NASAk antzinako bizitzaren arrastoak izan litezkeenak aurkitu ditu Marten

Lehoinabar itxurako orbanak aurkitu dituzte, 'Cheyava ur jauzia' izeneko harrian. Zientzialariek jakinarazi dute ezin dutela oraindik irmo esan Marten bizitza egon denik, baina hau dela orain arte izan duten frogarik sinesgarriena.

'Perseverance' ibilgailua, Marteko misio batean. NASA / JPL-CALTECH / MSSS
'Perseverance' ibilgailua, Marteko misio batean. NASA / JPL-CALTECH / MSSS
2024ko uztailaren 29a
10:20
Entzun

Marten duela mila milioika urte bizitza egon zela froga lezakeen aurkikuntza bat egin dute NASAko zientzialariek: bizitza mikroskopiko fosilduaren aztarna izan litezkeen lehoinabar itxurako orbanak agertu dira, Cheyava ur jauziaizeneko arroka batean. Perseverance robotak eremu hartan egin dituen analisiek adierazi dute harriak badituela zenbait konposatu organiko bizitzaren oinarrizko osagai izan ohi direnak.

Iraganean Marten bizirik izan ote den edo ez eztabaidan orain arte aurkitutako frogarik «sendoena» dela adierazi dute zientzialariek, baina goizegi omen da guztiz baieztatzeko. Katie Stack Morganek —Perseverance proiektuko zientzialariak— ohartarazi du ezin dutela guztiz ziurtatu planetan bizitza egon izana, baina aurkikuntza badela orain arteko «aztarnarik sinesgarriena».

«Material organikoaren aurkikuntza bat dugu mahai gainean, lehen aldiz: koloretako orban horiek erreakzio kimikoen adierazle izan daitezke, bizitza mikrobianoak energia iturritzat erabil litzakeen horiena, alegia», adierazi du Ken Farleyk, proiektuko beste zientzialari batek. Hala ere, NASAK ohartarazi du molekula horiek prozesu ez-biologikoetan ere osatu daitezkeela.

NASA'Cheyava Falls' arrokan aurkitutako leopardo itxurako orbanak. NASA/JPL-CALTECH/MSSS
Cheyava ur jauzia izeneko arrokan aurkitutako lehoinabar itxurako orbanak. NASA / JPL-CALTECH/MSSS

«Orban hauek izugarrizko sorpresa izan dira», azaldu du David Flanneryk, Queenslandeko Unibertsitate Teknologikoko Perseverance taldeko kideak. «Lurzoruan eta harrietan agertzen diren halako ezaugarriak zorupean bizi diren mikrobioen erregistro fosilduarekin lotzen dira».

Konposatu organiko horiez gain, kaltzio sulfato zainak ere aurkitu dituzte harrian, hots, bertatik ura inoiz pasatu dela iradokitzen duen mineral metaketa. «Ura beharrezkoa da bizitza sortzeko», azaldu du Farleyk. Hala ere, jakinarazi du oraindik hainbat gauza daudela aztertzeko, eta, beraz, ezin esan daitekeela Marten bizitza izan denik. «Ezin izan dugu zehatz aztertu arroka nola sortu zen eta zenbateraino berotu duten hori inguruko harriek, halako orbanen formakuntza eragiteraino». Aurkitutako ezaugarrien bestelako azalpenez ere hausnartzen ari da zientzialari taldea, baina ikertzen jarraitu beharko dutela adierazi du NASAk.

Perseverance Rover ibilgailua Marte arakatzeko sortu zen tresna bat da, Mars 2020 misiorako eraikitakoa. Ibilgailuaren egitekoa iraganeko bizitza mikrobianoaren aztarnak bilatzea da, NASAren proiektuetako bati laguntzeko —planeta gorrian inoiz bizitza egon den aztertzea oinarri duen proiektuari—. Jet Propulsion Laboratoryren ibilgailua Marteko arroken eta lurraren laginak jasotzen ari da. «Perseverance-ren ibilbidea diseinatu dugu lagin zientifiko interesgarriak dituzten eremuetara joan dadin», adierazi du Nicola Foxek, NASAren Washingtongo egoitzako Misio Zientifikoen Zuzendaritzako kideak. «Neretva Vallis ibaiaren arroan egiten ari den bidaiak bere fruituak eman ditu; izan ere, inoiz ikusi gabeko zerbait aurkitu du, gure zientzialariei ikerketa sakona egiteko balioko dien zerbait».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.