Ordu gutxian nabarmen egin du gora Myanmarren atzo goizean izandako lurrikararen ondorioz hildakoen kopuruak. Junta Militarrak gaur goizean jakinarazi duenez —hark agintzen du herrialdean, 2021ean estatu kolpe bat eman ondoren—, 1.600 pertsona baino gehiago hil dira, eta gutxienez 2.376 zauritu daude, eta 30 desagertu. Horiek hala, erreskate zerbitzuek lanean dihardute.
Myanmarren 12:40 zirenean gertatu zen ezbeharra —Euskal Herrian 07:10 zirenean—, atzo. Lurrikara Richter eskalako 7,7 gradukoa izan zen, eta lurrazaletik hamar kilometroko sakoneran izan zuen epizentroa, Mandalay hiritik 17 kilometrora. Lurrikara horren ondoren, intentsitate apalagoko beste lurrikara batzuk ere gertatu ziren, Myanmarren bertan eta Thailandian. Hain justu, hango agintariek emandako azken datuen arabera, Bangkoken gutxienez hamar lagun hil dira lurrikaren ondorioz, eta dozenaka zauritu daude, eta 80 desagertu inguru.
Thailandiako iturri ofizialek adierazi dutenez, desagertuta dauden pertsona horiek guztiak eremu berean daude: lurrikararen dardararen ondorioz jausitako dorre baten hondakinen artean. Ezbeharra gertatu zenean, dorre horren eraikitze lanetan zebiltzan 320 langile inguru; 30 solairuko eraikina zen. «Gure lana ez da jendea bizirik aterako den edo ez asmatzea, jende hori salbatzea baizik. Lanean jarraituko dugu denbora bukatu arte edo informazio berria izan arte. Gure helburua bizirik dagoen jendea aurkitzea da», esan du prentsaurreko batean Bangkokeko gobernadore Chadchart Sittipuntek.
Denbora eta baliabideak beharko dira kalteei aurre egiteko. Myanmarko Junta Militarrak jakinarazi du, gaur kaleratutako ohar baten bidez, hondamendiaren ondorioz «erabat suntsituta» daudela 2.600 eraikin baino gehiago, hala nola etxebizitzak, elizak, tenpluak eta eskolak. Lurrikarak eragindako suntsipenaren adierazle da, hain zuzen, Myanmarko sei lurralde «hondamendi eremu» izendatu dituztela, baita Thailandiako Bangkok ingurua bera ere.
Lurrikara gertatu eta gutxira, zenbait herrialdek eta nazioarteko erakunde batzuek laguntza ekonomikoa eskaini diete Myanmarko eta Thailandiako agintariei; kasurako, Indiak, EB Europako Batasunak eta OME Osasunaren Mundu Erakundeak. Gaur goizaldean, eskua luzatu diete Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpek eta Txinako Xi Jinpingek; are, Txinako Gobernuak jakinarazi du, gaur, 12,7 milioi euroko laguntza bidaliko dutela Myanmarrera. Laguntza horren barne egongo lirateke, besteak beste, kanpadendak, sendagaiak, elikagaiak, edateko ura eta bi erreskate talde.
NBEren ohartarazpena
Atzerriko herrialdeek Myanmarri laguntza ekonomikoa eskaini eta gutxira, horiei ohartarazpena egin die NBE Nazio Batuen Erakundeko Myanmarrerako ordezkari Tom Andrewsek, sare sozialetan idatzitako mezu baten bidez: «Hondamendiak gertatzen direnean, horiei aurre egiteko bidalitako laguntza humanitarioa arma gisa erabiltzen du Junta Militarrak».
2023ko maiatzeko Mocha zikloiarekin pasatutakoa jarri du horren adibide gisa. Zikloi horren ondorioz, 145 pertsona hil ziren, eta iazko azaroan izandako Yagi tifoiaren ondorioz, berriz, 430 lagun baino gehiago. Bi hondamendi horien ondoren, atzerriko zenbait herrialdek eta nazioarteko erakunde batzuek laguntza ekonomikoa eman zioten Myanmarri; Andrewsen arabera, Junta Militarrak jasotako kopuru horren zati «txiki-txiki bat» baino ez zuen bideratu hondamendi horien kalteak konpontzera.
Horiek hala, laguntza zuzenean Junta Militarrari eman ordez, herrialdeko «oposizio demokratikoaren» bitartez bidaltzeko eskatu du NBEko ordezkariak.