Natura Leheneratzeko Legea onartu du Europar Kontseiluak, blokeoa gaindituta

Austriaren eta Eslovakiaren jarrera aldaketari esker egin du aurrera egitasmoak. Araudiak estatu kideak behartuko ditu itsas eta lur eremuen %20 lehengoratzera 2030a baino lehen. Elkarte ekologista batzuek historikotzat jo dute neurria.

Natura Leheneratzeko Legearen kontrako protestak
Natura Leheneratzeko Legearen kontrako protesta bat, iazko uztailean, Estrasburgon, Europako Parlamentuaren parean. JULIEN WARNAND/EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko ekainaren 17a
12:29
Entzun

Ia hiru hilabeteko blokeoaren ostean, Natura Leheneratzeko Legea onartu du Europar Kontseiluak. Erabakiarekin, EB Europako Batasuneko estatuek konpromisoa hartu dute lur eta itsas eremuen %20 lehengoratzeko 2030. urtea baino lehen. Egitasmoa EBren Itun Berdearen neurri eztabaidatuenetako bat izan da. Erreakzio ugari eragin ditu Bruselak proposatu zuenetik. Nekazari elkarte batzuek, eskuin muturrak eta eskuineko zenbait indarrek gogor kritikatu dute, lehen sektorearen interesen kontrakoa dela iritzita. Azkenean, Austriaren eta Eslovakiaren jarrera aldaketak erraztu dio bidea araudiari.

Austriako Ingurumen ministro Leonore Gewesslerrek atzo iragarri zuen bere herrialdeak neurria babestuko zuela, eta ministroaren erabakiak zatiketa eragin du haren gobernuan. Austriako kantzilertzak APA albiste agentziari gaur adierazi dionez, Karl Nehammer gobernuburuak Gewesslerri ohartarazi dio ez duela zilegitasunik egitasmoaren alde bozkatzeko, eta EBren presidentetzan den Belgikari esan dio Gewesslerren aldeko botoa «legez kanpokoa» dela. Helegite bat aurkezteko aukera ere aipatu du kantzilertzak. Berdeen alderdiko kidea da Gewssler, eta indar hori koalizio gobernuan da Nehammerren OVP alderdi demokristauarekin. Azken hori da koalizioko kide nagusia.

Austriarena ez da ezusteko bakarra izan. Eslovakiak, aurretik egitasmoarekiko zalantza ugari agertu dituen arren, alde bozkatzea erabaki du. Araudia onartzeko gutxieneko baldintza da aldeko botoek EBko biztanleriaren %65 ordezkatzea. Austriaren eta Eslovakiaren botoekin, neurriak lortu du EBko biztanleen %66 ordezkatzen dituen hogei kideren babesa.

«Aukera historiko bat da Europari natura itzultzeko, kontinenteak uholdeei, lehorteei eta suteei aurre egin behar dien garai kritiko batean».

EKOLOGISTAK MARTXAN, GREENPEACE, SEO/BIRDLIFE ETA BESTE ELKARTE EKOLOGISTA BATZUK

Natura Leheneratzeko Legearen negoziazioak arantzatsuak izan dira. Europako Parlamentuak eta Europar Kontseiluak proposamen bat adostea lortu bazuten ere, egitasmoa bertan behera gelditzeko zorian izan zen ganberan, eskuin muturreko indarren eta eskuineko zenbait alderdiren presioaren ondorioz. Aurkakoek salatu zuten ingurumena babesteko neurriek atakan jarriko zutela lehen sektorea. Nekazarien eta abeltzainen protestak piztu ziren hainbat estatutan, eta manifestazioak egin zituzten EBko erakunde nagusien ateetan ere.

Presioak presio, europarlamentuak araudi proposamena onartu zuen joan den otsailean, eta kontseiluaren onespen formala besterik ez zen falta indarrean sar zedin. Baina Hungariak zapuztu egin zuen azken urratsa martxoan, Europako hauteskundeen kanpainaren atarian. Poloniak bat egin zuen harekin, eta, aurretik, kontrako iritzia emana zuten Italiak, Suediak eta Finlandiak.

Araudiaren helburuak

Azkenean, blokeoa gainditu eta nahikoa babes eskuratu du egitasmoak. EBren agerkari ofizialean argitaratu eta hogei egunera jarriko da indarrean. Araudiak estatu kideak behartuko ditu ingurumena leheneratzeko politikak martxan jartzera lur eta itsas eremuen %20 leheneratzeko 2030. urtea baino lehen, ekosistema kaltetuen %60 berreskuratzeko 2040rako, eta horien %90 2050erako.

Bestelako xede batzuk ere ezartzen ditu: besteak beste, intsektu polinizatzaileen galera etetea, basoetan uzten diren zuhaitz hilen egur kopurua handitzea, hirietan berdeguneak hedatzea eta ibaietan oztopo artifizialak ezabatzea.

Kontseiluaren erabakia atseginez hartu dute hainbat elkarte ekologistak. Horien artean, Ekologistak Martxan, Greenpeace, SEO/Birdlife, WWF Naturarentzako Mundu Funtsa, Lurraren Lagunak eta Client Earth. Ohar batean adierazi dutenez, Natura Leheneratzeko Legea «mugarri gako bat da kontinenteko ekosistemen babeserako eta berreskurapenerako», eta kontseiluaren jarrerak «islatzen du Europako gobernuen gehiengo baten konpromisoa, zeinek natura leheneratzeko behar larria aitortzen duten». Elkarteen iritziz, araudia «aukera historiko bat da Europari natura itzultzeko, kontinenteak uholdeei, lehorteei eta suteei aurre egin behar dien garai kritiko batean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.