin zuen Israelek lurraldearen aurkako erasorik odoltsuena, bonbardaketa bakarrean 42 hildako eragin baitzituen. Atzo, berriz, beste 11 lagun hil zituzten. Orain arte jaurtitako 2.400 misilek hondatutako eraikinak, gainera, 450 inguru dira; besteak beste, sei ospitale eta bederatzi osasun zentro. Horrek 58.000 palestinar behartu ditu etxetik alde egitera, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera. Horietatik 47.000 lurraldeko 58 ikastetxetan «pilatuta» daude, osasun egoera «zailean», OME Osasunaren Mundu Erakundeko bozeramaile Margaret Harrisen esanetan: «Urruntze fisikoa ia ezinezkoa da, eta osasun instalazioek jasaniko kalteekarriskua hedatu dute COVID-19a eta beste gaixotasun batzuk areagotzeko».

Erakunde horiek azken egunetan behin eta berriz eskatutakolaguntza humanitarioa, berriz, atzo iritsi zen, lehen aldiz Israelek erasoa abiatu zuenetik. Tel Avivek bi sarbide irekitzeko baimena eman zuen, baina handik ordu gutxira itxi zituen berriz ere.

Mugaren beste aldera ere iritsi dira erasoak, eta bi langile thailandiar hil ziren atzo bi lurraldeen mugatik gertu, Gazatik jaurtitako suzirien eraginez. Halere, oso bestelakoa da egoera. Al-Qassam brigadak —Hamasen adar armatua— eta Jihad Islamikoak jaurtitako 3.440 suzirien %90ek ez dute igarotzen Israelen misilen aurkako Burdinezko Kupula, eta airean lehertzen dira. Guztira, hamabi dira herrialdean hildakoak.

Bonbak Libanoko lurretan ere erori ziren atzo. Lurralde hartatik Israelerako noranzkoan zihoazen sei suzirik ez zuten lortu herrialdetik ateratzea, eta han jo zuten lurra. Halere, Tel Avivek gogor erantzun zion saiakera hari, eta eremu haren aurka eraso egin.

Jarraitzeko prest

«Gazako pertsona edo auzo bakar bat ere ez da immunea. Terrorismoa areagotzen den eremuetan helburu berriak sortuko ditugu». Hori da Gantzek mundura zabaldu duen mezua, nahiz eta azken orduetan Israelgo Gobernuari zuzendutako adierazpenek beste zerbait iradoki.

AEBetako Alderdi Demokratako hainbat kide esanguratsuk eginiko presioak herrialdeko presidente Joe Biden behartu du «su-etenaren aldeko» adierazpen bat egitera. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahurekin izaniko elkarrizketan egin du, baina Tel Avivi ezer exijitu gabe. Hala, Etxe Zuriak orain arteko jarrerari eutsi dio, Israelgo Gobernuari «babes sendoa» adierazita.

Izan ere, esanetik ekitera aldea dago. Etxe Zuriak hitzok argitara eman aurretik, AEBek galarazi egin zuten, hirugarrenez astebetean, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak «biolentziaren amaiera» eskatzen duen adierazpen bat argitaratzea, argudiatuta ez dela egokia tentsioa baretzeko. «Modu eraginkorrean lagundu dezakeen zerbait dagoela pentsatzen dugunean, alde egongo gara», azaldu du Antony Blinken Estatu idazkariak. Besteak beste, Pekinek eta NBEren idazkaritza nagusiak deitoratu egin dute jarrera hori, Washingtonek kontseiluak «aho batez hitz egitea eragotzi» duelako.

Europako Batasunetik zabaldutako mezua ere Washingtonek eginiko adierazpenen bidetik doa. Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrellek tentsioa arintzeko eskatu die Israeli eta Hamasi, Batasuneko Atzerri ministroekin eginiko bileraren ostean: «Biolentzia oro amaitzea da lehentasuna, eta su-eten bat ezartzea; ez adostea soilik, baita ezartzea ere». Ez du, ordea, Tel Avivek eginiko erasoaren aurkako hitzik esan, ezta EBko 27 kideen izenean hitz egin ere, Hungariak adierazpen bateratu bat egitea galarazi baitu. Herrialde hartako presidente Viktor Orbanek eta Netanyahuk harreman estua izan dute azken urteetan. Besteak beste, COVID-19aren aurka egiteko «lankidetzan jardutea» adostu dute, Brusela kontuan izan gabe.

Errusiako presidente Vladimir Putinen jarrera bestelakoa da. Gainerakoek bezala, hark ere Tel Avivi eta Hamasi eskatu die amai ditzatela «ekinaldi biolentoak». Horrez gain, ordea, nazioarteko legedia eta NBEren Segurtasun Kontseiluak iraganean eginiko ebazpenak errespetatzeko eskatu du; hau da, Israelgo tropak lurralde okupatuetatik irtetea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.