Japonia. Lurrikara

Nahasmena ordu kritikoetan

Hildakoen zerrenda ofiziala uneoro ari da puzten, eta erreskate taldeen lana da orain lehentasuna bizirik daudenak ateratzeko; 10.000 hildako baino gehiago egon daitezkeela uste dute.

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Denbora kontra dauka Japoniak, desagertuak bizirik aurkitzeko orduak kontatuak. Hango erreskate taldeak nazioartekoen laguntzaz gau eta egun zeregin horretan ari dira, baina dagoeneko nabaritzen hasiak dira zein diren joan den ostiralean tsunamia eragin zuen lurrikararen benetako ondorioak. 1.897 zen atzo hildakoen inguruan eman zuten azken kopuru ofiziala, eta 3.002 desagertuena. Izen-abizenekin tarteka ematen duten baieztatutakoen heriotzen zerrenda, ordea, ehunka lagunekin puztuz doa partea zabaltzen duten aldiro, errealitatea askoz gordinagoa dela dakitenen atsekabearekin zabaldu ere, 10.000 baino askoz gehiago izan daitezkeela baitiote iturri ez ofizialek.

Miyagiko kostaldean 2.000 gorpuren berri eman zuten atzo; mila inguru Ojikako hondartza batean aurkitu dituzte, eta beste horrenbeste Minamisanrikun. Hiri horretako herritarren erdiak baino gehiago desagerturik daude—9.500 pertsona—, baina litekeena da horietako askokalde egin izana babes bila. Otsuchi kostaldeko herriko 8.000 biztanleen berririk ere ez dago, eta oraindik zerrendetan jasota ez dauden gorpuak pilatzen dira itsasoan eta hondakinen artean.

Lurrazala miatzen eta lurra irentsi zuen olatuak utzitako hondamendiaren artean 100.000 baino pertsona gehiago dauden lanean, militar, suhiltzaile, mediku eta boluntarioen artean, eta kanpotik iritsitako laguntza berezia ere ezinbestekoa izaten ari da bizirik daudenak ateratzeko eta gorpuak lehenbailehen topatzeko gaixotasunik eragin ez dezaten.Txina eta Errusia Japoniarekin auzitan diren herrialdeetakoburuzagiek ere giza laguntza eta ekonomikoa eskaini dute.

Lagunen eta bizilagunen bila dabiltzan profesionalen eta herritarren mugimendua geldiarazten dute tarteka erreplika sendoek, eta izua agertzen da berriro. Dardara hasten denean, lehenbizi nork bere burua arriskuan dagoen begiratu behar du, eta ondoren senideena, eta minutu batzuetara nola dauden bizilagunak. Umetatik erakusten diete modu horretara erantzuten lurrikaretan, eta bete egiten dute.

Horrelako egoerek sortzen duten beldurrari buruz ez dago protokolorik ordea, baina testuinguru latzenean egonda ere, harrigarria da herritarrak izaten ari diren jarrera pausatua eta elkartasuna. Ez dago arpilatzerik zer edo zer eramateko aukera dagoen lekuetan, eta elikagaiak eta ura banatzen dituzten puntuetan orduak egiten dituzte zain, inori kontuak eskatu gabe. Eta haien jarrerak baieztatzen du agintariak esaten ari direna: ordezkari politiko, sozial eta ekonomikoak sarraskia herritarren batasunari esker gaindituko dela diote.

Egunik gogorrenak

Baina batasuna ez da dena, batez ere ezjakintasuna eta nora eza jasaten ari direnentzat, gertukoen berri ez dakitenentzat. Beti bezala, haurrak dira egoera horietan ahulenak, eta gobernuz kanpoko erakundeak esaten ari dira 70.000 ume desplazatu daudela, etxea galdu eta haien inguruarekin zerikusirik ez duten giroetan, urduri, horietako asko gurasoengandik urrun, seismoak, tsunamiak edota alerta nuklearrak banatu dituztelako.

Atzokoa astelehen atipikoa izan da japoniar gehienentzat, lanegun ez ohikoa, besteak beste, Tokion igogailurik ez dabilen etxe orratzeko langilearentzat edo lan gehiago eginez greba egitera ohitua dagoenarentzat, fabrikak ixtea erabaki dutelako denbora zehazgabe baterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.