Myanmarren 300.000 lagun inguru manifestatu dira Gobernuaren aurka

Monje budistek protestak egiten jarraitzen badute militarrek erantzun egingo dutela mehatxatu dute

2007ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Monje budistek iragan egunetan egindako protesten artean handiena izan zen atzokoa, milaka herritar eta ekintzaile politikok sostengatu zutena. Junta Militarrari --1988tik agintean dago-- bizi baldintza hobeak eta baketze nazionala eskatuz 300.000 lagun inguru bildu ziren hainbat hiritan. Politikaren baitako aldaketak egiteko eta militarrei agintea uzteko dei egin zioten. Gobernu militarraren aurka erakustaldi baketsua egitera ateratako monje budistei, ordea, mehatxu egin die Junta Militarrak, elkarretaratzeak budismoaren arauen aurka doazela eta bakeari kalte egiten diotela argudiatuz. Mehatxuak beteko dituen beldur da orain nazioartea, Myanmargo Junta Militarraren aurka egiten den manifestazioa historikotzat jotzen duen bitartean.

Protesta jendetsuena Ragun hiriburuan egin dute: 100.000 monje eta herritarrek erdialdeko kaleak hartu dituzte. Mandalay eta Pakokku hirietan ere antzeko manifestari kopurua zenbatu dute. Guztietan irudi bera errepikatu da: milaka monje eta herritar bat eginda. Hain zuzen, erdialdeko eskualdean dagoen Pakokkun hasi ziren Junta Militarraren aurkako lehen protestak hil honen hasieran. Orduan, militarrek hainbat monje jipoitu izana salatu eta Gobernuak barkamena eskatzen ez zien bitartean Myanmargo kaleak hartuko zituztela esan zuten. Orain, ordea, Gobernuari barkamena baino gehiago eskatzen diote, eta Junta Militarraren aurkako mugimendu osatzen hasi dira.

Aipatu hiriez gain, Sittwe, Masoeyein, Mya Taung, Bago, Monywa eta beste dozenaka herritan ere ehunka pertsona bildu dira, monjeen aldarrikapenekin bat eginez.

Monjeek oin hutsik, gainean tunika gorriak dituztela eta otoitzean ilara luzeak marraztu dituzte azken egunetan. Ontasunaren gainean metha sutha salmoa kantatuz eta eskerako katilua buruz behera jarrita protesta egin dute. Atzo, kilometrotako ilarak inguratzen, milaka herritar gehiago izan ziren. Gehienak Aung San Suu Kyi Nobel Sariduna buru duen LN Demokraziaren aldeko Liga Nazionaleko kideak ziren. Suu Kyik 1990ean gehiengo handiz bozak irabazi zituen Myanmarren, baina militarrek ez zioten zegokion kargua hartzen utzi. Azken urteetan etxe atxiloan izan dute.



PROTESTEI ERANTZUTEKO PREST. Protestek jarraitzen badute Myanmargo Junta Militarrak erantzun egingo duela mehatxatu du. Thura Myint Maung Erlijio ministroak, budismoaren gaineko araudia ez hausteko eskatu die monjeei, eta protestak bakearen aurkakotzat jo ditu. Monjeak kalera egin zutenetik, isilik egon da Gobernua. Aurrerantzean jarrera aldatuko duela dirudi, ordea.

Thura Myint budismoaren hierarkiako kideekin elkartu zen atzo Kaba Aye pagodan (Rangun). Shanga edo hierarkia budistari protestekin amaitzeko eskatu zion ministroak, bestela, neurri bortitzak hartu beharko dituela mehatxatuz. Thura Myintek adierazpen horiek egin baino lehenago, Shangak beren monasterioetara itzultzeko eskatu zien monje manifestariei. Hierarkiari men egin beharrean, milaka budistek Myanmargo kaleak hartu zituzten zazpigarren egunez.



NAZIOARTEA BELDUR. Erresuma Batuak Junta Militarrari kritika egin dio eta herrialdeak bizi duen krisiaren haritik bere kezka azaldu du. «Myanmargo erregimenak herritarrak nola jazartzen dituen deitoratzen dugu», azaldu du Gordon Brown lehen ministroaren bozeramaileak. «Oso arduratuta gaude segurtasun indarrek manifestari baketsuen kontra hartutako biolentziazko neurriekin». Ez da Brownek Than Shwe buru duen Junta Militarra kritikatzen duen lehen aldia. Halaber, preso politikoak, Suu Kyi barne, askatzeko eskatu du beste behin.

Condolezza Rice AEB Ameriketako Estatu Batuetako idazkari nagusiak Myanmarren bizi duten krisi politikoa gertutik jarraitzen dutela azaldu zuen herenegun. Krisia Junta Militarraren jazarpen «bortitzak» sortu duela uste du , gainera. «Myanmargoek zerbait hobea merezi dute. Beste edonork bezala, askatasunean bizitzea merezi dute».

Bestalde, iragan abuztuaren 16an Gobernuak erregaien prezioa bikoiztea erabaki zuenetik hasitako protesten harira, militarrek 218 kide atxilotu dituztela salatu du Myanmargo Preso Politikoen Elkarteak. Oinarrizko produktuen prezioak ere gora egin duela azaldu du elkarteak. Atxilotuak preso hartu eta Poliziaren eskutan zirela kolpatu egin zituztela, nahiz tortura psikologikoak egin zizkiela azaldu du.

Militarrek 1990ean agintaritza indarrez hartu zuenetik ez dituzte Myanmarren bozak egin. Ordutik oposizioa gogor jazartu dute, eta ehunka lagun atxilotu dituzte.­



ProTesTen KronoLoGIa

Monje budisten protesta baketsuak



2007

Abuztuaren 15a. Myanmargo Junta Militarrak erregaien prezioak bikoiztu zituen. Herritarrek erabakiaren aurkako protestak hasi zituzten. Gobernuak ehunka lagun atxilotu zituen.

Irailaren 5a. Protestetan parte hartu zuten hainbat monje budista jipoitu zituen Poliziak.

Irailaren 17a. Monjeek eskatutakoaren kontra, Junta Militarrak ez zien jipoitutako monjeei barkamena eskatu.

Irailaren 18a. Sittwe herrian 1.000 monje inguru elkartu ziren, Junta Militarrak budistei barkamena eskatu ziezaien.

Irailaren 21a. Manifestazioen hirugarren egunean, bere politikarekin jarraitzen bazuen, Junta Militarraren aurka protesta egiten jarraitzeko asmoa agertu zuten.

Irailaren 22a. Auung San Suu Kyi Demokraziaren Aldeko Liga Nazionaleko buruzagiari bisita egin zioten manifestariek. Aung San Suu Kyi etxe atxilora zigortu zuen 2003an Junta Militarrak.

Irailaren 24a. 300.000 herritar eta monje atera ziren kalera, inoizko manifestazio jendetsuenean .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.