Opio landarearen lurrinari jarraika, Afganistango Helmand eskualdea atzean utzi, eta Kandahar inguruetara norabideratu dituzte tankeak nazioarteko tropek. Hilabete pasatxo da NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak ekintzaile talibanen aurkako Moshtarakoperazio zabala martxan jarri zuenetik; Helmanden egin zuten, Marja hirian, munduko opio ekoizpen eta salmenta gunerik handienean. Safatula Zahidi kazetariak ez du uste, gainera, erasoa hasteko unea halabeharrez hautatu zutenik, lurraldea opio laborantzaren gararairako «berriz ere kontrolpean izatea» lortu baitute AEB Ameriketako Estatu Batuek. Hala nola Marjan talibanak mendean hartuak dituztelakoan, «segurtasuna handitzeko» ondoko probintzian -Kandaharren- hainbat ekintza militar egitea erabaki du orain NATOk. Stanley McChrystal jeneralak baieztatu du, gainera, ekintzak ez direla egun jakin batean hasiko: «Ekintza saio bat izango da. Ziurtatu al dut, halaber, operazioa jada hasia dugula».
Horren adibide da eskualdean gehituz joan den soldadu kopurua; Kandahar hiriburuaren ipar-mendebaldean dagoen Argandab hiria, baita hego-mendebaletako Panjuaji ere soldaduz josia dago dagoeneko. Hainbat iturriren arabera, ordea, erasoak ez dira udara arte hasiko.
Operazio berriaren helburua ez da segurtasun eremua handitzea besterik; afganistandarren irudiko, ordea, 2001ean herrialdea astindu zuen gerraren pareko konkista egin nahi dute nazioarteko tropek eta, hartara, Kandahar ere inbaditzea. Bertakoek diote, baina, lana amaitu gabe utzi dutela Marjan. Azken egunetan eraso etsiak egin dituzte talibanek, gobernuaren aldeko lagun bati lepoa moztea ere iritsi direla. Gauez telefono sarea moztera ere iritsi direla diote bertakoek; langileak diruz erosten dituzte horretarako, erasorako guneak prestatzen dituzten artean, herritarrek ez ditzaten soldaduak abisatu.
AEBetako tropek eta Afganistango armadak onartzen dute ez dakitela zenbat miliziano geratzen diren eskualdean; uste dute geratzen direnak bertan bizi diren talibanak direla eta besteek hanka egin dutela dagoeneko. «Talibanak fisikoki lekualdatzea erraza izan da; sozialki mugitzea, ordea, ez da horren erraza izango...», onartu du Jeff Rule koronelak.
Alde horretatik, Moshtarakoperazioa herritarren artean izan duen arrakastaren arabera neurtu beharko balitz, erabateko porrota izan dela ondorioztatu beharko litzateke. Hala diote,bederen, herritarrek: «Ez zait interesatzen nork agintzen duen; urteetan hainbat gobernu ikusi ditut. Nahikoa da agintzen duenak behar bezala egitea». 50 urteak paseak ditu Mahmad Shak; haserre dago nazioarteak Afganistanekin hartu duen jarreragatik. «Gure herrietara etortzen dira atzerritarrak, tiro egiten digute, eta ondoren, segurtasunari eusteko gai ez diren polizien esku uzten gaituzte». NATOk, noski, ez du horrela ikusten, eta, Helmanden izandako harrera beste lurraldeetara zabaltzea espero dute.
Pakistan ere, buru-belarri
Talibanen eta Al Kaedako kideen aurkako oldarraldian gogotsu ari dira, bada, Afganistanen; baina, baita bizilagun den Pakistanen ere. Joan den astean, hain zuzen, Al Kaedako Hussein al Yemeni buruzagia hil zutela jakinarazi zuen atzo Poliziak; erasoa Hego Waziristanen egin zuten, CIA Inteligentzia Agentzia Zentraleko piloturik gabeko hegazkinek. Al Yemeni Afganistango CIAren egoitza baten aurkako atentatuaren atzean egon zitekeela uste dute; hartara, beraz, heriotzaren garrantzia.
Azken asteetan ugaritu egin dira CIAren bidez eratorritako erasoak; Inteligentzia Agentziaren zuzendariaren irudiko, erasoek izan dute bere eragina; «gerrillari islamistek ez dute gotorleku berria topatzea beste irtenbiderik izan». Taldeak sortzeko zailtasunak dituztela baieztatu du, eta,«atzeraka egiten» ari direla ziurtatu. Islamabadek, bestalde, hegazkin estatubatuarrek egindako erasoak gogor errefusatu ditu -herenegun ere hamar gerrillari islamista hil zituzten-. Kalera begira hori dio, baina aldebiko txanpona ezkutatzen ote duen zalantzan jarri dute adituek. Erasoak arbuiatzen dituzten artean, euren herrialdean babesten diren buruzagi talibanak atxilotzen dabil itsu-itsuan. Adituek uste dute Pakistan AEBen estrategiarekin eskuz esku ari dela. Horren adierazgarri da Islamabadek segurtasun neurriez gain, bestelako harreman sendoago bat galdegin izana Washingtoni; ekonomia eta hezkuntza gaietara zabalduko den elkarlana nahi dute, urteetan gerrillari islamistekin lotu dituzten lokarrietatik askatzeko. Hala esan du Mehmud Qureshi Atzerri ministroak: «Inork ez du jasan terrorismoa hemen sufritu dugun bezala. Guk eman dugu ahal genuen guztia; orain, euren [AEBen] txanda da».
NATOk Kandaharrera zabalduko du ekintzaile talibanen aurkako erasoa
«Segurtasuna handitzeko» xedea du Aliantza Atlantikoak Afganistanen, Marja hiria menpean hartuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu