Myanmarko junta militarrak espetxe zigorra murriztu dio Aung San Suu Kyi herrialdeko Estatu kontseilari ohiari. Agintari ohia atxilotuta dago 2021eko otsailetik, militarren estatu kolpeak berak gidatzen zuen gobernua boteretik kanporatu zuenetik. Azken bi urte eta erdian, hainbat delitu egotzi dizkiote. Besteak beste, ustelkeriarekin, hauteskunde iruzurrarekin eta COVID-19aren kontrako neurrien urraketekin lotutakoak. Orotara, 33 urteko espetxe zigorra ezarri diote. Orain, hemeretzi kondenetako bost barkatu dizkiote, baina, hala ere, 27 urteko kartzelaldiari egin beharko dio aurre.
Juntak zigorra arinduko dio Aung San Suu Kyirekin batera atxilotu zuten Myanmarko presidente ohi Win Myinti ere. Hari bi auzi barkatuko dizkiote, eta lau urtean gutxituko zaio kartzela zigorra, zortzi urteko espetxealdira.
Militarrek iragarritako neurria 7.000 presori baino gehiagori eragingo dien amnistia baten parte da; budismoak abuztuan hasten duen erretiro espiritualaren atarian iragarri zuten.
NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak Myanmarko junta militarrari eskatu zion Aung San Suu Kyi aske uzteko, eta gauza bera eskatu izan diote giza eskubideen aldeko nazioarteko erakunde batzuek ere —Amnesty Internationalek eta Human Rights Watchek, besteak beste—; izan ere, salatu dutenez, gobernuburu ohiaren atxiloketa arrazoi politikoetan oinarrituta dago.
Buruzagi militarrek estatu kolpea justifikatu zuten esanez Aung San Suu Kyiren alderdiak iruzur egin zuela 2020ko bozetan —gehiengoa lortu zuen parlamentuan—, eta iruzur horren emaitza zela hark gidatzen zuen gobernua. Nazioarteko behatzaileek auzitan jarri zuten akusazio hori.
Estatu kolpeaz geroztik, Aung San Suu Kyi behin bakarrik ikusi ahal izan da jendaurrean, auzitegi bateko atarian hartutako irudietan. Egun, ez dago argi agintari ohia non dagoen. Azken egunetan, espetxetik atera dutela eta etxeko atxiloaldian jarri dutela adierazi dute zenbait hedabidek, «segurtasun agintariak» iturri aipatuta, baina, oraingoz, ez da halakorik baieztatu.
Aurreko junta militarraren agintaldian (1962-2011), hamabost urte egin zituen espetxean Aung San Suu Kyik. Diktadura haren kontra eta demokraziaren alde egindako lanarengatik, Bakearen Nobel saria jaso zuen 1991n.
Bozak, datarik gabe
Myanmarren, oposizioak demokrazia bateranzko trantsizioa eskatzen du, eta hauteskundeak deitzeko exijitzen dio junta militarrari. Azken horrek, baina, ez du oraindik bozetara deitzeko asmorik. Hauteskundeak aurten egiteko aukera urrundu zuten militarrek atzo, larrialdi egoera luzatu zutelako, laugarrenez. Baldintza horietan bozak egitea debekatzen du legeak.
Hauteskundeak urtebeteko epean egiteko konpromisoa hartu zuen juntak, estatu kolpea eman eta boterea eskuratu zuenean, baina bozek ez dute datarik oraindik, larrialdi egoera behin eta berriz luzatu baitu, oposizioaren «terrore ekintzei» erantzuteko beharrezkoa dela argudiatuta. Larrialdi egoera amaitu ostean, sei hilabeteko epea zehazten du legeak hauteskundeak egiteko.
Militarrek gero eta presio handiagoa dute Myanmarko gatazkari irtenbide bat emateko. Kolpea eman zutenetik, ez dute lortu herrialdearen gaineko erabateko kontrola. Borrokak etengabeak izan dira, eta zibilek osatutako Herriaren Defentsarako Indarrek lur eremuak irabazi dizkiote armadari. Bestalde, 2020ko hauteskundeetako bozen ondorioz eratu zen legebiltzarreko parlamentari ohi batzuek Batasun Nazionaleko Gobernua eratu zuten, zeinak bere burua daukan herrialdeko gobernu zilegitzat. Erakunde horrek Herriaren Defentsarako Indarren ekintza armatuak babesten ditu, Aung San Suu Kyik ez bezala. Horregatik, zenbait analistak uste dute agintari ohiaren zigor murrizketa militarren saiakera bat izan daitekeela oposizioa zatitzeko.
Aung San Suu Kyiren zigor murrizketaren ondoren, Batasun Nazionaleko Gobernuko lehen ministro Mahn Win Khaingek ohartarazi du hura espetxetik ateratzeak ez duela borroka armatua etengo. «Gure herrikideen espektatibetan zentratuko gara», adierazi dio Mizzima Myanmarko albiste agerkariari. Haren esanetan, ezin daiteke erregimen demokratiko bat eraiki 2008ko konstituzioaren oinarrietan. «Diktadura militarra ezabatu behar dugu».
Myanmarko Preso Politikoen Laguntzarako Elkartearen arabera, gaur egun, 19.700 preso politikotik gora daude herrialdean, eta 3.800 lagun baino gehiago hil dituzte armadako indarrek, errepresio ekintzetan.