NATOk ere defendatu du Ukrainak Mendebaldearen armak Errusian erabiltzea

Zelenskiren azken asteetako eskaerei erantzunez, Stoltenbergek aliatuei eskatu die hausnar dezatela armen erabilerari ezarritako betoaz.

Zelenski Ukrainako presidentea eta Stoltenberg NATOko idazkari nagusia, iazko urrian, Bruselan. OLIVIER MATTHYS / EFE
Zelenski Ukrainako presidentea eta Stoltenberg NATOko idazkari nagusia, iazko urrian, Bruselan. OLIVIER MATTHYS / EFE
Igor Susaeta.
2024ko maiatzaren 25a
17:00
Entzun

Errusiak izan dezakeen erreakzioak bultzatuta Mendebaldeko herrialdeek beren buruari ezarritako marra gorri bat zeharkatu zuen lehen herrialdea izan zen Erresuma Batua, maiatz hasieran. David Cameron Atzerri ministroak adierazi zuen Ukrainak baduela zilegitasuna Mendebaldeak emandako armekin eraso egiteko Errusiako Federazioaren lurretan dauden instalazio militarrei. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak horretan zentratu ditu azken asteetako ahalegin diplomatikoak, eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak ere jarrera hori defendatzen du orain. Izan ere, Jens Stoltenberg Mendebaldeko aliantza militarraren idazkari nagusiak eskatu die aliatuei beto hori kentzeko.

Hari egindako elkarrizketa bat kaleratu zuen Erresuma Batuko The Economist astekariak atzo gauean, eta nabarmendu du, besteak beste, Ukrainari Errusiako lurretako helburu militarrei eraso egiteko «eskubidea» kenduz gero «zailtasun handiak» izango lituzkeela «autodefentsarako duen eskubidea gauzatzeko». Argudiatu du NBE Nazio Batuen Erakundearen gutunak jasotzen duela herrialde batek bere burua defendatzeko zilegitasuna duela, eta, horrenbestez, «legezkoa» litzatekeela Ukrainak Errusiako lurretan erasoak egitea, «betiere helburuak militarrak eta zilegiak badira». Horiek horrela, eta bi urte eta hiru hilabete igaro diren honetan Errusiak inbasioa hasi zuenetik, Stoltenbergek eskaera bat egin die aliatuei: hausnar dezatela ea armen erabilerari ezarritako murrizketak kendu behar ote diren. AEBak, Frantzia eta beste aliatu gehienak kontra agertu izan dira.

500.000

Errusiaren bajak, Ukrainaren arabera. Hildako eta zauritutako soldaduak aintzat hartuta, Errusiako armadak 500.000 baja eduki ditu duela 27 hilabete Ukrainako inbasioa hasi zuenetik. Datu hori eman du, gaur, Ukrainako armadak.

Azken hilabeteetan Ukrainako gerraren bueltan hartutako erabakiek eta horretan zuzenean edo zeharka parte hartzen dutenek egindako adierazpenek erakusten dute, gutxienez, gatazka hori luzatu egingo dela; are, koska bat estutu daitekeela. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak otsail bukaeran esan zuen ezin dela baztertu aliatuek Ukrainara tropak bidaltzea Errusiakoen kontra borroka daitezen. Pare bat aste geroago, Europako Defentsa Industriarako Estrategia aurkeztu zuen Europako Batzordeak. Horren helburu nagusietako bat da talde komunitarioan egindako armen erosketa eta ekoizpena bateratzea, arlo horretan AEBekiko duten mendekotasuna gutxituz.

Eskaera formala

Garai bertsuan, Ursula von der Leyen batzordeko presidenteak azpimarratu zuen, ekitaldi batean, ez zela «ezinezkoa» gerra bat egotea, eta EB Europako Batasuneko estatuetako herritarrek horretarako «prestatu» beharko luketela. Horrekin guztiarekin lotuta, Ukrainari laguntza militarrean 300 milioi dolar —280 milioi euro inguru— ematea onartu zuen AEBetako Kongresuak apirilean, eta Washingtonek aitortu zuen irismen luzeko misilak eman dizkiola jada Ukrainari. Azken hori ere zeharkatu ezinezko beste marra gorri bat zen duela ez asko arte; Kievi F-16 gerra hegazkinak ematea bezalaxe, esaterako.

Eta, bien bitartean, Kiev aireko defentsa sistemak eskatzen ari da, erasoetatik babesteko, baita armak eta horiek erabiltzeko baimena ere. Pentagonoko buruzagi batek hedabideei azaldu zien, hilaren 17an, Zelenskik eskaera formal bat egin diela Mendebaldearen armak Errusian erabili ahal izateko. Azken asteetan, auzi hori dago erdigunean, eta, Errusiarentzat, «suari su ematea» litzateke hori, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak egunero egin ohi duen agerraldian atzo esan zuenez. Ohartarazi zuen, bide batez, eraso egingo dietela Ukrainari NATOren material militarra Errusian erabiltzeko baimena ematen dioten herrialdeei.

G7-koEk aurrerapausoak eman dituZTE Errusiari blokeatutako aktiboen inguruan

G7koek aurrerapausoak eman dituzte, Errusiari blokeatutako aktiboak Ukrainari laguntzeko erabiltzeko orduan. Hori jakinarazi dute munduko herrialde industrializatuenen taldeko Ekonomia ministroek gaur, ohar bateratu batean, Stresan (Italia) bilera bat egin ondoren. 2022ko otsailean Errusiak Ukrainako inbasioa hasi ondoren, Errusiako Banku Zentralaren 300.000 milioi dolar inguru blokeatu zituzten Europan —276.000 milioi euro—; nagusiki, urrea, dibisak eta estatuaren bonuak.

Frantziako, Erresuma Batuko, Alemaniako, Kanadako, Italiako, AEBetako eta Japoniako estatuburuak eta gobernuburuak goi bilera bat egitekoak dira ekain erdialdean, eta mahai gainean edukiko dute aktiboen parte bat Ukrainarentzako mailegu gisa erabiltzeko aukera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.