Errusiako epaitegiek beste behin zigortu dute Aleksei Navalni. Politikari eta oposizioko kide ezagunari egotzi diote iruzurra «kopuru handian» egitea, ustelkeriaren aurkako bere erakundeari dohaintzan emandako dirua desbideratzeagatik. Zehazki, lau iruzur kasu egotzi dizkio Margarita Kotova epaileak. Fiskaltzak hamahiru urteko kartzela zigorra eta ia 10.000 euroko isun bat eskatu zituen harentzat, eta epaileak bederatzi urteko kartzelaldia ezarri dio.
Navalni preso dagoen espetxean bertan egin dute epaiketa, gaur. Oposizioko kidea iazko otsailetik dago kartzelan; hiru urte eta erdiko kartzelaldia ezarri zion Moskuko auzitegi batek, 2014an ustelkeria auzi batekin lotuta jarri zioten zigor bati hainbatetan entzungor egiteagatik. Horietatik bi urte eta erdi bete behar ditu oraingoz, aurrez kartzelan igarotako denbora kendu baitzion epaileak.
Fiskaltzak epaiketan adierazi zuen ez zegoela arrazoirik politikaria bere kontrako zigorra berrikusteko saioetara ez azaltzeko. Navalnik, berriz, argudiatu zuen bere lege betebeharrak ezin izan zituela bete Alemanian zegoelako osatzen, koman bi aste igaro ostean.
Epaiketa gobernuaren aurka egiteko ere baliatu zuen oposizioko kideak, eta berriz leporatu zion Vladimir Putin Errusiako presidenteari pozoitzen saiatu izana: «Geopolitikari handi bat izaten tematzen den arren, pozoitzaile handi baten moduan pasatuko da historiara». Protestak eragin zituen Navalniren espetxeratzeak, azken urteetako jendetsuenak.