Gerra Ukrainan

NATOk gonbita egingo dio Kievi, «baldintzak betetzen direnean»

Stoltenbergek espero du aliatuek «mezu baikorra» bidaliko diotela Ukrainari. Zelenskik adierazi du «zentzugabea» litzatekeela NATOk Ukrainari egutegirik ez zehaztea. Moskuk goi bilera kritikatu du

Ukrainako presidente Volodimir Zelenski eta Gitanas Nauseda Lituaniakoa, atzo, Vilniusen. FILIP SINGER / EFE.
Mikel O. Iribar.
2023ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzeko Ukrainak egin beharreko bidearen lehen zertzelada eman zuen atzo Mendebaldeko aliantza militarreko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek, erakundeko kideek Vilniusen hasi zuten bi eguneko goi bileran. Hain zuzen, NATOk gonbita egingo dio Kievi aliantzarekin bat egiteko, «kideak ados jartzen direnean eta segurtasun baldintzak betetzen direnean», Stoltenbergek zehaztu zuenez. Ukrainako presidente Volodimir Zelenski Lituaniako hiriburuan zela aintzat hartuta, erakundeko idazkari nagusiak espero du aliatuek «mezu argia eta baikorra» helaraziko dutela Ukrainak bat egiteko bideari buruz.

«Erabat babesten dugu Ukrainak bere segurtasun akordioak aukeratzeko duen eskubidea. Ukrainaren etorkizuna NATOn dago». Hala hasten da Mendebaldeko erakundeak atzo kaleratutako oharra. Nabarmentzen duenez, 2008an Bukaresten egindako goi bileran aliatuek adierazi zuten Ukraina —eta Georgia— aliantzako kide bihurtuko zela, eta atzo ere hala «berretsi» zuten. Eta oharrak zioen baietz,NATOko kideek onartzen dutela Ukrainak bat egiteko bideak «erabat gaindituko» duela Atxikitzeko Ekintza Plana. Gisa horretara, aliatuek Ukrainaren aurrerapenak «babesten eta berrikusten» segituko dute.

Aliantzaren adierazpena kaleratu eta gutxira, Zelenskik adierazi zuen «NATO indartsu batean duen fedea» konfiantza bihurtzea gustatuko litzaiokeela.«NATOk segurtasuna emango dio Ukrainari, eta Ukrainak NATO bera indartuko du». Zelenski helburu argi batekin joan zen atzo Vilniusera: Mendebaldeko aliantza militarreko kide diren herrialdeek adierazpen bat sinatzea, Ukrainak Errusiarekin duen gerra amaitu ondoren NATOko kide gisa onartzeko konpromisoa har dezaten. Halere, aliantza militarreko 31 kideek dituzten desadostasunak tarteko, baliteke egutegi zehatzik ez ematea goi bileraren amaieran. Horren harira, Zelenskirentzat, «zentzugabea» litzateke erakundeko buruzagiek Ukrainari aliantzan sartzeko egutegirik ez zehaztea. Bada, Stoltenbergek Zelenskiri erantzun zion aurrez aliantzara batu diren herrialdeek ez zutela epe zehatzik izan.

NATOko kideak ados daude Ukraina ezin dela batu Errusiarekin gerran dagoen bitartean. Europako ekialdeko estatuek, aldiz, Kieven jarrera babestu dute, argudiatuz Ukraina NATOren segurtasun kolektiboaren pean jartzea dela modurik eraginkorrena Errusiak berriro eraso egin ez diezaion. Dena den, AEB Amerikako Estatu Batuak eta Alemania, esaterako, zuhurrago eta mesfidatiago agertu dira Mendebaldeko aliantza Moskurekin gatazka zuzen batera eraman dezakeen edozein neurriren aurrean.

Europa, «arriskuan»

Mosku tentuz erreparatzen ari zaio NATOren goi bilerari, Kremlinek Ukrainaren inbasioa abiatu aurretik Mendebaldeari eginiko eskaera aliantza 1997ko mugetara itzultzea baitzen; zehazki, presentziarik ez izatea Europa ekialdean. Lituaniako goi bilera kritikatu zuen atzo Errusiako Gobernuko eledun Dmitri Peskovek,eta ohartarazi zuenez, Ukraina NATOn sartzeko prozesua azkartzeak —bi urratsetik bakarrera—, ondorio «oso arriskutsuak» eragingo lituzke. «Potentzialki, hori oso arriskutsua litzateke Europako segurtasunarentzat».

Antzera mintzatu zen atzo Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrov ere. Esan zuen Moskuk «neurri egokiak» hartuko dituela «NATO [ekialdera] zabalduz gero», eta gaineratu Errusiak «segurtasun interes legitimoak» babestuko dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.