Nazioarteak, oro har, kezka adierazi du azken egunetan Libanon izan diren erasoen ostean. Hezbollah talde xiitaren eta Israelen arteko gatazka areagotzeak eskualdean izan ditzaketen ondorioez mintzatu dira zenbait herrialdetako agintariak. Besteak beste, AEBetako, Errusiako eta Erresuma Batuko Atzerri Ministerioek bi aldeei eskatu diete eragotzi dezatela egoera are eta gehiago gaiztotzea. Gaur arratsaldean, NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak batzar bat egingo du gaiaren inguruan hitz egiteko.
Israel eta Hezbollahren arteko liskarrek okerrera egiteak «beldurra eta kezka» eragiten die AEBei, Etxe Zuriko bozeramaile Karine Jean-Pierrek adierazi duenez. Gainera, jakinarazi du Joe Biden AEBetako presidenteak uste duela posible dela konponbide diplomatiko batera heltzea. Era berean, atzo iluntzean mintzatu zen Anthony Blinken AEBetako Estatu idazkaria, Parisen. Frantziako Atzerri ministro Stephane Sejournerekin batu zen han. Bai Frantziak eta bai AEBek Ekialde Hurbilean gatazka ez areagotzeko deia egiten dutela jakinarazi zuen Blinkenek. Gehitu zuen ez dutela nahi Gazako su etena zailduko duen inolako akziorik.
Izan ere, azken egunetan areagotu egin da Hezbollahren eta Israelen arteko tentsioa. Asteartean eta asteazkenean Libanon egindako erasoek —talde xiitako kideen komunikazio aparatuek eztanda egin zuten— 37 hildako eta ia 3.000 zauritu utzi dituzte. Hezbollahko buruak «gerra deklarazio» gisa definitu zituen atzo eraso horiek.
Erresuma Batuak eskatu du «berehalako su etena» ezar dezatela Israelen eta talde xiitaren artean. David Lammy Atzerri ministroak bart adierazi zuen beharrezkoa dela akordio bat Israelgo biztanleak eta Libanokoak etxera itzuli ahal izateko. Errusia ere kezkatuta agertu da Ekialde Hurbileko egoeraren inguruan. Maria Zakharova Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaileak gaur ohartarazi du Libanon eskala handiko operazio militar bat egiteak «ondorio suntsitzaileak» izango lituzkeela eskualdean, eta eragotzi egin behar dela «agertoki katastrofiko» horretara iristea. NBE Nazio Batuen Libanorako Behin-Behineko Indarra ere iritzi berekoa da. Bi herrialdeen arteko mugan gatazka «asko» areagotu dela sumatu du NBEk Libanon duen taldeak. Hori jakinarazi du Andrea Tenenti bozeramaileak, eta baretzeko deia egin die bi aldeei.
Bitartean, Israelgo armadaren hegazkinek eraso ugari egin dituzte azken orduetan Libano hegoaldean eta Beiruten. Erresuma Batuko Reuters berri agentziari Libanoko iturri ofizialek adierazi diotenez, iragan urrian Gazako oldarraldia areagotu zenetik, Israelek Libanon egindako «aire eraso bortitzenak» izan dira. Hain justu, eraso horietako batean milizia xiitako buruzagi bat hil dutela jakinarazi du Reutersek, Hezbollahren gertuko iturriak aipatuz. Ibrahim Aqil zen buruzagi hori, eta «unitate berezien» arduraduna zen. Libanoko Osasun Ministerioaren arabera, denera hamalau lagun hil dituzte bonbardaketa horietan, eta 66 baino gehiago zauritu.
Israelgo armadak Hezbollahko lider Hassan Nasrallahren hitzaldia igortzen ari ziren bitartean ekin zion bonbardaketari. Ostera, zenbait eraso egin zituzten herrialdearen hegoaldean. Israelgo armadak bere Telegrameko kanalean azaldutakoaren arabera, Hezbollahren ehun bat jaurtigailu eta bestelako azpiegitura suntsitu zituzten. Gehitu zuten jaurtigailu horiek prest zeudela Israelen aurka «berehala» erabiltzeko.
Bestetik, talde xiitak Israel iparraldeari eraso egiten jarraitu du. Israelgo armadak bere Telegrameko kanalean zabaldu duenez, gaur, Hezbollahk jaurtitako 140 suziri atzeman dituzte herrialdearen iparraldean. Nasrallahk hitzeman zuen Hezbollahk «Gazako erresistentzia babesten» jarraituko duela, eta ez dietela utziko Israelgo «legez kanpoko kolonoei» iparraldera itzultzen. Iazko urrian Gazako oldarraldia areagotu zenetik, Hezbollahk ugaritu egin ditu erasoak Israel iparraldean; Nasrallahren hitzek ulertarazi zutenez, modu berean jarraituko dute. Atzo bertan zenbait eraso egin zituzten, eta, Isralego armadak jakinarazi zuenez, bi militar hil ziren horietako batean. Gainera, zortzi zauritu eragin zituzten talde xiitak jaurtitako suziriek, eta droneekin ere egin zuten eraso.
Gailuak non egin ziren, argitu gabe
Gaur, berriz ere, Taiwango Gobernuak argi utzi du asteartean lehertutako aparatuak ez direla herrialde horretan eginak; «ziurtasun osoz» ezeztatu du hori J.W. Kuo Ekonomia ministroak. Modu berean jokatu du Bulgariak, zabaldutako azken berriek herrialde horretako enpresa bat seinalatu ostean. Herrialdeko Segurtasun Agentzia Nazionalak ezeztatu egin du Libanon eztanda egin zuten bilagailuak Bulgarian eginak direla.
Astearteko erasoan Hezbollako kideen pertsona-bilagailuek egin zuten eztanda. Bada, gailu horiek nork fabrikatu zituen ez da argitu oraindik. Gold Apollo Taiwango enpresak eginak zirela zabaldu zen lehenik. Ostera, enpresa horrek ezeztatu egin zuen hori, eta Hungariako BAC Consulting enpresa seinalatu. Azken enpresa horretakoek, ostera, adierazi zuen bitartekari soila zirela eta eurek ez zituztela bilagailu horiek egin. Beste hedabide batzuek Bulgariako Norta Global Ltd enpresa seinalatu dute.
Bestetik, asteazkenean, talde xiitako kideen walkie-talkieek egin zuten eztanda. Horiek nork egin zituen ere ez dago argi. Japoniako Icom etxeak azaldu zuen gailuek beraiek eginiko modelo baten antza zutela. Jakinarazi zuten 2004tik 2014ra esportatu zituztela modelo horiek nazioartera, besteak beste Ekialde Hurbilera. Halere, enpresako zuzendariak esan zuen ezin dutela baieztatu gailu horiek eurek eginikoak diren edo faltsifikazioak. Gaur enpresak zabaldutako ohar batek dioenez, Libanoko Gobernuak ondorioztatu du eztanda egin zuten gailuak ez direla Icomek eginak. Izan ere, Japoniako enpresak 2014an utzi zion modelo hori fabrikatzeari. Gainera, enpresaren oharrak adierazten duenez, Libanoko agintariek adierazi dute jakinaren gainean daudela beste herrialde batzuetatik inportatzen dituztela modelo horren faltsifikazioak.
jada sei dira jeninen hildakoak
Zisjordaniako Jenin hiritik gertu sarekada bat egin zuen Israelgo armadak atzo. Lehen datuen arabera, hiru izan ziren hildakoak, baina sei izan zirela jakinarazi dio gaur Jeningo gobernadoreak Reuters agentziari. Gainera, Palestinako Ilargi Gorriak emandako datuen arabera, hamaika palestinar zauritu zituzten erasoan; lau larri daude, eta horietako bat adin txikikoa da. Gobernadoreak esan du hamasei izan zirela zaurituak. Palestinako Wafa berri agentziak zabaldutako informazioaren arabera, hiru soldadu etxe bat miatzera sartu ziren. Ondoren, hiru gorpu atera zituzten teilatutik. Beste palestinar bat ibilgailu baten barruan hil zuten, drone batekin eraso eginda.