Hasi da NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen goi bilera Washingtonen, eta Jens Stoltenberg Mendebaldeko aliantza militarraren idazkari nagusiak gaur aurreratu du aurtengoa «historikoa» izango dela, Ukrainari militarki «laguntza esanguratsua» ematea adostekoak baitira aliatuak. Joan den astean adierazi zuenez, 2022ko otsailean Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik, aliatuek urtero 43.000 milioi dolar inguru —40.000 milioi euro— eman dizkiote Kievi, eta iturri diplomatikoak aipatuz zenbait hedabidek azken egunetan kaleratu dutenez, asmoa da datozen urteetan ere kopuru horri eustea eta goi bileran konpromiso horren berri ematea.
Urtero egiten du goi bilera bat aliantzak, eta aurten, aurreko urteetan bezala, Ukraina da gai nagusia. Bihar dira aliatuen estatuburuak eta gobernuburuak Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin biltzekoak, eta ondoren kaleratuko dute gisa horretako batzarretan ohikoa den azken adierazpena. Oraingoz, hori bai, ia-ia guztiz baztertuta dago Ukrainari kide izateko gonbidapena egitea.
Stoltenbergek nabarmendu du laguntza horrek bost zutabe edukiko dituela. Batetik, defentsa arloan eman beharreko formakuntza koordinatuko du NATOk. Bigarrenik, luzera begira laguntzen jarraitzeko konpromisoa hartuko du. Hirugarrenik, berehala lagunduko du, baita aireko defentsa sistemen bidez ere. Laugarrenik, defentsa arloan, aldebiko akordio berriak egingo dituzte. Eta, azkenik, «elkar eraginkortasuna» indartuko dute aldeek. Idazkari nagusiaren esanetan, bost horiek «elementu sendoak» dira «zubi lana» egiteko Ukraina aliantzako kide izan dadin.
Pozik ekarpenarekin
Aurtengo batzarra Washingtonen ari direnez egiten, Joe Biden AEBetako presidenteak anfitrioi lanak egin zituen atzo gauean, aliantzak 75 urte bete dituela ospatzeko ekitaldian, eta iragarri zuen AEBek, Alemaniak, Errumaniak, Herbehereek eta Italiak beste bost aireko defentsa sistemarentzako beharrezko ekipamendua emango diotela Ukrainari. Ondoren, pozik agertu zen Zelenski.
Aliantzaren egitekoa defendatu zuen Bidenek. Hain zuzen, Stoltenbergi galdetu diote gaur ea nola eragin diezaiokeen NATOri Donald Trump Etxe Zurira itzultzeak. Izan ere, Trumpek inoiz kritikatu izan du aliatuek ez bete izana 2014an hartu zuten konpromisoa: hau da, herrialde bakoitzaren BPG barne produktu gordinaren gutxienez %2 gastu militarrerako baliatzea. «AEBri ere interesatzen zaio NATO indartsu bat edukitzea», erantzun du idazkari nagusiak, eta gogoratu 32 aliatuetatik 23tik beren BPGaren %2 gutxienez gastu militarrerako erabiltzen dutela.