Narges Mohammadi 2023ko Bakearen Nobel sariduna aske utzi dute gaur, osasun arrazoiengatik. Hori jakinarazi du giza eskubideen aldeko ekintzaile irandarraren abokatuak, X sare sozialean idatzitako mezu batean. Horren arabera, Teherango Fiskaltzak hiru asterako askatu du, mediku forentsearen iritzia kontuan hartu ondoren. Iranen emakumeek pairatzen duten zapalkuntzaren kontrako aktibista horrek 52 urte ditu, eta 25 baino gehiago igaro ditu espetxean. Orain ere kartzelan zegoen.
Haren abokatu Me Mostafa Nilik argitu duenez, duela 21 egun ebakuntza bat egin zioten, eta tumore bat kendu zioten. «Bere egoera fisikoagatik utzi dute aske. Kendu dioten tumorea onbera zen, baina [Mohammadi] hiru hilean behin aztertu behar dute». Azken 30 urteotan sei aldiz zigortu dute ekintzaile irandarra; azken aldiz ekainean, estatuaren kontrako propaganda egotzita.
Mohammadik ezin izan zuen Nobelaren saria jaso, kartzelatuta zegoelako. Haren seme-alaba bikiek jaso zuten saria iazko abenduaren 10ean, eta ekitaldian Mohammadiren gutun bat irakurri zuten. Bertan, azpimarratu zuen Irango emakumeek pairatzen duten askatasun eta berdintasun gabeziak bultzatzen duela bizirik segitzera. Esan zuen, gainera, Nobel saria berari ematearen ondorioz «irandarrak demokraziarengatik, askatasunarengatik eta bakearengatik mobilizatuko» zirela.
Arrazoi humanitarioak aipatuta, haren ingurukoek maiz eskatzen dute aske utz dezatela. Izan duen «jarrera ausarta» goratu zuen sariaren epaimahaiak. Bere aktibismo jardunean, emakumezkoen eskubideen defentsan lan egiten duten zenbait elkarte sortu ditu. Era berean, salatu du bere herrialdeko kartzeletan zer-nolako abusuak jasaten dituzten andrazkoek, eta, horretarako, liburuak eta artikuluak idatzi izan ditu, batik bat.