Nasrallahren hilketak muturreraino estutu du Ekialde Hurbileko egoera

Hezbollahko liderra hil ondoren, Libano bonbardatzen jarraitzeko asmoa agertu du Tel Avivek. «Musulman guztiak» Israelen aurka egitera deitu ditu Iranek.

Nasrallahren hilketa salatzeko Teheranen gaur egindako manifestazio bat. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Nasrallahren hilketa salatzeko Teheranen gaur egindako manifestazio bat. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Igor Susaeta.
2024ko irailaren 28a
17:00
Entzun

Hassan Nasrallah Hezbollahko liderra hil zuen Israelgo armadak atzo, Beiruten (Libano), aldirietako hainbat etxebizitza eraikinen kontra egindako erasoan. Tel Aviveko iturri militarrek hori iragarri dute gaur goizean, eta ordu batzuk geroago baieztatu du Libanoko milizia xiitak. Kaleratu duen oharrean ez du mendekurik agindu; miliziaren aliatu Iranek ere ez zuzenean, nahiz eta Ali Khamenei lider gorenak «musulman guztiak» deitu dituen Israelen aurka egitera. Eta Israelgo armadak jakinarazi du Libano bonbardatzen jarraitzeko asmoa duela, argudiatuta Hezbollahk «baliabide gehiago» dituela. Hala egin du gaur ere, eta Ekialde Hurbileko egoera muturreraino estutu.

Azken bi asteetan nabarmen gaiztotu da Israelen eta Hezbollahren arteko gatazka. Milizianoek euren artean komunikatzeko erabiltzen dituzten 4.000 pertsona-bilagailu inguru zartarazi zituen Israelek hilaren 17an, eta gutxienez 25 pertsona hil. Nasrallahk gerra deklaraziotzat jo zuen gertatutakoa. Irailaren 19a zen. Hamar egun pasa geroago hil du Israelek, eta, Yoav Gallant Defentsa ministroak bideo batean azpimarratu duenez, estatuak inoiz egindako «operazio militar garrantzitsuenetakoa» izan da. Daniel Hagari armadaren buruak X sare sozialean gaur idatzitako mezu batean esan du Nasrallah klerikoa Israelek inoiz eduki dituen «etsai handienen artean» dagoela.

64 urte zituen, eta 1992tik zen talde xiitaren idazkari nagusia. Abbas al-Musawik ordezkatu zuen, zeina Israelgo armadak hil zuen Libano hegoaldean. Israelek eremu hori okupatua eduki zuen 1985etik, harik eta 2000. urtean tropak handik atera zituen arte. Horrek Nasrallahren posizioa indartu zuen, neurri batean behintzat, Hezbollahren erresistentziaren ondorioz alde egin baitzuen Israelek Libano hegoaldetik. Hain zuzen, Hezbollahko liderraren seme Hadi hil zuen Israelek gatazka hartan, 1997an. Hashem Safieddine da —lider erlijioso bat hura ere— Hezbollahko bigarrena, eta baliteke hark ordezkatzea Nasrallah.

AEBak, babesa emanez

Eta azken bi asteetan Israelek Libanon hildakoak 1.000 baino gehiago dira; zaurituak, 6.000tik gora. Datu hori eman du Libanoko Osasun ministro Firas Abiadek gaur, agerraldi batean. Nasrallah hil zuen bonbardaketan hildakoak 11 dira gutxienez, iturri beraren arabera; eta tartean dago, Teherango iturri ofizialek adierazi dutenez, Irango Guardia Iraultzailaren komandanteorde Abbas Nilfrushan.

50.000

Libanotik Siriara iritsitako errefuxiatuak. NBE Nazio Batuen Erakundeak ohar batean jakinarazi du Libanon bizi ziren 50.000 herritar inguruk Siriara ihes egin dutela azken egunetan. Nabarmendu du, gainera, barne desplazatuak 200.000 baino gehiago dira Libanon.

Israelek eskualdean duen etsai nagusia da Iran, potentzia militar bat, eta Tel Avivi egozten diote aurreko apirilaren 1ean Guardia Iraultzaileko gutxienez zazpi kide hiltzea Damaskon (Siria). Horrek Iranen erreakzioa eragin zuen: 300 jaurtigai inguru jaurti zituen bi aste geroago, Israelen kontra. Ez zuten apenas kalterik eragin, besteak beste, AEBek, Frantziak, Jordaniak eta Erresuma Batuak eskualdean dituzten indarrek misilak eta droneak erorarazten lagundu ziotelako Israeli.

(ID_14294355) LEBANON ISRAEL CONFLICT
Israelen erasoen ondorioz beren etxeetatik alde egin behar izan duten herritar batzuk, atzo, Beiruten (Libano). EFE

Iran da Hezbollahren sostengu nagusia, talde xiita finantzatzen duena, eta, hain justu, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak errepublika islamiarra mehatxatu zuen atzo, NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian emandako diskurtsoan. «Ekialde Hurbileko edozein lekutara iristen da Israel». Iranekin borrokatzeko prest agertu da berriro Israelgo gobernuburua.

AEBek eta Frantziak, besteak beste, Libanorako 21 eguneko menia bat eskatu zioten Netanyahuri. Bestalde, baina, Lloyd Austin AEBtako Defentsa idazkariak mezu bat idatzi du gaur X sare sozialean, esanez Libanori egindako azken erasoez hitz egin duela Gallantekin. Adierazi du Israelek baduela «eskubidea bere burua eta bere herritarrak defendatzeko Iranek babestutako talde terroristengandik». Washingtonentzat «talde terrorista bat» da Hezbollah. Irakeko lehen ministro Xia al-Sudanik komunikatu batean ohartarazi duenez, Israelen azken erasoak zera erakusten du, «eskualdeko herri guztien segurtasunaren eta egonkortasunaren bizkar» gatazka hedatzeko «ausarkeriazko nahi bat».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.