GERRA UKRAINAN

NATOk aliantzara sartzeko gonbita egingo dio Ukrainari, «segurtasun baldintzak betetzen direnean»

Stoltenbergek espero du aliatuek «mezu argia eta baikorra» bidaliko diotela Kievi, Vilniuseko goi bileran. Zelenskirentzat, «zentzugabea» litzateke NATOk Ukrainari egutegirik ez zehaztea. Kremlinek ohartarazi du «neurri egokiak» hartuko dituela «NATO zabalduz gero».

Ukrainako presidente Volodimir Zelenski eta Gitanas Nauseda Lituaniakoa, gaur, NATOren goi bileraren atarian, Vilniusen. FILIP SINGER / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko uztailaren 11
18:10
Entzun

NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzeko Ukrainak egin beharreko bidearen lehen zertzelada eman du Mendebaldeko aliantza militarreko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek, erakundeko kideek gaur Vilniusen hasi duten bi eguneko goi bileran. Hain zuzen, NATOk gonbita egingo dio Kievi aliantzarekin bat egiteko, «kideak ados jartzen direnean eta segurtasun baldintzak betetzen direnean», Stoltenbergek ziurtatu duenez. Ukrainako presidente Volodimir Zelenski Lituaniako hiriburuan izango dela baieztatu ostean, erakundeko idazkari nagusiak adierazi du aliatuek «mezu argia eta baikorra» helaraziko dutela Ukrainak bat egiteko bideari buruz.

Ikusi gehiago: Gehienez ere Ukrainak bat egiteko bidea zirriborratzea du asmo NATOk

«Erabat babesten dugu Ukrainak bere segurtasun akordioak aukeratzeko duen eskubidea. Ukrainaren etorkizuna NATOn dago». Hala hasten da Mendebaldeko erakundeak kaleratutako oharra. Nabarmentzen duenez, 2008an Bukaresten egindako goi bileran aliatuek adierazi zuten Ukraina —eta Georgia— aliantzako kide bihurtuko zela, eta gaur ere «hala berretsi» dute. Eta oharrak dio baietz, NATOko kideek onartzen dutela Ukrainak bat egiteko bideak «erabat gainditu» duela Atxikitzeko Ekintza Plana. Gisa horretara, aliatuek Ukrainaren aurrerapenak «babesten eta berrikusten» segituko dute.

Oharraren arabera, NATOko kide diren herrialdeetako Atzerri ministroek aldian behin ebaluatuko dituzte Ukrainak bidean egindako urratsak. Aliantzak, zehazki, erreforma horiek egiten lagunduko dio Kievi, «etorkizunean atxikitzeko prozesuaren» testuinguruan. Hori bai, aliatuak «ados daudenean eta baldintzak betetzen direnean, Ukrainari erakundean sartzeko gonbidapena egiteko moduan» izango dira.

Zelenski helburu argi batekin joan da Vilniusera: Mendebaldeko aliantza militarreko kide diren herrialdeek adierazpen bat sinatzea, Ukrainak Errusiarekin duen gerra amaitu ondoren NATOko kide gisa onartzeko konpromisoa har dezaten. Kiev presionatzen ari da aliantzan azkar sartzen utz diezaioten, segurtasun bermeak kontuan hartuta. Halere, NATOko 31 kideek dituzten desadostasunak tarteko, baliteke egutegi zehatzik ez emateagoi bileraren amaieran. Horren harira, Zelenskirentzat, «zentzugabea» litzateke erakundeko buruzagiek Ukrainari aliantzan sartzeko egutegirik ez zehaztea.

Horrekin lotuta, Stoltenbergek patxada eskatu dio Ukrainako presidenteari goi bileraren atarian egindako agerraldian. Ziurtatu duenez, Kievek laguntza militar eta segurtasun berme gehiago lortuko ditu, baita NATOko kide bihurtzeko baldintza formalak malgutu ere. Horrez gain, erakundearekin lankidetzan aritzeko bide berri bat irekiko dute, NATO Kontseilua-Ukraina organoa deiturikoa. Laguntza militarrarekin lotuta, halaber, Frantziako presidente Emmanuel Macronek iragarri du irismen luzeko misilak bidaliko dizkiola Kievi kontraerasorako.

Proposamen horrek, ordea, ez du asebete Zelenski. Haren esanetan, NATOko kide izateko hautagaitzaren edukia «gonbidapenari» buruzkoa baita, eta ez Ukrainaren «atxikimenduari» buruzkoa. Hori dela eta, «inoiz ez bezalakotzat» jo du aliantzako herrialdeak eztabaidatzen ari diren adierazpenak Ukraina erakundearekin bat egitera gonbidatzeko datarik ez ematea. «Antza denez, ez dago prestasunik ez Ukraina NATOra gonbidatzeko, ezta aliantzako kide bihurtzeko ere». Horrez gain, Zelenskik kritikatu egin du erakundearen balizko adierazpena Kieven parte hartzerik gabe negoziatzen ari direlako: «Ukrainak errespetu politikoa merezi du».

NATOko kideak ados daude Ukraina ezin dela batu Errusiarekin gerran dagoen bitartean. Europako ekialdeko estatuek, aldiz, Kieven jarrera babestu dute, argudiatuz Ukraina NATOren segurtasun kolektiboaren pean jartzea dela modurik eraginkorrena Errusiak berriro eraso egin ez diezaion. Dena den, AEB Ameriketako Estatu Batuak eta Alemania, esaterako, zuhurrago eta mesfidatiago agertu dira Mendebaldeko aliantza Moskurekin gatazka zuzen batera eraman dezakeen edozein neurriren aurrean. Halere, Olaf Scholz kantzilerrak adierazi du «beharrezko neurriak» hartuko dituztela gerra bukatu ondoren Ukrainaren segurtasuna «bermatzeko».

Europako segurtasuna, «arriskuan»

Mosku tentuz erreparatzen ari zaio NATOren goi bilerari, Kremlinek Ukrainaren inbasioa abiatu aurretik Mendebaldeari eginiko eskaera aliantza 1997ko mugetara itzultzea baitzen; hain zuzen, presentziarik ez izatea Europa ekialdean. Hain zuzen, Lituaniako goi bilera kritikatu du Errusiako Gobernuko eledun Dmitri Peskovek, eguneroko prentsaurrekoan, eta ohartarazi duenez, Ukraina NATOn sartzeko prozesua azkartzeak —bi urratsetik bakarrera—, Stoltenbergek aste honetan iradoki bezala, ondorio «oso arriskutsuak» eragingo lituzke. «Potentzialki, hori oso arriskutsua litzateke Europako segurtasunarentzat».

Antzera mintzatu da Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrov ere. Ohartarazi du Moskuk «neurri egokiak» hartuko dituela «NATO [ekialdera] zabalduz gero», eta gaineratu Errusiak «segurtasun interes legitimoak» babestuko dituela. Horrez gain, Atzerri Ministerioko bozeramaile Maria Zakharovak Al-Jazeera hedabideari azaldu dionez, Kremlinen helburua da Mendebaldeko aliantza militarra «ahultzea», AEBek, Britainia Handiak eta NATO osoak «Errusia ahultzeko helburua zutelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.