Klima aldaketari buruzko COP29 nazioarteko goi bileran parte hartzen ari da Misrar Wafa. Climate Action Network erakundearen Afrikako kanpainaburua da, eta gertutik erreparatuko die estatu ordezkaritzen arteko negoziazioei. Bakun egiten ari diren bilkurari «finantzaketaren COP» deitu zaio, eta arlo hori izango da gakoa Wafaren iritziz ere. Bere elkartea «justizia klimatikoaren aldeko borrokan irmo» ariko dela ziurtatu du.
Planetak gainditu omen du 1,5 graduren langa. COP29n zer gertatuko da?
Helburu kolektibo kuantifikatu berri batera goaz, Parisko Akordioan adostu ziren ehun mila milioi dolarrak [940 milioi euro inguru] ordezkatuko dituena. Afrikan, gure lehentasuna klima aldaketara moldatzea da. Hau da, guk sortu ez dugun klima aldaketa honen aurrean ditugun erronka guztiak aintzat hartzea. Afrikak berotegi gasen %4 isurtzen ditu bakarrik. Mitigazio ahalmena, berriz, garrantzitsua da.
Zer egoeratan dago kontinentea klimara egokitzeko?
Gaur egun, 600 milioi afrikarrek baino gehiagok ez dute argindarrik, ez dute garbi kozinatzeko modurik. Eta energia garbia garatzeko potentzial itzela dugu. Energia berriztagarrien kontinentea gara. Eguzki potentzial globalaren %60 dugu, meatzaritza baliabideen %40. Horiek erabiltzeko ezinak ez digu laguntzen pobrezia eta gure erronkak gainditzen. Bi arrazoirengatik gertatzen da hori. Lehenik eta behin, ezin dugulako finantzaketa egokirik eskuratu kontinentean energia berriztagarriak martxan jartzeko, eta bigarrenik, teknologiaren transferentzia falta delako. Eguzki plaken %80 baino gehiago Txinatik inportatzen dira. Zergatik ezin dugu eskura izan gure materialak fabrikatzeko teknologia?
Txinatik Afrikara ere teknologia transferentziarik ez orduan?
Hain justu.
Donald Trump AEBetako presidentetzara itzultzeak kezkatzen al zaitu?
Nik uste dut berriro ere AEBak Parisko Akordioaren klima espaziotik aterako dituela, eta hutsune handi bat geratuko da finantzaketan. Baina iparraldeko herrialdeak jada klima aldaketaren ondorioekin borrokan ari dira. Beraz, AEBak ordezkatuko dituzten beste herrialde batzuk etorriko dira. Jada herrialde guztiak jabetu dira egoeraz. Guztiek eragiten dute, guztiek engaiatu behar dute. Gizarte zibileko erakunde gisa, uste dut justizia klimatikoaren eta justizia sozialaren borrokan jarraitu behar dugula.
«Energia berriztagarrien kontinentea gara. Eguzki potentzial globalaren %60 dugu, meatzaritza baliabideen %40. Horiek erabiltzeko ezinak ez digu laguntzen pobrezia eta gure erronkak gainditzen»
COP29 biltzarrean emaitzarik espero al duzu?
Oso pertsona baikorra naiz, eta uste dut emaitza positibo bat lor daitekeela, borondate kolektiboa baldin badago finantzaketa hutsunea gainditzeko. Herrialde garatuen eta garabidean direnen arteko konfiantza falta izaten da beti hemen arazoa. Finantza konpromiso nahikorik ez dago, eta, jakina, erantzukizunaren inguruko eztabaida etengabeak pizten dira. Orain arte, iparraldeko herrialdeek ez dute zenbakirik eman. Afrikako talde gisa badakigu zer nahi dugun, badugu zenbakia, baina orain arte deus ere ez da adostu. Nire ustez, nazio garatuek zer jarrera hartu, horrek baldintzatuko du benetako arrakasta.
Afrikako negoziatzaile taldeak zer eramango du COPera?
Negoziatzaileak Afrikako gizarte zibilaren eskakizunekin bat egiten ari dira. Klimaren finantzaketa handitzearen aldeko defentsa irmoa egingo dute, eta quantum-azehaztu da: urtean 1,3 bilioi dolar [1,22 bilioi euro inguru]. Hori da gure eskaria Afrikako komunitate gisa.
Klima finantzaketaren definizio argia bermatzea ere bultzatzen ari gara. Ez baitago definizio argirik, eta batzuek komeni zaien moduan erabiltzen dakite. Definizio, helburu eta jarrera komun bat badugu, gutxienez, gardentasunez negoziatu ahal izango dugu. Bermatu nahi dugu klimaren finantzaketa bidezkoa izatea, eta komunitate ahulenentzat zuzenean eskuragarria. Energia berriztagarrietan ere indarra egin nahi dugu, eta klima aldaketak gugan duen eragin neurrigabea nabarmendu, ez baikara herrialde kutsatzaileak.
Afrikak «ekitatea» eskatzen du. Zer esan nahi du ekitateak?
Printzipio horrek dio klima ekintzan herrialde guztiek parte hartu behar badute ere nazio garatuek erantzukizun handiagoa dutela, beren isurketa historikoengatik. Eta erantzukizunaz hitz egitean, finantzaketaz ari naiz. Garabidean diren herrialdeak nola egokituko gara, bitartekorik ez badugu? Nola arinduko dugu kutsadura baliabiderik gabe? Galera eta Kalteen Funtsa sortu zen, baina konpromisoak oso-oso apalak dira. Nigeriako uholdeek eragindako kalteak estaltzeko ere ez dira gai. Ekitateaz hitz egitean, giza eskubideez ari gara.
«Klima ekintzan herrialde guztiek parte hartu behar badute ere, nazio garatuek erantzukizun handiagoa dute, beren isurketa historikoengatik. Eta erantzukizunaz hitz egitean, finantzaketaz ari naiz»
Eta iparraldeko herrialdeek nola saihestu dute erantzukizun hori?
Batez ere finantza irabazietara begira daude. Finantza laguntza negoziatzeko orduan, ez zaie errentagarria giza eskubideei buruz pentsatzea, ekitateari buruz pentsatzea, zuzentasunari buruz pentsatzea. Beraz, Hegoalde Globalak ez du borroka hau irabaziko elkarturik bultza egiten ez badu.
Zergatik zaude baikor COP29ren inguruan, iparraldeko herrialdeek ez badituzte konpromisoak behar bezala betetzen eta klima aldaketak gaiztotzen jarraitzen badu?
Jarrera ezkor batekin ez da emaitza onik aterako. Aldiz, baikor bazoaz, akordioa bultzatzeko prest zaude behintzat, negoziatzeko prest, entzuteko prest, ekarpenak egiteko prest.
Haserretzeko prest ere bai, negozioetan nolako gerra dagoen ikusita.
Bai, badakizu ez gaudela mundu perfektu batean. Borrokatzeko gaude hemen; jendeari benetan zer gertatzen ari den ikusarazteko. Baikorrak izan behar dugu, jendeak euren ahotsa izango garela espero baitu; beraz, erakutsi behar diegu gutxienez lor dezakegula garaipen bat, txikia bada ere. Horrek eragin handia izan dezake jendearengan. Ahal duguna hobetzeko gaude hemen.