Nahaspila handitu du Macronen gutunak

NATOren goi bilerara joan aitzin Macronek prentsan atera gutunak ihardukitze franko eragin ditu. Ezkerrak bozen emaitzak «ukatzea» leporatu dio. Eskuinean eta zentroan orotarik bada: gobernu zabal baten aldekoak eta itxoitearen aldekoak.

USA NATO SUMMIT
Emmanuel Macron, atzo, Washingtonen, Petr Pavel Txekiako lehendakariarekin. MICHAEL REYNOLDS/EFE
Iñaki Etxeleku.
2024ko uztailaren 11
12:30
Entzun

Asteazken arte isilik egon zen Emmanuel Macron Frantziako lehendakaria, eta haren «gutunak» ihardukitzeak eragin ditu, ostegun honetan. NFP Fronte Popular Berria ezkerreko koalizioko diputatu batzuek salatu dute Macron «ukazioan» dela Asanblea Nazionaleko hauteskundeen emaitzen inguruan. LR Errepublikanoak eskuinekoen artean denetarik entzun da: batzuek eskuinaren eta zentroaren arteko gobernu osaketa aipu dute, beste batzuek baztertu dute Errepublikanoak horretan sartzea. Macronen alderdiarekin koalizioan da Modem alderdi, eta haren buru Francois Bayrouk uste du Frantziako lehendakariak laster behar lukeela bateratzaile izanen den lehen ministro bat izendatu, alderdiak ados jartzea beha egon gabe. Tarte horretan, Macron bera NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen goi bileran da Washingtonen (AEB).

TF1 telebista pribatuan mintzatu da Bayrou ostegun goizean. Adierazi du Macronek alderdiei «xantza bat» eman nahi izan diela, baina deitoratu egin du «indar politikoen artean nagusi den ikuspegia alderdikeria izatea». Ez du uste ados jarriko direnik alderdi arteko gobernu bat osatzeko. Ondorioz, Bayrouren ustez, Macronek lehen ministro bat izendatu behar du, «nortasun azkarreko pertsona eskarmentudunez» osatu gobernua jarriko duena: gobernu bat zeinetan «bakoitzak daukan sentsibilitatea aurkituko duen». Ez du baztertzen, adibidez, hautetsi ekologista batzuk izatea barnean. Bayrouk, azkenik, iradoki du lehen ministro hori izateko prest litzatekeela.

Eric Dupont-Moretti jarduneko justizia ministroa RTL irratian mintzatu da. Macronen gutunaren haritik, uste du hauteskundeetatik ez dela «irabazlerik atera». Haren arabera, «komunistez, sozialistez, ekologistez, zentroko blokeko eta eskuin klasikoko» jendez osatu gehiengo bat lortu behar da. LFI Frantzia Intsumisoa baztertzea ezinbestekotzat dauka.

Errealitatearen ukazioa

Mathilde Panotek, aitzineko kargualdian diputatu intsumisoen taldeko buruak, Macronen gutunak «bozken emaitzak ukatzen» dituela salatu du. «Errepublikako lehendakariak eta Macroniak botere gisa horretan beretzeak kezkatzen nau», adierazi du Panotek. Haren ustez, «bistakoa» da «indar kolpe demokratiko bat» dela, «lehendakariaren indar kolpe bat».

Eleak oihartzun egin dio Gerard Larcher Senatuko buru errepublikanoak erabili erranmolde berari. Hauteskundeetan lehen atera den Fronte Popular Berrikoa balitz lehen ministro Matignonen, Larcherrek igandean adierazi zuen «indar kolpe demokratikoa» litzatekeela. Errefusatzen du halakorik gertatzea. Bizkitartean, Larcher kexu da Macronek Asanblea Nazionala desegiteko hartu erabakiarekin. «Desegite hori sekulako gastatzea da herrialdearentzat. Ezin da Frantziarekin jolastu», adierazi dio Macroni. Eskuin-zentro-ezker parte baten arteko gobernu posible bat ez du begi onez ikusten senatari eskuindarrak. Aste honetan Asanblean Eskuin errepublikanoa deitu duten taldeak —Eric Ciotti Errepublikanoen buruak Batasun Nazionalarekin bat egitearen kontrakoak—jarri marra gorriak aipatu ditu. Larcherrek dioenez, ez dira prest koalizio gobernu batean sartzeko. Testuz testu eramandako «legebiltzarreko joan-jina» hobetsiko luke, non Asanbleako taldeek lege adostasunak bilatuko lituzketen; hortik, «politikak eramaten dituen lehen ministroak erran beharko du bere egiten dituenez». Bayrouk ez bezala, Frantziako Senatuko buruak uste du denbora hartu behar dela gobernua izendatzeko.

Iritzi berekoa dauka alderdikide eta Senatuko Errepublikanoen buru den Bruno Retailleau. Parisen egitekoak diren Olinpiar Jokoen (uztailaren 26tik abuztuaren 11ra) eta Paralinpiar Jokoen (abuztuaren 28tik irailaren 8ra) ondoren, irailean, izendatzea ongi ikus lezake. Ezkerreko jenderik ez du ikusi nahi, haatik, gobernu horretan, non ez diren alderdi sozialistako Bernard Caseneuve edo Manuel Valls ministro ohiak bezalakoak. Bi horiek, hain zuzen, Fronte Popular Berriaren kontra agertu ziren, bortizki. Halere, deitoratu du Macronen gutunean «bere burua dudan ezartzerik» ez izana.

Sindikatuen ahotsa

Sophie Binet CGT langile sindikatuko idazkari nagusia Frantziako LCI telebistan mintzatu da gaur. Macroni «ukaziotik atera dadila» eskatu dio. «Arranguratua naiz ezen uste dut Emmanuel Macronek ez duela oraino ulertua Errepublikako lehendakaria dela, Errepublikako lehendakari garenean instituzioen bermatzaile izan behar dugulako». 1789ko Franziako Iraultzako momentu bati erreferentzia egin dio Binetek Macronen hertsadura irudikatzeko: «Iduri luke Luis XVI. Versaillesen gakoturik daukagula».

CGTko buruaren arabera, Macronek Fronte Popular Berriak hautatu lehen ministroa izendatu behar luke, eta «Asanblea lan egiten utzi gehiengoak osa ditzan». Hori egin ezean, abisua eman dio Macroni: «Bozken emaitzak ez baditu errespetatzen, berriz ere herrialdea nahaspila handietan ezarriko du». Binetek dio gobernu berriaren lehentasunak erretreten erreforma kentzea, lansarien emendatzea eta zerbitzu publikoen diruztatzea izan behar lukeela. Oroitarazi du, bestalde, CGTko tren gidariek mobilizaziora deitu dutela uztailaren 18ko, elkarretaratzeak egiteko Asanblea Nazionaletik hurbil, Parisen. Ez da ahantzi behar abisu horrek balio lukeela laster hastekoak diren Olinpiar Jokoen garaiarentzat.

CFDT sindikatuko buru Marylise Leon France Inter irratian elkarrizketatu dute. Damugarritzat dauka Macronen gutuna «ez baitzaie frantsesei zinez mintzo». Langileek erosahalmen handiagoa eta lan baldintza hobeak ukaiteko egin dituzten galdeei ez diela erantzuten uste du. Leonek uste du, halaber, «lehen atera den blokeak», ezkerrekoak, gobernua osatzea dela «legitimoa» eta «haren programatik abia dadin».

Azkenik, Sandrine Rousseau diputatu ekologistak penagarritzat dauka Fronte Popular Berriak «aise denbora gehiegi ematen duelako lehen ministro bat proposatzeko». Galdera egin du: «Hor ote gaude oldar berri bat emateko, ala bat bestearen aurretik nor izanen den jakiteko?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.