NATOk gehiago egin zezakeen Ukrainako gerra eragozteko, aliantzaren buruaren ustetan

Bidenek eta Starmerrek ez dute erabakirik jakinarazi irismen luzeko misilak Errusiaren kontra erabiltzearen aferan. Gatazkako bi aldeek beste 206 preso trukatu dituzte.

Joe Biden AEBetako presidentea eta Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia, iragan uztailean, NATOren bilkura batean, Washingtonen. RADEK PIETRUSZKA / EFE
Joe Biden AEBetako presidentea eta Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia, iragan uztailean, NATOren bilkura batean, Washingtonen. RADEK PIETRUSZKA / EFE
ander perez zala
2024ko irailaren 14a
17:15
Entzun

NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek beste aitorpen bat egin du: Mendebaldeko aliantza militarrak gehiago egin zezakeela Ukrainako gerra, eta, beraz, Errusiako armadaren inbasioa eragozteko. «Orain ekipamendu militarra hornitzen ari gara gerrarako. Garai hartan, ekipamendu militarra hornitu genezakeen gerra eragozteko», azaldu du Stoltenbergek.

Gerra hasi aurreko hilabeteetan, Ukrainak armak eskatu zizkion NATOri, baina Mendebaldeko aliantza militarrak ez zizkion eman, zalantzak zituelako; eta, batez ere, uste zuelako Errusiarekiko tentsioa handituko zuela. Azkenean, behin inbasioa hasita, NATOko estatu kideak armak bidaltzen aritu dira, nahiz eta Ukraina ez dagoen aliantza horretan. Orain, bi urte eta erdi pasatu ondoren, Stoltenbergek beste modu batera ikusten du afera, Alemaniako Frankfurter Allgemeine Zeitung egunkariari emandako eta gaur argitaraturiko elkarrizketan adierazi duenez.

NATOren idazkari nagusiak uste du Ukrainako gerra soilik negoziazioen bidez amaituko dela, eta, beraz, Kievek eta Moskuk «noizbait» hitz egin beharko dutela. Hori bai, Stoltenbergek esan du elkarrizketa horiek «Ukrainaren indarrean» egon behar dutela oinarrituta, herrialde horri armak bidalita.

Indar horren inguruan, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ideia honetan jarri du arreta asteotan: irismen luzeko misilak erabili behar dituztela Errusian barnerago eraso egiteko. Arma horiek Mendebaldeko aliatuek emandakoak dira, eta haien baimena behar du misilak erabiltzeko.

Hain justu, Joe Biden AEB Ameriketako Estatu Batuetako estatuburua eta Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroa afera horretaz hitz egiteko elkartu ziren atzo, baina ez zuten erabakirik jakinarazi, nahiz eta AEBetako hedabide batzuek zabaldu zuten Biden baiezkoa ematekoa dela. Horren guztiaren ordez, Starmerrek azaldu zuen, bilkuraren ostean egindako agerraldian, hizketan jarraituko dutela «beste norbanako batzuekin» auziaren inguruan; tartean, Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusia hilabete amaieran egitekoa den bilkuran.

«Erabaki gogorrak»

Zelenskik ez du adierazpenik egin gaur AEBetako presidentearen eta Erresuma Batuko lehen ministroaren bileraren inguruan. Aldiz, haren bulegoko buru Andri Iermakek esan du, Telegram mezularitza aplikazioaren bitartez, «erabaki gogorrak beharrezkoak» direla, Reuters albiste agentziak jakinarazi duenez.

Eta, horren aurretik, Errusiako zenbait goi agintarik Ukrainari eta Mendebaldeko aliatuei mehatxu egin diete irismen luzeko misilak erabiltzearen aferan. Esaterako, Dmitri Medvedev presidente ohi (2008-2012) eta Segurtasun Kontseiluko buruzagiordeak, zeinak Mendebaldeari ohartarazi dion bere herrialdearen pazientzia ez dela mugarik gabea; hori aipatu du, besteak beste, arma nuklearrak erabilita erantzutearen inguruan. Gerora, zehaztu du «inork ez» duela gerrarik nahi.

Testuinguru horretan, Errusiako Defentsa Ministerioak jakinarazi du gerrako bi aldeek 206 preso —103 alde bakoitzeko— trukatu dituztela gaur; tartean daude Ukrainako armadak joan den hilabete hasieran atxilotu zituenak, Kursk eskualdean (Errusia) sartu zenean. Eta eremu horretan ez dira eten borrokak, Errusiako armadak kontraerasoa abiatu baitzuen joan den astean; ministerio horrek goizean azaldu duenez, «azken 24 orduetan» Ukrainako armada bost aldiz saiatu da Errusian sartzen, eta saiakera horiek eragotzi egin dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.