Myanmarrek 2.000 preso politiko baino gehiago askatuko ditu

Myanmarko juntak onarturiko azken amnistia Txinako Atzerri ministroaren bisitaren ostean iragarri dute. Agintarien errepresioa salatu du HRWek

Preso talde bat, autobusean, haien senideen aurrean, atzo, Myanmarren. EFE.
2023ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Junta militarreko idazkari Aung Lin Dwek sinatutako adierazpen baten arabera, «arrazoi humanitarioak» direla medio, istiluak bultzatzea egotzita espetxeratutako 2.153 disidente askatuko dituzte, Al-Jazeera hedabideak atzo aurreratu zuenez. Hiru urterainoko espetxe zigorrak zituzten presoek. Myanmarko juntak onarturiko azken amnistia hau Txinako Atzerri ministro Qin Gangen bisitaren ostean iragarri dute.

Erabakia Vesak jaialdi budista ospatzeko hartu dela iragarri du armadak. Hainbatetan askatu dituzte Myanmarren presoak jai garrantzitsuetan. Joan den hilabetean, adibidez, juntak 3.000 presotik gora askatu zituen urte berriko festaren harira. Orduan, ordea, ez zen baieztatu askatuko zituzten presoen artean preso politikoak egongo zirenik.

Aung San Suu Kyiren gobernuaren aurkako estatu kolpea izan zenetik, militarrek zapaldu egin dute disidentzia oro Myanmarren. Egoera makurrak bultzatuta, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak bertako egoerari buruzko lehen ebazpena onartu zuen joan den abenduan. Ebazpenean, indarkeria eta zibilen eta azpiegituren aurkako erasoak amaitzeko eta preso politiko guztiak askatzeko eskatu zuen.

Urtarrilean, Human Rights Watch (HRW) gobernuz kanpoko erakundeak errepresioa «okertzen» ari zela salatu zuen. GKE horren arabera, militarrek «oposizio oro gogor zapaldu dute, eta adierazpen, elkartze eta biltzeko askatasunak zorrotz murriztu dituzte». Armadak indarrez erantzun dio oposizioari; hain justu, Preso Politikoen Laguntzarako Elkartearen (AAPP) arabera, juntak 3.452 zibil hil ditu estatu kolpetik, eta 20.000 disidente baino gehiago atxilotu dituzte; horietatik 17.897 preso daude; tartean, Aung San Suu Kyi. Horrez gain, 1,3 milioi pertsonak etxea utzi behar izan dute. Juntak, berriz, esan izan du herrialdea suntsitzea asmo duten «terroristen» aurka borrokatzen ari dela.

Martxoaren 27an, juntako buruzagi Min Aung Hlaingek adierazi zuen erresistentzia «irmotasunez baretuko» zuela. Bi aste geroago, apirilaren 11n, Myanmarko ipar-mendebaldeko Pazigyi herrian (Sagaing erregioa), armada disidentziaren bilkura bati oldartu zitzaion, eta ehun hildako inguru eragin. Ekintza hori juntak bortizki boterea eskuratu zuenetik izandako gogorrenetakoa izan da. NBEk, AEBek eta Europako Batasunak gogor gaitzetsi zuten gertatutakoa.

Txina, aliatu

Herenegun, Min Aung Hlaing jenerala Txinako Atzerri ministro Qin Gangekin bildu zen. Qinek bi herrialdeen arteko «adiskidetasuna» goraipatu zuen, eta bi nazioen arteko «batasun estrategiko integrala» bultzatzera konprometitu zen. Estatu kolpetik herrialde mugakidea bisitatu duen funtzionario garrantzitsuena da Qin. Myanmarko indar armatuen aliatu indartsua da Pekin, eta ez du estatu kolpea gaitzetsi.

Txinak interes geopolitiko eta ekonomiko estrategikoak ditu Myanmarren. Errusiarekin batera arma hornitzaile garrantzitsua izateaz gain, Pekin bazkide komertzial nagusia da. Milaka milioi dolar inbertitu ditu herrialdeko meatzeetan, oliobideetan, gasbideetan eta beste azpiegituretan. Eta, alderantziz, Pekinek laukoiztu egin ditu Naypyidawdik egindako inportazioak estatu kolpeaz geroztik, Munduko Bankuaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.