Badira hamar urte Ayotzinapako Eskola Normalistako 43 ikasle desagerrarazi zituztela. 2014ko irailaren 26an, Igualako (Guerrero, Mexiko) poliziek, polizia federalek, militarrek eta Guerreros Unidos narkotrafikatzaileen taldeak, besteak beste, ikasleen aurka egin zuten, bahitu eta hil. Hori frogatzen duen dokumentazioa bildu dute hainbat ikertzaile taldek azken hamarkadan. Hamar urte igaro diren arren, oraindik ez da erabat argitu zein taldek izan zuen pisu gehien gazteak desagerrarazten, ezta zergatik egin zieten tiro ikasleek hartu zituzten bost autobusei ere.
Halere, argi dago, eta hala adierazi du Mexikoko Gobernuak, Ayotzinapako gazteen aurkakoa estatu krimen bat izan zela. Krimen bat zeinak Mexikoko herritarrei azalarazi dien zein harreman estua dagoen estatuaren eta narkoen artean. Hala uste du, behintzat, John Gibler kazetariak: «Ayotzinapako auzia estatuaren barrenak agerian utzi dituen arrakala da. Mahai gainean jarri du estatuaren eta antolatutako krimenaren arteko uztartzea». 2014tik Ayotzinapako desagertuen kasua ikertu du, eta, besteak beste, Fue el Estado. Los ataques contra los estudiantes de Ayotzinapa (Una historia oral de la infamia) —Estatua izan zen. Ayotzinapako ikasleen aurkako erasoak (Zitalkeriaren ahozko historia bat)— liburua kaleratu du.
Hamaika izan dira ikasleekin gertatu zena azaltzeko Poliziak plazaratutako hipotesiak. Aurreneko hipotesian —Enrique Peña Nieto garai hartako presidenteak (2012-2018) hauspotu zuen gehien—, Igualako alkatearen emazteak antolatutako festa bati boikot egitera joan ziren ikasleak. Ayotzinapakoek jakin gabe, alkateak narkoekin harremana zuen, eta, mendeku gisa, ikasleak desagerraraztea eskatu zien narkoei. Hipotesi hura, ordea, azkar gezurtatu zuten. Beste hipotesi batean diote Guerreros Unidos taldekoek —Giblerrek bideodei bidez adierazi duenez, «frogaturik dago gertakizunean parte hartu zutela»— ikasleak beste talde bateko kideak zirela uste zutelako egin zuten haien aurka. Hura ere gezurtatu dute: «Operatiboa kontrolatzen zutenek momentu oro zekiten gazte horiek ikasleak zirela».
«Operatiboa kontrolatzen zutenek momentu oro zekiten gazte horiek ikasleak zirela»
JOHN GIBLERKazetaria
Giblerrren iritziz, hipotesi horiek guztiak «ikerketa desbideratzeko xedearekin» jarri zituzten mahai gainean. «Gobernuak hamar urte daramatza gezurretan». Baina arrakala, behin irekita, ezin da itxi.
Saiatu, ordea, saiatu dira. «Familiak eta ikertzaileak egia jakitear egon direnean, eta lortu zutenean zenbait langile publiko narkoekin harremanetan jartzea, dena eten zuen», leporatu dio kazetariak Mexikoko presidente Andres Manuel Lopez Obradorri —aurten bukatuko da haren legegintzaldia, eta haren ostean alderdi bereko Claudia Sheinbaumek hartuko du kargua—. Izan ere, hamar urte hauetan estatuak hainbat hipotesi plazaratu dituen bitartean, paraleloki aritu dira zenbait ikertzaile talde dokumentazioa biltzen. Giblerrek azpimarratu du dokumentazio horrek frogatzen duela «estatuko segurtasun indarretako kideen parte hartze zuzena, argia eta erabatekoa».
Hiru ikerketa
Dokumentazio hori guztia bildu eta egiaren bila ari direnetako bat IGIE Aditu Independenteen Diziplinarteko Taldea izan da —desagertutakoen familiek beti egin dute talde horren alde, eta gobernuari eskatu izan diote taldearekin elkarlanean aritzeko—. Lanerako zailtasunak izan dituen arren, —herrialdean aritzea galarazi zieten taldeko partaideei, baina Lopez Obradorrek itzultzeko baimena eman zien 2020an—, talde horrek sei txosten argitaratu ditu azken hamar urteotan bildutakoa plazaratzeko. Horietan, argi azaltzen dute poliziek zeregin garrantzitsua izan zutela gertaturikoan: frogen artean daude, besteak beste, poliziek dokumentazioa moldatu zutela, eta egun batzuk geroago erabili egin zituztela gazteen sakelako telefonoak.
IGIEk eginikoaz gain, beste bi ikerketa lerro egon dira Mexikon, Lopez Obradorren agintaldian sortuak. Alde batetik, 2018ko abenduan presidenteak Gobernuaren Egiaren Batzordea eratu zuen. Lau urte geroago, 2022ko abenduan, batzordeak ondorioztatu zuen gazteen desagerpena «estatu krimena» izan zela, eta bertan Mexikoko Gobernuko hiru mailek —federala, lokala eta munizipala—, baita armadak ere, parte hartu zutela antolatutako krimenarekin elkarlanean. Beste alde batetik, 2019an, fiskaltza berezi bat sortu zuten auzia bideratzeko.
«Ayotzinapoko auzian, narratiba jakin bat sortzeko erabili zuten tortura»
JOHN GIBLERKazetaria
Ikerketa horietan ondorioztatu zuten poliziek eta militarrek tortura erabili zutela egia estaltzeko eta gertatutakoaren inguruko beste istorio bat sortzeko. Gertatutakoaren ostean Guerreros Unidoseko zenbait kide atxilotu zituzten, eta haiek torturatu zituzten estatuak nahi zuena esateko. Tortura horien bideoak aurkitu zituzten ikertzen ari ziren bitartean.Giblerrek uste du bideo horiek garrantzi «berezia» dutela. Haiei esker jakin zen Ayotzinapoko auzian narratiba jakin bat sortzeko erabili zutela tortura.
Ez da ezustekoa izan ikerketek nolabaiteko hauspotzea izatea Lopez Obradorrekin. Izan ere, presidentetzarako lehian ari zenean, bere egin zuen Ayotzinapako desagertuen auzia: «Ayotzinapakoen aldeko konpromisoa ikur gisa erabili zuen, adierazteko herrialdeko giza eskubideen aurkako beste tragedia guztien aurka ere badagoela». Hauspotze horri esker, ikerketek aurrera jarraitu dute, eta, gaur egun gehien zabaldu den hipotesiaren arabera, ikasleek hartu zuten bost autobusetako bat narkoena zen —Mexikoko estatu indarrak narkotrafikoan «bete-betean» sartuta daudela dio Giblerrek—, eta heroina kargamentu bat omen zegoen han. Kazetariak azaldu duenez, bosgarren autobus hori bazela bost urtez «estali» du estatuak
Armada ezkutatu
Gobernuak egindako urrats horiek, baina, «ezerezean» gelditu direla dio Giblerrek: «Uko egin diote auzia konpontzeko konpromisoari, erabat traizio egin diote konpromiso horri». Kazetariak uste du Mexikoko presidenteak «bizitzarekiko eta haren hitzarekiko mespretxua» adierazi duela. Giblerrek nabarmendu duenez, bahiketan militarrek parte hartu zutela, edo, gutxienez, horren berri zutela frogatzen duten dokumentuak agertzeak eragin du Lopez Obradorrek atzera egitea. Gobernuak familiei eta ikertzaile independenteei trabak jarri dizkie «dokumentu guztiak» izan ez ditzaten. «Gobernuak zenbait dokumenturen existentzia ezeztatzen du, zenbaturik dauden arren. Armada babestu eta haren parte hartzea ezkutatzeko egiten du hori».
Hortaz, Mexikoko Gobernuak 2014tik izan duen jarrera bera mantentzen du: «Estatuak, oso-osorik, gezurretan jarraitzen du, eta estatu egiturek elkar babesten dute». Horiek horrela, Giblerrek ez du uste Sheinbaumen agintaldian gauzak asko aldatuko direnik: «Lopez Obradorren administrazioaren ezaugarri nagusietako bat herrialdearen militarizazioa izan da, eta armadari eman dioten boterea ez diote kenduko». Are gehiago, Giblerrek ez du uste beste «ikerketa seriorik» egongo denik gobernuaren aldetik.