Azken urtean ugaritu egin dira gerra krimenak Myanmarren, eta «gero eta nabarmenagoak» dira. Hala ondorioztatu du IIMM Myanmarrerako Ikerketa Mekanismo Independenteak atzo argitaratutako azken txostenean. Iazko uztaila eta aurtengo ekaina bitarteko tartea ikertu du NBE Nazio Batuen Erakundearen barne lan egiten duen taldeak, eta, dokumentuaren arabera, junta militarrak «zibilak eta preso hartutako milizianoak» hil ditu, baita sexu indarkeria eta torturak baliatu ere «oposizioa makurtzeko».
«Zibilen heriotza oro da zorigaiztokoa Myanmarren, baina bereziki ankerra da bonbardaketek eta herrietan eragindako suteek komunitateetan eragindako hondamena», salatu zuen IIMMko buru Nicholas Koumjianek. Ikerketa lanaren helburua da frogak biltzea —Nazioarteko Justizia Auzitegiarekin eta Nazioarteko Zigor Auzitegiarekin elkarlanean ari da erakundea—.
Txostenean aipatzen diren krimenetako bat da urte hasieran Sagaing herrian egindako bonbardaketa. Ordu hartan 155 pertsona hil zituzten. Junta militarrak «zuritu» egin ditu eraso horietako asko, «terrorismoaren aurka» ari dela argudiatuta. Ikertzaileen arabera, ordea, eskolak eta santutegiak izan dira eraso horietako askoren helburu, gune militarrekin batera. «Militarrek jakin behar zuketen edo bazekiten zibilak zeudela gune militar horietan edo inguruetan».
Nazioarteko legediaren arabera, agintarien eginbeharra da euren agindupean daudenek gerra krimenak egitea eragoztea, edota horiek zigortzea; hori egin ezean, eurak bilakatuko lirateke krimen horien erantzule. «Krimen horiei entzungor egiteak iradokitzen du junta militarrak jakin bazekiela zer gertatzen ari zen», ondorioztatu dute dokumentuan.
Orotara, zazpiehun iturriren bitartez jaso du informazioa ikerketa taldeak, tartean berrehundik gora lekuko. Horrez gain, hainbat argazki, bideo eta dokumentu ere bildu dituzte, krimenen erantzuleen aurkako epaiketa batean baliatu ahalko liratekeenak —orain arte, ikertzaileek ez dute izan herrialdera sartzeko aukerarik—. Dokumentu horietako askok jasotzen dute rohingya etniako kideen aurkako sexu indarkeria. «Krimen horietan orain arte ikusi gabeko ankerkeria baliatzen dute, biktimari ahalik eta oinazerik handiena eragiteko asmoz», salatu du Koumjianek.
Borroka gogorrak
Duela bi urteko estatu kolpeaz geroztik, ugaritu egin dira junta militarraren aurka armak hartzea erabaki duten zibilak, eta, horiekin batera, baita oposizioko milizien eta armadaren arteko borrokak ere. Hala, Batasun Nazionaleko Gobernuak zabaldu duenez, urtearen hasieratik 3.000 soldadu baino gehiago hil dituzte Herriaren Defentsarako Indarrek eta haien aliatuek.
Azken egunetan, Sagaing herriaren inguruetan izan dira liskarrak, hiriburuaren iparraldera. Erbestean den gobernuaren esanetan, milaka zibilek ihes egin behar izan dute inguruetatik, junta militarren bonbardaketen beldur.
2021ean NLD Demokraziarako Liga Nazionala alderdiak irabazi zituen hauteskundeak —parlamentuko 476 eserlekuetatik 396 eskuratu zituen NLDk, eta 33 militarren aldeko Batasuna, Elkartasuna eta Garapena alderdiak—. Hasieran, armadak ontzat eman zituen emaitzak, baina, gobernuko kideek kargua hartu behar zuten egun berean, otsailaren 1ean, militarrek estatu kolpea eman zuten, argudiatuta «iruzurra» izan zela bozetan.
Myanmarren ugaritu egin dira gerra krimenak iazko uztailetik
NBEren azken ikerketak zibilen hilketak eta preso hartutako milizianoenak jasotzen ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu