Nazioarteak debekatutako luku bonbak erabili ditu Gaddafik

NBEren 1973 ebazpenak erregimen aldaketa aipatzen ez duenez, Frantziak iradoki du beste ebazpen bat lortzen saiatuko direlaZibilak babestea Libiako diktadoreak boterea uztearekin lotu du NATOk

mikel rodriguez
2011ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Misrata hirian, Libiaren mendebaldean, Muammar Gaddafiren erregimenaren bonbardaketek ez dute etenik. Herenegun 23 hildakoren berri eman zuten, eta atzo, berriz, bertze 22 lagun hil ziren leherketen ondorioz, Al Jazeerak jakinarazi duenez. The New York Times-ek dioenez, gainera, erregimenak luku bonbak erabili ditu eraso horiek egiteko. 2008an, ehun herrialde inguruk arma horiek ez erabiltzeko akordioa sinatu zuten Oslon —Libiak ez—, zibilentzako arrisku berezia baitute. Izan ere, jaurtitakoan, bertze hainbat bonba txiki barreiatzen dituzte ingurura, eta anitz lehertu gabe gelditzen dira. Beraz, gerora ere arriskua dago lehertzeko. Egunkariak dio bonba horiek Espainiak saldu zizkiola Libiari, 2007an.

Bonbardaketa horien ondorioz, Munduko Migrazioen Erakundeak jakinarazi du ezin izan duela hustu hiriko portuan duen ontzi baten giza laguntzarako karga. Era berean, ontzi hori jendea ateratzeko erabili nahi dute. NATOk eta EB Europako Batasunak, berriz, jakinarazi dute «giza laguntzarako» misio bat prestatzen ari direla. NBE Nazio Batuen Erakundeak erran du, ordea, ez duela onartuko baliabide militarrekin egindako giza laguntzarako misiorik.

Gaddafi bidaltzeko asmoa

Libian nazioartearen lehen erasoak hasi zirenetik hilabetea betetzear denean, operazio militarraren sustatzaile nagusiek argi utzi dute erasoen helburua Gaddafi boteretik kentzea dela. Barack Obama AEBetako presidenteak, David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak, hirurek izenpetutako eta hedabideetara igorritako artikulu baten bidez, iragarri dute Gaddafik boterea utzi arte segituko dutela NATOren erasoek. NBEko Segurtasun Kontseiluaren 1973 ebazpenak, baina, erregimen aldaketari buruzko aipamenik ez du egiten, eta «zibilak babesteko» helburuarekin justifikatzen dira bertan Libiako erasoak. Obamak, Cameronek eta Sarkozyk adierazi dute etorkizunean Gaddafi boterean egonen dela imajinatzea «ezinezkoa» dela, eta horregatik aire erasoekin segituko dutela jakinarazi dute, «zibilak babestu eta erregimenarekiko presioa areagotzeko». «Erresuma Batuak, Frantziak eta AEBek ez dute atseden hartuko Segurtasun Kontseiluaren ebazpenak indarrean jarri eta Libiako herriak bere etorkizuna erabakitzeko aukera izan arte».

Geroago, ordea, Frantziako Defentsa ministro Gerard Longuetek aitortu du hiru agintariek erranak 1973 ebazpena gainditzen duela, horrek ez duelako «Gaddafiren etorkizunaz hitz egiten». «Baina uste dut hiru herrialde handik gauza bera erratea garrantzitsua dela NBErentzat, eta, horregatik, baliteke egunen batean Segurtasun Kontseiluak bertze ebazpen bat egitea». Errusiari, Txinari eta Brasili eskatu die balizko ebazpena ez oztopatzeko.

Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek adierazi du, baina, aliantza 1973 ebazpenean agindutakoa «gainditzen» ari dela, eta oroitarazi du NBEren erabaki horrek ez duela Libian erregimen aldaketarik baimentzen. Gatazka konpontzeko «berehala» fase «politiko» batera igarotzeko beharra nabarmendu du Lavrovek. Adierazpen horiek Bruselan egin ditu, NATOko kide diren herrialdeetako Atzerri ministroekin edukitako bilkuraren ondotik.

NATOren aldetik, Anders Fogh Rasmussen idazkari nagusiak adierazi du 1973 ebazpena «hertsiki» betetzen ari direla, baina AEBek, Erresuma Batuak eta Frantziak erranarekin bat egin du. «NATOk operazioarekin segituko du zibilen gaineko mehatxua dagoen bitartean, eta ezinezkoa da pentsatzea Gaddafik boterean segitzen badu mehatxu hori desager daitekeenik».

Italiak, aire erasoei ezetza

Bertzetik, Rasmussenek jakinarazi du herenegun eskatu zituen hegazkinak emateko «keinuak» egin dizkiotela aliantzako kideek, baina zehaztu du inork ez duela horretarako konpromiso irmorik agertu oraindik. Italiak, berriz, bonbardaketetan parte hartzeari uko egin dio. Frantziak eta Erresuma Batuak nazioarteko operazioko kideei gehiago parte hartzeko eskatu diete aste honetan, Gaddafiren lurreko indarren aurkako erasoak soilik koalizioko sei herrialde ari baitira egiten. Italiak aire eremua debekatzeko zaintza lanetan segituko du, baina haren hegazkinek ez dute bonbardaketarik eginen.

Matxinoei armak helaraztearen auziaz ere mintzatu dira nazioarteko ordezkariak. Errusiako Atzerri ministro Lavrovek ohartarazi du hori egitea 1973 ebazpena ez betetzea litzatekeela, Libiaren kontra armen bahimendua baitago ezarrita. Horren inguruan, Frantziako Defentsa ministro Longuetek erran du «matxinoak militarki hornitzea saihesteko moduan» antolatu behar dituela NATOk bere erasoak. Horretarako, erregimenaren «aginte gune militarrei» eta «biltegi logistikoei» erasotzea proposatu du.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.