Batasun eta sendotasun mezu bat plazaratu du gaur NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek, Mendebaldeko aliantza militarreko estatuetako Defentsa ministroekin Bruselan bildu eta gero. «Bide egokia hartu dugu», nabarmendu du prentsaren aurrean agertuta. Eta hori adierazi du, hain zuzen, aliantzako kideak «defentsako inbertsioa» areagotzekoak direlako, oro har. 2014an hiru ziren, aliantzak orduan adostu zuen moduan, herrialde bakoitzaren BPG barne produktu gordinaren gutxienez %2 gastu militarrerako baliatzen zutenak. 31 estatu kide ditu NATOk, eta, aurten, horietatik hemezortzi dira %2tik gora gastatzekoak. «Defentsako gure planek baliabideak izateko planak azkartu ditugu gaurko bileran».
Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik bi urte bete behar diren honetan ari da gorantz egiten gastu militarra. Gainera, Kiev ari da, aldiro, laguntza gehiago eskatzen. Aldi berean, azken egunetan Donald Trump AEBetako presidentegai errepublikano eta Etxe Zuriko maizter ohiak (2017-2021) presidentetzara itzuliz gero Washingtonek aliantzan jokatuko duen rolari buruz esandakoei garrantzia kentzeko baliatu dute gaurko bilera. Stoltenbergek gogorarazi dio Trumpi AEBei komeni zaiela «NATO indartsu bat edukitzea».
Trumpek duela egun batzuk esan zuen AEBek ez zituztela «defendatuko» gastu militarraren helburua betetzen ez duten aliatuak. Kontuan hartu behar da itunaren 5. artikuluak jasotzen duela aliaturen baten aurkako erasoa dagoenean gainerakoek ere ekinbideak hasiko dituztela. Gaurko bilera hasi aurretik, hain zuzen, Stoltenbergek artikulu horri egin dio erreferentzia, eta nabarmendu aliantzaren «bihotza» dela. Horren harira esan du artikuluak jasotakoa ez betetzea aliatuen guztien «kalterako» izango litzatekeela. Gainerako estatu kideak ere bat datoz idazkari nagusiak planteatutakoarekin.
Eta Ukrainako Gerraren testuinguruan, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea Alemaniako kantziler Olaf Scholzekin batzartuko da bihar, baita Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin ere. Eliseoak argitaratutako ohar baten arabera, sinatuko dute akordio bat Frantziak «segurtasun bermeak» eman diezazkion Ukrainari. Horrekin lotuta, bihar hasiko da Municheko Segurtasun Konferentzia, igandera arte iraungo du, eta Zelenski larunbatean da horretan hitz egitekoa.
Eta Ukrainak, azken hilabeteotan askotan egin bezala, Errusiako Belgorod eskualde mugakideari eraso egin dio gaur. Errusiako iturrien arabera, misil batek gutxienez sei lagun hil ditu, eta hemezortzi inguru zauritu, hango hiriburuan. Eraso hori iritsi da, hain zuzen, Errusiak Ukrainaren luze-zabalean hainbat misil jaurti eta ordu batzuetara. Ukrainako agintariek, ordea, ez dute jakinarazi gaur goizaldeko bonbardaketa horiek inor hil edo zauritu duten. Hori bai, atzo gauean Kremlineko indarrek Kharkiv eskualdeko Veliki Burluken egindako bonbardaketarengatik lau pertsona hil ziren.
450.000 milioi euro
Nazio Batuen Erakundeak, Europako Batzordeak, Munduko Bankuak eta Ukrainako Gobernuak uste dute datorren hamarraldian 450.000 milioi inguru heharko direla Ukraina berreraikitzeko. Datu hori plazaratu dute gaur; iaz emandakoarekin alderatuta —382.000 milioi euro—, apur bat handiagoa da kopurua. Kieveko agintariek kalkulatu dute aurten bertan 13.000 milioi euro beharko dituztela etxebizitzak, azpiegiturak eta oinarrizko zerbitzuak berreraikitzeko, baita sektore pribatua hauspotzeko ere.
Denis Xmihal lehen ministroak nazioarteko bazkideen «ahaleginak» eskertu ditu, eta, bide batez, gogoratu du Ukrainaren «berreraikuntza beharrak» areagotu egin zirela iaz. Azpimarratu du Mendebaldeak Errusiari «konfiskatutako aktiboak» baliatu beharko liratekeela berreraikuntza finantzatzeko.