Bigarren negoziazio sorta eginda, eta gauerdia gertu zela, Erroman aurkeztu diren 150 herrialdeetako ordezkariak ados jarri dira finantzaketa marko bat ezartzeko. Ez dute eman akordio horren inguruko datu zehatzik, baina, 2022ko konferentzian onartutako Kunming-Montreal marko globalean jasotakoaren arabera, sinatzaileek konpromisoa hartu zuten 2030erako 200.000 milioi dolar mugitzeko biodibertsitatea babeste aldera; horietatik 30.000 milioi herrialderik garatuenek zuzenean emango dizkiete baliabide gutxiago dituzten herrialdeei.
Hori adostea zen, hain zuzen, Nazio Batuen Erakundearen Biodibertsitatearen Hitzarmenaren barruan egindako hamaseigarren konferentziaren helburua, iazko urrian Calin (Kolonbia) egin zen COP16 goi bilerarena, baina orduan ez zuten akordiorik lortu, herrialderik garatuenetako batzuek ez baitzuten horrenbeste ordaintzeko asmorik. Hala, konferentzia horren azken egunean negoziazioak geldotu egin ziren, eta, ados jartzeko denbora gutxi zutela ikusita, ordezkarietako asko beren herrialdera itzuli ziren. Horregatik egin behar izan dute jarraipena Erroman, NBEren Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen egoitzan.
Akordioa egin ostean, COP16 bilerako presidente Susana Muhamadek egun «historikotzat» jo zuen atzokoa, «planetako bizitza kontserbatzeko helburua duen lehen finantza plan globala» onartu zelako. Finantzaketaren alorrari lotutakoak ebatzi ostean, 2022an onartutako marko globala «betetzeko bide onean» da, Muhamaden esanetan.
Europako Batasuna, Kanada eta Japonia izan dira akordioa betetzeko lan handiena egin duten herrialde garatuak, eta bost urteko lanerako plan bat egingo dute, 2030erako helburu horiek betetzeko. AEBak dira munduan barne produktu handiena duen herrialdea, baita aurrekontu handienekoa ere, baina ez dira konferentziaren parte, 1993ko hitzarmena berretsi ez duen herrialde bakarra baita —Vatikanoak eta aitortza mugatua duten beste estatu batzuek ez zuten sinatu—.
200.0002030erako finantzaketa helburua, milioi dolarretan. Erroman lortu duten akordioaren bidez, espero dute 2030erako 200.000 milioi dolar mugitzea biodibertsitatea babesteko eta leheneratzeko.
Garapen bidean dauden herrialde askok nahi zuten finantzaketa marko berria onartzea; batetik, orain arteko zenbatekoak apalegiak izateagatik, eta, bestetik, orain arteko finantzaketa kudeatu duen funtsaren gobernantzagatik. Izan ere, Ingurumenerako Munduko Funtsaren erabakietan AEBek ere parte hartzen dute, eta Dibertsitate Biologikoaren Hitzarmena ez dute berretsia.
Cali funtsa
Beste finantzaketa bide bat ere aktibatu dute Erroman: Calin adostu zuten Cali funtsa, sektore pribatuak zuzenean finantzatu ditzan ingurumena babesteko eta indigenen komunitateak laguntzeko proiektu batzuk, baina ez dute aktibatu Erroman negoziazioak berriz hartu arte. Naturatik digitalki informazio genetikoa hartzearen truke egin beharko dituzte enpresek ekarpen horiek.
«Bidezkoa da biodibertsitate globala erabiltzeagatik ordaintzea. Naturatik hartzen baduzu, itzuli iezaiozu naturari»
SUSANA MUHAMADCOP16 goi bilerako presidentea
Muhamadek azaldu bezala, lehen hori zen Hegoalde Globaleko herrialdeen diru sarreretako bat: enpresek konpentsazioak ordaintzen zituzten, fisikoki naturatik informazio eta baliabide genetikoak lortzearen truke. Bada, teknologia hobetu denez gero, orain enpresek aski dute datu baseekin, eta horregatik onartu dute funts hori abiaraztea. Muhamadek gehitu zuen ordainketa horiek ez direla «karitatea» izango: «Bidezkoa da biodibertsitate globala erabiltzeagatik ordaintzea. Naturatik hartzen baduzu, itzuli iezaiozu naturari».
Azaldu zuenez, funtsaren baliabideen %50 indigenen komunitateak babesteko erabiliko dira.
Herrialdeen plan berriak
2022ko Kunming-Montreal akordioak mugarri batzuk ezarri zituen: munduko lurren eta itsasoaren %30 babestea eta degradatutako lurren %30 berreskuratzea. Horretarako, herrialde bakoitzak bere plana egin behar du helburu horiek lortzeko bere lurren barruan. Bada, The Guardian eta Carbon Brief hedabideek hilabeteak daramatzate herrialdeen araudiak aztertzen, eta iazko urrian adierazi zuten konferentziako herrialdeen %85ek ez zutela helburu horiek jasotzen zituen planik.
Zerrenda horretan 25 herrialde zeuden, baina, ordutik hona, beste 22 gehitu dira. Hala ere, herrialdeen bi herenek oraindik ez dute %30eko helburu horiek aintzat hartzen duen planik. Erresuma Batua izan da zerrendara gehitu den azken herrialdea. AEBak kenduta — hitzarmenaren parte ez denez gero—, Erresuma Batua zen planik ez zuen G7ko azken estatua.