Navalniren lanarekin jarraituko duela iragarri du haren alargunak

Julia Navalnaiak herritarrei eskatu die bere ondoan egoteko, «amorrua» berarekin partekatzeko.

BELGIUM EU NAVALY
Yulia Navalnaya atzo, Bruselan. ALESSANDRO DI MEO/EFE
Isabel Jaurena.
2024ko otsailaren 20a
10:00
Entzun

Julia Navalnaiak, Aleksei Navalni Errusiako oposizioko kide eta aktibistaren alargunak, haren lanarekin jarraituko duela adierazi du, beren lurraldearengatik «borrokatzeko». Atzo egin zituen adierazpen horiek sare sozialetan zabaldutako bideo batean, eta herritarrei bere ondoan egoteko eskatu zien: «Amorrua nirekin partekatzeko eskatzen dizuet. Amorrua, haserrea eta gorrotoa gure etorkizuna hiltzen ausartu ziren horiekiko». Navalni joan den astean hil zen Jamalo-Nenets barrutiko kartzela batean (Errusia), zirkulu polar artikotik hirurogei bat kilometrora.

Errusiako iturri ofizialaren jakinarazi zuten oposizioko kidearen heriotza. 30 urteko kartzela zigorra betetzen ari zen, eta espetxe hartan zegoen abendutik; hainbat delitu egozten zizkioten, «estremismoa eta iruzurra» tarteko. 47 urte zituen, eta Vladimir Putin Errusiako presidentearen aurkako ekintzaile nagusia zen. Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek adierazi zuen ez dakitela zerk eragin duen haren heriotza, eta gertatu dena ikertzen ari direla. Hala ere, Navalnaiak Putin du bere senar zenaren heriotzaren erantzuletzat.

Alde horretatik, Bruselan izan zen atzo Navalnaia, eta atzerri ministroekin, Josep Borrell EB Europako Batasuneko diplomazialariarekin eta Charles Michel Europar Kontseiluko presidentearekin bildu zen. Senar zenaren lanarekin jarraituko zuela baieztatu zien. «Navalni poliki-poliki hil du Putinen erregimenak», erran zuen Borrellek.

Izan ere, Errusiako presidentearen kritiko nagusietako bat izan da Navalni azken urteotan. 2011n eta 2012an Putinen aurka egindako protesten sustatzaileetako bat izan zen, eta presidenteari egotzi zion hauteskundeetan iruzurra egitea eta gobernuan ustelkeria sustatzea. Navalnik egindako salaketa bideoak milioika errusiarrek ikusi zituzten. «Aleksei hiltzean, Putinek nire erdia hil zuen: nire bihotzaren erdia eta nire arimaren erdia. Baina oraindik beste erdia daukat, eta esaten dit ez dudala amore emateko eskubiderik. Aleksei Navalniren lanarekin jarraituko dut, gure herriarentzat borrokan jarraituko dut», borbobildu zuen Navalnaiak.

Adierazi zuen badakiela errusiarrek bertze modu batera bizi nahi dutela eta, «ezinezkoa» dirudien arren, «batu» behar direla. «Erregimen erotu hori, Putin, bere lagunak eta bidelapur uniformedunak, gure herria geldiarazi duten lapur eta hiltzaile horiek borrokatu behar dira», borobildu zuen.

Bien bitartean, Kremlinak adierazi du ez dutela zerikusirik heriotzarekin, eta Putin erantzule dela erratea «onartezina» dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.