Naziak Hitler baino lehen

Mongoliako hainbat taldek independentzia aldarrikapenaren pean ezkutuan gordetzen duten «ideologia erradikala» indartu du Txinaren loraldiak.

Tsagaan Khass mugimenduaren landa eremuko kide bat, Mongoliako estepan nazioarteko multinazionalen jarduna ikertzen aritzen direnetako bat. ZIGOR ALDAMA.
Zigor Aldama.
Ulan Bator
2014ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Luzea da itxaronaldia; tentsio handikoa. Negoziazio luzeen ostean, elkarrizketa bat egiteko prest agertu dira Tsagaan Khass-en buruzagiak (Svastika Zuriak). Tokirik, baina, ez dute zehaztu nahi izan. «Ibilgailu bat bidaliko dugu, UB Mallean jaso eta leku seguru batera eraman zaitzaten», azaldu du telefonoz Aurunboldek. Mongoliako erakunde neonazi nagusiko kide guztien gisara, nahiago du ezizena erabili. Autoa Nissan beltz bat da, eta hogei minutuko atzerapenarekin iritsi da. Mantso-mantso gerturatu da, Aurunboldek auraren misterioa areagotu nahiko balu bezala.

Sinestezina. Ibilgailuaren tapizeria gorria svastikaz beteta dago. Svastika beltzak lauki zurien barruan. Eserleku bakoitzean, bana. Atzerako ispilutik ere halako bat dute zintzilik, eta gidaria militarrez jantzita doa; SSetakoa da uniforme beltza. Hirugarren Reich-aren aldeko txapel bat darama buruan, eguzki arranoa protagonista delarik. Atzamarretan, berriz, burezur eta ikur naziak dituzten eraztun handiak gailentzen dira. Baina azken ukitua falta da: eguzkitako betaurreko ilunak. Iluntzeko azken argi printzekin zentzu handirik ez dutenak. Oinezko ugari dituzte begira; logikoa, erabat harrituta.

Autoaren aurreko leihoa jaitsi du Aurunboldek, eta ibilgailuan sartzeko eskatu. Prentsa egiaztagiria erakusteko exijitu du berehala. «Kontu handiarekin ibili behar dugu, atzetik baititugu zerbitzu sekretukoak», azaldu du Ulan Bator kanpoaldera abiatu aurretik. «Francisco Franco pertsona ona izan zen», nabarmendu du, atzerako ispilutik begiratu, eta hatz lodiarekin baiezko keinua egin bitartean. «Gu 1986an hasi ginen lanean Mongoliako burujabetzaren eta kulturaren alde; hain justu, dendari txinatarrekiko gatazkak goia jo zuenean. Errespetu falta izugarriak zituzten gure herrialdearekiko eta herritarrekiko. Iraindu egiten gintuzten, gure emakumeekin oheratzen ziren eta nahi zutena egiten zieten. Gehiegikeria zen. Dena usteltzen dute, eta orain, herrialdea suntsitzen ari dira meatzaritza proiektuen eta industriaren eraginez», dio Aurunboldek.

Txinarekiko gorrotoa aspaldikoa da Mongolian; milurtekoa ia. Gengis Khanen konkista garaietan du sorburua. Asiako inperio handiena eraikitzeko, tribu nomadak bateratzea lortu zuen Khanek XIII. mendean. Harresi Handia altxatu behar izan zuten Txinako enperadoreek indarraldi hari aurre egiteko. XVII. mendean irauli zen egoera, Qingen dinastiak Khanen lurraldeak konkistatu baitzituen. Gaur egun, berriz, harresi sendoenek ere geldiaraziko ez luketen inperio itzel bat ari da eraikitzen Txina. Gogotik pairatzen du Mongoliak Txinaren botere ekonomikoa, eta aspaldiko suhartasuna azkar apaltzen du yuanetan ageri den Mao Zedongen argazkiak. Euskal Herriaren pareko biztanleria eta Frantziako eremuaren hirukoitza du Mongoliak, baina gainbehera betean da. Azukre koskor preziatu eta aproposa bizilagun komunistentzat. Txina gose da mongoliarrek gordeta dauzkaten baliabide naturalak eskuratzeko. Nolanahi ere, Mongoliako esportazioen %90 Txinara doaz.

«Atzerriko potentziak, Txina buru dutela, gure herrialdea eta kultura ahultzen ari dira, patrikak diruz betetzen dituen gure gobernuaren oniritziarekin», bota du Aurunboldek, hiriburuko auzo langile batean barna gidatzen duen bitartean. Begi bistakoa da, ordea, herrialdearen hazkunde bizkorra. Azken lau urteotan %10aren gainetik mantendu dira,eta %17,5era iritsi zen hazkundea 2011. urtean. Erosteko ahalmena lau aldiz biderkatu dute mongoliarrek hamabost urtean.

Horren erakusle da Ulan Batorreko erdialdea. Hamar urte eskasean, nabarmen aldatu da hirigunearen itxura. Sobietar Batasunaren sasoiko urteetako eraikin hondatuak —SESBen babespean egon zen Mongolia XX. mendearen zati handi batean— dorre distiratsu eta luxuzko saltoki bihurtu dira orain: «Baina itxurak engainatu egiten du. Ez gara fio. Gizarte desberdintasunak ere nabarmen handitu dira», erantzun du Aurunboldek.

Zirkulazio handiko hogei minutuko bidaiaren ostean, komunista itxurako etxe batzuen alboan geratu da Nissan autoa, eta gidariak dei bat egin du: «Gure buruzagiek hitz egingo dute zuekin, baina, segurtasunagatik, ez dute nahi argazkirik ateratzerik». Taberna batera abiatu da Aurunbold. Sotoan daude zain Uranjargal eta Erdenezaia gazteak. Svastika bat du lepoko gisa Uranjargalek; Erdenezaia, borroka librean aritutakoa, Tsagaan Khass-en arduradun gisa aurkeztu da.

«Ezer baino lehen argi utzi nahi dut jada ez dugula indarkeria defendatzen gure ideologia inposatzeko. Eta, lider handia izan zela uste badugu ere, ez dugula Adolf Hitlerren doktrina segitzen. Hark eragindako basakeria gaitzesten dugu», adierazi du Erdenezaiak. Jakin bazekien lehenago edo geroago hitz egin beharko zuela Svastika Zuriko kideek dituzten ikurrei buruz. Azkar erantzun du: «Ez genituen geure egin nazien ikurrak. Alderantziz. Hitlerrek bereganatu zituen Mongoliako indarraren erakusgarri diren elementuak. Suaren inperioa, burdinazko gurutzea, svastika, Reicharen arranoa. Orain indarkeriarekin lotzen dira, baina, sakonean, kultura baten erakusle dira. Aspalditik erabiltzen dira Mongolian. Gengis Khan ere asko miresten zuen Hitlerrek. Imitatzaileak izan beharrean, historiaz ikasi eta dakigun adituak gara. Eta, ikus dezakezunez, beste sinbolo batzuk ere erabiltzen ditugu; armarri nazionala, esaterako».

Dena den, Erdenezaiak aitortu du badirela antzekotasunak eurek eta Hitlerrek bultzatutako gizarteen artean. «Mongoliarren arrazari eusteko beharrean sinesten dugu, desager ez dadin. Azken boladan ugaritzen ari dira, eta arraza arteko bikote harremanen kontra gaude. Hain justu ere, jaiotze tasa handitzeko politikan baino ez gaude ados gobernuarekin. Oso gutxi gara, eta nahitaez handitu behar dugu herrialdeko demografia, defenda gaitezen». Erdenezaiak lau haur ditu jada. «Ez dugu Frantziaren gisako herrialde bat nahi, non frantziarrak arabiarrak eta beltzak diren», azaldu du, taldeko beste bi kidek buruarekin baietz esaten duten bitartean: «Gu gara Mongoliako nazionalista puruenak».

Txinaren espantsionismoa

Herrikideen artean ezinegona eta harridura eragiten du haien janzkerak, baina mongoliar ugari bat datoz Tsagaan Khass taldearen ikuspuntuarekin. «Politika murriztailea behar dugu meategi guztiak ez daitezen txinatarren esku geratu», esan zuen Tsolmon Atzerri ministro ohiak Christian Science Monitor kazetari emandako elkarrizketa batean: «Hala izan ezean, baliteke egun batean esnatu eta ohartzea gure lurralde osoa Txinaren kontrolpean dagoela. Hori ez litzateke batere ona».

Hain zuzen ere, Erdenezaiak azaldu du badela aurrekari bat zer gerta litekeen jakiteko: Mongolia barnealdeko eskualde autonomoa bereganatu zuen Txinak 1911n, Mongoliaren independentzia aitortu ondotik. Horiek hala, Mongoliak biztanle gehiago ditu mugetatik at, herrialdean bertan baino.

«Pekingo gobernuak emigrazio masiboa bultzatu du Mongolia barnealdeko eskualdera, eta han etnia bihurtu du gehiengo. Gainera, Mongoliako etniadun herritar ororen asimilazio kulturala sustatu du, ohitura eta usadioak suntsituz. Tibet eta Xinjiang dira adibide garbienak. Txina, izatez, herrialde inbaditzailea da», gaineratu du Uranjargalek, Tsagaan Khasseko beste bi kideek zigarretak erre eta freskagarriak edaten dituzten bitartean. «1990eko hamarkadaren hasieran gazteak ginen, eta uste genuen indarkeria zela bide bakarra hori guztia gerta ez zedin. Orain, bide baketsuak soilik erabiltzen ditugu jende gehiagoren arreta erakartzeko».

Erdenezaiaren arabera, erakundeak ia 300 kide ditu Ulan Batorren; beste ehunka, herrialdean zehar. «Bere lana dauka bakoitzak, eta denok ari gara irabazi asmorik gabe. Gure soldaten parte bat ere ematen dugu, karitatezko orotariko ekintzak egiteko», nabarmendu du hasperen artean. «Oraingoz, batik bat, ingurumena kutsatzen duten atzerriko enpresak ditugu jomugan. Horien jarduna ikertzen dihardugu», azaldu du taldeko buruak. «Basoak suntsitu eta suntsitu ari dira. Lurra degradatu, eta ezin da ezertarako erabili; ez ustiatzeko, ez lantzeko, ezta artzaintzarako ere. Alabaina, etekinak ez dira Mongolian geratzen. Horregatik eskatzen dugu meatzaritzaren nazionalizazioa eta multinazionalen kanporatzea. Ez gara besoak gurutzaturik geratuko. Esku hartzea dagokigu, ezinbestean».

Errudunak zein diren zehaztu bakarrik ez. Haiek beldurtzen ere saiatzen dira, ezbairik gabe.

Egungo demokrazia eredua eta kapitalismoa kritikatu ditu Erdenezaiak. «Desenkantu antzeko bat dugu egungo sistemarekin. Esan ziguten mongoliarrak izango ginela boterearen jabe, baina ustelkeriari esker aberastu den gutxiengo bat baino ez du ordezkatzen parlamentuak. Zelan da posible, hiru milioi pertsona eta horrenbeste baliabide natural edukita, pobreak izatea gehiengoa? Benetako demokrazia exijitzen dugu».

«Txinaren espantsionismoaren aurka gaudenez, kontraesan hutsa irudi lezake, baina Khan Handiak kulturak batzea lortu zuen, eta Pekinek, aldiz, zatitzea eta elkarren kontra jartzea nahi du. Hori dela eta, Mongoliaren independentzia aldarrikatzen jarraituko dugu. Txina ahaltsuaren aurrean ere ez dugu amore emango. Ez gaitu garaituko». Eta ez daude bakarrik helburu hori lortzeko bidean. Neonazien taldeak, oro har, ugaritzen ari dira herrialdean, eta gobernuaren «kezka» bihurtu dira jada. «Uste dute arerioak garela, eta etengabe ditugu atzetik. Erabatekoa da jazarpena», salatu du Erdenezaiak, espero gabeko keinu bat egin aurretik: «Pare bat argazki egin diezagukezue».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.