Naturaren eskubideen aitortzan, herrialde aitzindariak izan dira Ekuador eta Bolivia. Ekuador da naturaren eskubideak konstituzio batean jasotzen dituen estatu bakarra —2008an onartu zuen—. Boliviak lege bat egin zuen ama lurrari eskubideak aitortzeko —2012an—. Bi herrialde horietako prozesu konstituziogileak laguntzeko, aholkulari lanetan aritu zen Albert Noguera Konstituzio Zuzenbideko doktore eta Valentziako Unibertsitateko irakaslea (Bartzelona, 1978). Nabarmendu du naturaren eskubideen aitortzak gizartean eragina duela, alderdi juridikotik harago.
Naturari edo ekosistema jakin batzuei legez eskubideak aitortzea eraginkorra da ingurunearen babeserako, ala neurri sinboliko hutsa da?
Naturaren eskubideen alderik garrantzitsuena ez da hainbeste alde juridikoa, nahiz eta hori nabarmendu ohi den, baizik eta alde politikoa. Bada joera bat naturaren eskubideak alderdi subjektibotik aztertzekoa. Alderdi horrek eskubideen jabe denari aitortzen dio epaile baten aurrera jotzeko gaitasuna. Orduan, naturaren izenean jarduten duen erakunde publiko batek edo norbanako batek aukera du epaile baten aurrera jotzeko, ingurumenari eragindako kalte batzuk salatzeko. Horretarako, ez da beharrezkoa naturari eskubideak aitortzea. Nahikoa da ingurumen osasungarri baterako eskubidea modu zuzenean erabiltzea. Haren bitartez, naturaren eskubideekin lor daitezkeen helburu berberak lor daitezke.
Horrek esan nahi du naturaren eskubideak garrantzirik gabekoak direla eta ez dutela inolako ekarpenik egiten? Ez. Baina, niri ustez, askoz ere interesgarriagoa da alderdi objektiboa, alderdi politikoa. Eskubideak irizpide bihurtzen ditu, legeak interpretatzeko eta ezartzeko, bai eta botere publikoen jarduera zuzentzeko ere. Uste dut naturaren eskubideek haustura garrantzitsu bat ekarri dutela alderdi politikoan, ingurumen osasuntsu baterako eskubidearen aldean.
Eta zer ekarpen egin dute alderdi politiko horretan?
Modernitatearen hasieratik, aurrerabidearen ideia daukagu, hazkunde ekonomikoari lotuta dagoena, produktibitateari, eta, beraz, naturaren ikuspegi antropozentriko bati. Gizakia da naturaren jabea, eta hura kudeatzen duena. Ikuspegi horretan arazoak azaleratzen hasi zirenean, hasieran, ingurumen osasuntsu baterako eskubideak agertzen hasi ziren, garapen jasangarriaren ideia, eta abar. Baina eskubide horiek ez dute antropozentrismoaren paradigma apurtzen. Naturaren esplotazioa mugatzen dute, edo kutsadura maila onargarri batzuk ezartzen dituzte, baina hazkundearen logika alboratu gabe. Gizakiaren eta naturaren arteko desberdintasunari eusten diote, eta natura giza jardueraren menpe kokatzen dute.
Naturaren eskubideek, ordea, paradigma hori apurtzen dute. Lehenengo aldiz, berdintasun egoera bat islatzen dute naturaren eta gizakien artean. Horrenbestez, eraldaketa erradikal batera zuzentzen dituzte botere publikoak; bai eredu ekonomikoan, bai garapen ereduan. Hori da, nire iritziz, naturaren eskubideen alderdi eraginkorra, horretan datza egiten duten ekarpena.
Ekuadorko eta Boliviako prozesu konstituziogileetan eztabaidak piztu zituen paradigma aldaketa horrek. Zer korapilo izan ziren eztabaida horretan?
Baziren naturari eskubideak aitortzeari uzkur egin zioten sektoreak, eskubide horiek onartzear barregarritzat jotzen zutenak. Batzuek esaten zuten: orain ezin izango dut inurri bat ere zapaldu edo lore bat hartu. Horrelako baieztapenek agerian uzten dute ez dela ezer ere ulertu. Giza eskubideen oinarrizko logika eta naturaren eskubideena erabat desberdina baita.
Zertan dira ezberdin?
XVII. mendearen amaieran eta XVIII.aren hasieran, gizakiaren eskubide naturalen teoria garatzen hasi zirenean, eskubide horiek autonomia indibidualaren ideiaren gainean eraiki zituzten. Pertsonek eskubide naturalak dituzte autonomia indibidual baten jabe direlako, eta banakotasun horretatik eratorritako duintasun bat dutelako. Horregatik, teoria liberalean, eskubideak norbanakoenak dira, eta ez da eskubide kolektiborik aitortzen.
Naturaren eskubideen aitortzak oso bestelako oinarri bat du. Inurri batek ez du autonomia indibidualik, ezta lore batek ere. Naturan ekosistemak daude. Ekosistemak dira espazio batzuk non hainbat espezie bizi diren elkarren arteko mendeko erlazioan. Beraz, naturaren eskubideek babesten duten ondasun juridikoa ekosistemak dira. Naturaren eskubideak urratzen dira ekosistema jakin batean kalteak eragiten direnean.
«Eskubideak arazo historikoei ematen zaizkien erantzun historikoak dira, sinpleki. Dinamikoak dira»
Naturaren eskubideak irrigarritzat zituztenen aldean, indigenen mundu ikuspegia oso bestelakoa da.
Eztabaida horretan baziren Pachamaman oinarritutako ikuspegiak, natura mitifikatzen dutenak, gizakiarengandik banandutako izate abstraktu bat balitz bezala, gurtu beharrekoa, gizakiak natura izango ez bagina bezala. Nire ustez, ez da egoki naturaren eskubideak barregarritzat jotzea, ezta naturaren ikuspegi idealista bat defendatzea ere. Niri interesatzen zait naturari eskubideak aitortzea, gizartea eraldatzeko erreminta eraginkor gisa, eta inolako zalantzarik gabe erabilgarri dira.
Bada eskubide horien eraginkortasuna islatzen duen adibideren bat?
Lehen aipatu dugun alderdi juridiko horretan, alderdi subjektiboan, eskubideen eraginkortasuna frogatu da zenbait kasutan. Esaterako, Ekuadorren, zenbait epai izan dira naturaren eskubideak babestu dituztenak. Gogoan dut lehenengoa, 2011. urtean Lohako auzitegi probintzialak emandakoa. Sententziak probintzia horretako gobernua zigortu zuen Vilcabamba ibaira egindako isurketengatik. Beraz, alde horretan izan du eragina.
Alderdi politikoari dagokionez, arrakasta askoz ere murritzagoa izan da, edo ez du lorpenik izan. Lortu da naturaren eskubideak eredu ekonomikoa eraldatuko duten bestelako politika publiko batzuen oinarri bihurtzea? Ez, bistan denez. Muga handiak daude horretarako. Latinoamerikan, bere historia kolonialaren ondorioz, herrialde askok produktu bakarraren ekoizpenean ardaztutako eredu ekonomiko bat daukate. Herrialde horiek gobernu aurrerakoiak izan dituzten garaietan ere, politika publikoak eta gizarte zerbitzuak finantzatzeko izan duten modu bakarra baliabide naturalen erauzketa izan da.
Eta Europan?
Europan ere aitortu zaizkio eskubide batzuk naturari. Espainian, esaterako, 2022ko Mar Menor Legean, eskubideak aitortzen zaizkio ingurune horri. Baina han ere ageri dira muga batzuk. Europako herrialdeak Europako Batasunaren parte diren heinean, merkatu ekonomiaren ereduari jarraitzen diote, lehiakortasunean eta ekonomia hazkundean oinarrituta. Horrek nabarmen zailtzen du naturaren eskubideen alderdi objektiboa garatzea, eredu ekonomikoaren eta garapen ereduaren eraldaketa eskatzen baitu.
«Naturaren eskubideak eraginkor bihurtzeak eskatzen du horiek nazioarteko tratatuetan txertatzea»
Hala ere, gero eta neurri gehiago ari dira hartzen naturari eskubideak aitortzeko.
Esan dezakegu ingurumenaren inguruko kezka handiagoa dagoela duela 50 urte baino, eta orain aitortzen dira eskubide batzuk lehen existitzen ez zirenak. Logikoa da, eskubideak arazo historikoei ematen zaizkien erantzun historikoak direlako, sinpleki. Eskubideak dinamikoak dira, kultura sortzen dute, eta eraldaketa kulturalak bultzatzen dituzte.
Historian eskubide berriak azaldu dira. Orain, emakumeek boto eskubidea daukate, herri indigenek eskubide kolektiboak dauzkate, animaliek eskubideak dituzte... Naturarekin gauza bera gertatzen da. Eta eskubideen sortzeak eraldaketa kulturalak bultzatzen ditu gizartean, badutelako alderdi pedagogiko bat ere. Horrek jendeak kontzientzia handiagoa izatea eragiten du, baina elementu asko behar dira eskubide horiek eraginkorrak izan daitezen.
Zer elementuk lagun dezakete eskubide horien eraginkortasuna sustatzen?
Naturaren eskubideak aitortzen dituen munduko konstituzio bakarra Ekuadorkoa da. Beste maila batzuetan bai, badira herrialdeak naturaren eskubideak aitortzeko legeak dituztenak. Beraz, bide bat da eskubideen aitortza konstituzioetan jasotzea, eta, modu horretan, beste edozein oinarrizko eskubideren maila berean jartzea.
Zer egin daiteke estatuen mugetatik harago, nazioarteko zuzenbidean?
Nazioarteko konstituzionalismoa funtsezko alderdi bat da, eta naturaren eskubideak ez daude aitortuta zuzenbidearen arlo horretan. Badaude adierazpen batzuk eragin juridikorik ez dutenak. Adibidez, Bolivian, Herrien Goi Bilera batean onartu zen adierazpen unibertsal bat Amalurraren eskubideei buruzkoa; Herrien Auzitegi Iraunkorrak, gizarte mugimenduek eratutakoak, ebazpen batzuk eman ditu ildo beretik. Baina Nazio Batuen Erakundean ez dago naturaren eskubideak onartzen dituen trataturik. Ezta eskualdeko sistemetan ere. Eta horiek dira garrantzitsuenak, hartzen dituzten erabakiak estatuentzako lotesleak direlako; izan sistema europarrean edo interamerikarrean. Beraz, naturaren eskubideak eraginkor bihurtzeak eskatzen du horiek giza eskubideei buruzko nazioarteko tratatuetan txertatzea.
Horrez gain, tratatu horien erreformak bultzatu beharko lirateke. Sistema erregional horietan, gaur-gaurkoz, Giza Eskubideen Europako Auzitegira edo Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrera jo daiteke soilik estatu kideek eragindako eskubide urraketengatik, baina ez pertsona edo erakunde pribatuek eragindakoengatik. Hori zentzugabea da. Estatu bat izan daitekeen bezalaxe, izan daiteke enpresa bat giza eskubideen urratzaile. Nazioarteko arlo penalean epaitzen dira norbanakoak. Zergatik ez du posible izan behar nazioartean petrolio enpresa handietako goi kargudunak epaitzea naturaren kontrako krimenengatik?
Naturari eskubideak aitortzeak izan al dezake eraginik beste eskubide batzuk interpretatzeko orduan?
Eskubideak ez dira konpartimentu itxiak. Elkarrekiko harremanean daude, eta naturari eskubideak aitortzeak beste eskubide batzuk indartzea ekar dezake. Protestarako eskubidea har dezakegu adibide gisa. Demagun epaile batek auzi batean aztertu behar dituela herri indigena baten edo elkarte ekologista baten erresistentzia ekintzak, eta ekintza horien helburua dela enpresa batek ekosistema jakin bati eragingo lizkiokeen kalteak eragoztea. Erresistentzia ekintza horietan egon daitezke portaera batzuk ondarearen kontrako atentatu gisa edo sabotaje gisa sailkatuak izan daitezkeenak. Normalean, epaileek zigor kodea aplikatzen dute eta ekintzailea zigortzen dute. Baina naturaren eskubideak aitortzeak epaileak behartu ditzake kasu hauek beste era batera aztertzera, modu askoz ere holistikoagoan, eta horrek protesta eskubidea indartu dezake. Hala ere, epaileen jurisprudentziako aktibismo bat eskatzen du, eta normalean ez da halakorik gertatzen.