Myanmar

Myanmarrek 2.000 preso politikotik gora askatuko ditu

2021eko otsailean estatu kolpea izan zenetik, milaka pertsona atxilotu ditu Myanmarko armadak

Preso talde bat atobusean. NYEIN CHAN NAING, EFE
2023ko maiatzaren 3a
15:40
Entzun

Junta militarreko idazkari Aung Lin Dwek sinatutako adierazpen baten arabera, «arrazoi humanitarioak» direla medio, istiluak bultzatzea egotzita espetxeratutako 2.153 disidente askatuko dituzte, Al-Jazeerak aurreratu duenez. Hiru urterainoko espetxe zigorrak zituzten presoek. Myanmarko juntak onarturiko azken amnistia hau Txinako Atzerri ministro Qin Gangen bisitaren ostean iragarri dute.

Erabakia Vesak jaialdi budista ospatzeko hartu dela iragarri du armadak. Hainbatetan askatu dituzte Myanmarren presoak jai garrantzitsuetan. Joan den hilabetean, adibidez, juntak 3.000 presotik gora askatu zituen urte berriko festaren harira. Orduan, ordea, ez zen baieztatu askatuko zituzten presoen artean preso politikoak egongo zirenik.

Aung San Suu Kyiren gobernuaren aurkako estatu kolpea izan zenetik, militarrek zapaldu egin dute disidentzia oro Myanmarren. Egoera makurrak bultzatuta, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak bertako egoerari buruzko lehen ebazpena onartu zuen joan den abenduan. Bertan, indarkeria eta zibilen eta azpiegituren aurkako erasoak amaitzeko eta preso politiko guztiak askatzeko eskatu zuen.

Urtarrilean, Human Rights Watch (HRW) gobernuz kanpoko erakundeak errepresioa «okertzen» ari zela salatu zuen. GKE horren arabera, militarrek «oposizio oro gogor zapaldu dute, eta zorrotz murriztu dituzte adierazpen askatasuna eta elkartzeko eta biltzeko askatasuna». Myanmarrerako NBEko kontalari Thomas Andrewsek martxoan adierazi zuenez, juntak 3.000 zibil baino gehiago hil ditu estatu kolpetik. 1,3 milioi pertsonak etxea utzi behar izan dute, eta 16.000 preso politiko daude.

Martxoaren 27an, juntako buruzagi Min Aung Hlaingek adierazi zuen erresistentzia «irmotasunez baretuko zuela». Bi aste beranduago, apirilaren 11n, Myanmarko ipar-mendebaldeko Pazigyi herrian (Sagaing erregioa), armada disidentziaren bilkura bati oldartu zitzaion, eta ehun hildako inguru eragin. Ekintza hori juntak bortizki boterea eskuratu zuenetik izandako gogorrenetakoa izan da. NBEk, AEBek eta EB Europako Batasunak gogor gaitzetsi zuten gertatutakoa.

Txina, aliatu

Atzo, Min Aung Hlaing jenerala Txinako Atzerri ministro Quin Gangekin bildu zen. Quinek bi herrialdeen arteko «adiskidetasuna» goraipatu zuen, eta bi nazioen arteko «batasun estrategiko integrala» bultzatzera konprometitu zen. Estatu kolpetik herrialde mugakidea bisitatu duen funtzionario garrantzitsuena da Quin. Myanmarko indar armatuen aliatu indartsua da Pekin, eta ez du estatu kolpea gaitzetsi.

Txinak interes geopolitiko eta ekonomiko estrategikoak ditu Myanmarren. Errusiarekin batera arma hornitzaile garrantzitsua izateaz gain, Pekin bazkide komertzial nagusia da. Milaka milioi dolar inbertitu ditu herrialdeko mehatzeetan, oliobideetan, gasbideetan eta beste azpiegituretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.