NATOk Errusiaren bi diplomazialari kanporatu ditu, espioitzan aritzea leporatuta

Salaketak bi aldeen arteko harremanen normalizaziorako oztopo izan daitezkeela ohartarazi du Moskuk

2009ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak Errusiaren bi diplomazialari kanporatu ditu, espioitza lanetan aritzea leporatuta. Herenegun eman zuen horren berri The Financial Times egunkariak; atzo, baieztatu egin zuen nazioarteko erakunde militarrak. Kanporatu dituzten diplomazialariek Estoniako funtzionario baten bitartez sekretupeko informazioa jaso zutela uste duNATOk. Herman Simm traiziogatik epaitu zuten pasa den otsailean, Estonian. Hamabi urteko kartzela zigorrera kondenatu zuten, Errusiako zerbitzu sekretuei dokumentu sekretuak eman zizkiela ebatzi ondotik. Simmek berak 1970eko hamarkadan Sobiet Batasuneko Poliziarentzat lan egin zuela onartu zuen; baita, gero, Errusiako agente sekretuen xantaia jasan zuela ere. Estonia 2004tik da NATOko kide.

Moskuren diplomazialariak kanporatzeko erabakia, horrekin harreman formalak hasi zituen egun berean hartu zuen NATOk, herenegun. Izan ere, pasa den urtetik -Errusiaren eta Georgiaren arteko gerratik- nazioarteko erakunde horren eta Dmitri Medvedeven gobernuaren arteko harremanak etenda egon dira. Bederatzi hilabeteren ondoren ekin diote berriz zuzeneko negoziazioei. Espioitza salaketak direla eta, ordea, berriro porrot egin dezakete orain arte egindako ahaleginek.

Izan ere, Dimitri Rogozin Errusiak NATOn duen enbaxadorearen arabera, ukatu egin ditu diplomazialariei leporatutakoak. Halaber, halakoek bi aldeen arteko hurbiltzea ez dutela errazten ohartarazi dio erakundeari. Are gehiago,salaketak «ergelkeriatzat» jo ondoren, Errusiak bere ordezkariak kanporatu izanagatik neurriak hartu dituela jakinarazi du. Hala ere, euren erantzuna burua hotz dutela pentsatuko dutela gaineratu du: «Ondo pentsatutakoak izango dira hartuko ditugun neurriak, bestela gatazka larria sor daiteke».

Errusiak aditzera eman duenez, espioitzaz akusatutakoak Vasili Txizov eta Viktor Kotxukov dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.