Myanmar

Myanmarko junta militarrak «egiazko demokrazia bat» sustatu nahi du

Herritarrek gerra legeari aurre egin diote, eta manifestazio jendetsuak egin dituzte gobernu berriaren aurka.

Manifestariak, Min Aung Hlaing buru duen junta militarraren kontra protesta egiten. MAUNG LONLAN / EFE
ander perez zala
2021eko otsailaren 9a
17:46
Entzun

Azaroko hauteskundeetan ustez izandako iruzurraren argudiotik tiraka, Myanmarren gobernu aldaketa eragin duen junta militarraren buruzagi Min Aung Hlaingek «egiazko demokrazia bat» sustatzeko asmoa helarazi die herritarrei, horretarako eperik eta horren definizio zehatzik eman ez duen arren.

Jeneralak «desadostasun garrantzitsuak» jarri ditu argudiotzat Aung San Suu Kyi Bakearen Nobel saridun eta Estatu kontseilaria eta Win Myint herrialdeko presidentea euren karguetatik botatzeko, nahiz eta ez dituen Estatu kontseilariaren izen-abizenak behin ere aipatu mutinaren ostera egindako lehen agerraldian. Hori bai, adierazi du bozak antolatu eta horiek irabaziko dituen alderdiari emango diotela boterea; iragan astean, militarrek adierazi zuten urtebetez egongo direla agintean.

Herrialdeko merkataritza legea hautsi izana egotzi zioten Bakearen Nobel saridunari. Iragan asteko astelehenean atxilotu zuten, eta ostera haren etxea miatu zuten; Poliziak dio irrati uhinak atzemateko gailu bat aurkitu zutela, ustez atzerriko herrialde batetik inportatutakoa, eta, beraz, Myanmarrera ilegalki sarturikoa. Gainera, agiriak dio Aung San Suu Kyik ez zuela ez lizentziarik, ez baimenik gailu hori erabiltzeko; baliteke hiru urtera arteko kartzela zigorra izatea delitu horrengatik.

Win Myinen kasuan, hondamendi naturalen kudeaketaren legea bete ez izana leporatu diote. Koronabirusak eragindako pandemiaren testuinguruan hartutako erabaki batengatik hartu diote kargu: hauteskunde kanpainako bidaia batean 220 ibilgailu mugitzea baimendu izana.

Justiziaren ikuspuntutik, juntak akusazio horiekin argudiatu du gobernua boteretik kentzea. Horren ordez, herrialdearen historian ohikoa bilakatu den militarrez osaturiko talde exekutibo bat dago orain agintean; jeneralaren arabera, baina, aurtengoa desberdina da «ministro egokiak» aukeratu dituztelako. Horietako gehienak militarren alderdiko kideak dira, Batasunaren, Elkartasunaren eta Garapenarenekoak.

Indar armatuen presentzia politikan ez da egun batetik besterakoa; izan ere, 2008ko konstituzioaren arabera, militarrek parlamentuko bi ganberetako eserlekuen %25 dituzte gordeak, eta baimena ematen die estatuko «boterea hartzeko larrialdi egoeran». Larrialdi egoera hori zehazki zer den ez dago batere zehaztua, eta interpretazioen menpe geratu da. Gainera, Barne, Muga eta Defentsa ministerioen kontrolari eustea lortu dute testu horri esker, eta aurretik mende erdi izan ziren boterean.

Lehentasunak

Jeneralak jakinarazi duenez, gobernu berriak «lanpostuak sortuko» ditu, fabrikak berriz irekitzea baimenduko du eta koronabirusaren kontrako borroka lehenetsiko du.

Atzerri eta barne politiketan aldaketa nabarmenik ez dela izango gaineratu du, eta horrek iradokitzen du rohingya etniaren kontrako borroka jarraituko dutela. Rohingyak Myanmar hego-mendebaldekoak dira, Rakhine estatukoak, eta, musulmanak izanik, baztertuta daude gehiengo budistaren aurrean; esaterako, 1982an herritartasuna ukatu zitzaien. Orduz geroztik, kanpotartzat jotzen dituzte jaioterrian, eta gehiengo budistak «migratzaile bangladeshtarrak» direla esan ohi du mespretxu osoz.

Izan ere, milioika rohingyak Bangladeshera egin behar izan dute ihes, Myanmarko armadaren erasoetatik ihes egiteko, eta gehienak hego-ekialdeko Cox’s Bazar hirian daude; bizi duten egoeraren erakusle da Nazio Batuen Erakundeak hainbatetan esana duela «munduan gehien jazarritako» etnia dela.

Junta militarrak, ordea, ez du orain arteko bidea aldatzeko asmorik, eta haren lehentasunetan jarriko du arreta datozen hilabeteetan. Min Aung Hlaing jeneralak batasun nazionala du helburu, nahiz eta herritarren parte handi bat gobernu aldaketaren kontra agertu den.

Lehen bi egunetan mobilizazio gutxi izan ziren arren, egunek aurrera egin ahala, geroz eta lagun gehiago atera dira kalera protesta egitera, nahiz eta herenegun juntak gerra-legea ezarri zuen. Aung San Suu Kyiren alderdi NLD Demokraziarako Liga Nazionalaren arabera, Poliziak gutxienez zazpi zibil zauritu zituen balekin, gomazko pilotekin eta ur kanoiekin tiro egitean. Horietako bi larri daude ospitalean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.