Myanmarko junta militarrak espetxe zigorra murriztu zion atzo Aung San Suu Kyi herrialdeko Estatu kontseilari ohiari. Agintari ohia atxilo dago 2021eko otsailetik, militarrek estatu kolpea eman eta berak gidatzen zuen gobernua boteretik kanporatu zutenetik. Azken bi urte eta erdian, hainbat delitu egotzi dizkiote. Besteak beste, ustelkeriarekin, hauteskunde iruzurrarekin eta COVID-19aren kontrako neurrien urraketekin lotutakoak. Orotara, 33 urteko espetxe zigorra ezarri diote. Orain, hemeretzi kondenetako bost barkatu dizkiote, baina, hala ere, 27 urteko kartzelaldiari aurre egin beharko dio.
Juntak zigorra arinduko dio Myanmarko presidente ohi Win Myinti ere —Aung San Suu Kyirekin batera atxilotu zuten—. Hari bi auzi barkatuko dizkiote, eta lau urte gutxituko zaio kartzela zigorra: zortzi urtekoa izango da.
Militarrek iragarritako neurria 7.000 presori baino gehiagori eragingo dien amnistia baten parte da; budismoak abuztuan hasten duen erretiro espiritualaren atarian iragarri zuten.
NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak Myanmarko junta militarrari eskatu zion Aung San Suu Kyi aske uzteko, eta gauza bera eskatu izan diote giza eskubideen aldeko nazioarteko erakunde batzuek ere—Amnesty Internationalek eta Human Rights Watchek, besteak beste—; izan ere, salatu dutenez, haren atxiloketa arrazoi politikoetan oinarrituta dago.
Buruzagi militarrek estatu kolpea justifikatu zuten esanez Aung San Suu Kyiren alderdiak iruzur egin zuela 2020ko bozetan—gehiengoa lortu zuen parlamentuan—, eta iruzur horren emaitza zela hark gidatzen zuen gobernua. Nazioarteko behatzaileek auzitan jarri zuten akusazio hori.
Estatu kolpeaz geroztik, Aung San Suu Kyi behin bakarrik ikusi ahal izan da jendaurrean, auzitegi bateko atarian hartutako irudietan. Egun, ez dago argi agintari ohia non dagoen. Azken egunetan, espetxetik atera dutela eta etxeko atxiloaldian jarri dutela adierazi dute zenbait hedabidek, iturri gisa «segurtasun agintariak» aipatuta, baina, oraingoz, ez da halakorik baieztatu.
Aurreko junta militarraren agintaldian (1962-2011), Aung San Suu Kyik hamabost urte egin zituen espetxean. Diktadura haren kontra eta demokraziaren alde egindako lanarengatik, Bakearen Nobel saria jaso zuen 1991n.
Bozen eguna, zehaztu gabe
Myanmarren, oposizioak demokrazia bateranzko trantsizioa nahi du, eta hauteskundeetara deitzeko exijitu dio junta militarrari. Azken horrek, baina, oraindik ez du bozetara deitzeko asmorik. Hauteskundeak aurten egiteko aukera urrundu zuten militarrek atzo, larrialdi egoera luzatu baitzuten, laugarrenez.
Estatu kolpea eman eta boterea eskuratu zuenean, juntak konpromisoa hartu zuen hauteskundeak urtebeteko epean egiteko, baina oraindik ez du zehaztu eguna, larrialdi egoera behin eta berriz luzatu baitu, argudiatuta beharrezkoa dela oposizioaren «terrore ekintzei» erantzuteko.
Myanmarko Preso Politikoen Laguntzarako Elkartearen arabera, 19.700 preso politikotik gora daude herrialdean, eta militarrek 3.800 lagun baino gehiago hil dituzte kolpeaz geroztik.
Myanmarko juntak espetxealdia murriztu dio Aung San Suu Kyiri
Buruzagi militarrek bost kondena barkatu dizkiote agintari ohiari. Kartzela zigorra, 33 urtekoa izan beharrean, 27koa izango da orain
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu