Beste zazpi urteko espetxe zigorra ezarri diote Myanmarko Estatu kontseilari kargugabetu eta Bakearen Nobel saridun (1991) Aung San Suu Kyiri. Oraingo honetan, bost ustelkeria kasu egotzi dizkiote; zehazki, lur eremuak legez kanpo alokatzea eta estatuaren funtsekin helikopteroak erostea. Denera, 33 urteko espetxe zigorrari egin behar dio aurre 77 urteko ekintzaileak.
Naypyidawko kartzela batean dago Suu Kyi, 2021eko otsailaren 1ean Myanmarko militarrek estatu kolpea eman zutenetik. Harekin batera, Myanmarko presidente ohia eraman zuten atxilo, Win Mynti (2018-2021), eta hari ere zazpi urteko espetxe zigorra ezarri diote, delitu berak egotzita.
Hain justu, gaurkoa izan da juntak Suu Kyiren aurka ebatzitako azken prozesua. 2021eko abenduan hasi ziren haren kontrako epaiak. Azken urtean, 33 urteko espetxe zigorra ezarri diote guztira, hemeretzi delitu egotzita. Horietatik hamabi, ustezko ustelkeria kasuak dira. Iragan apirilean, esaterako, bost urteko kartzela zigorra ezarri zioten; Yangongo gobernadoreak emandako 565.000 euro eta 11,4 kilo urre onartzea egotzita.
Leporatu dizkioten beste zazpi delituetako batzuk dira «COVID-19aren pandemiaren aurkako legeen kontra» jokatzea, walkie-talkieak «legez kanpo» inportatzea, Sekretu Ofizialen Legea «haustea» eta 2015eko hauteskundeetan «iruzurra» egitea. Junta militarrak hedabideekin hitz egitea debekatu die haren abokatuei.
Beste behin, nazioartean haserrea eragin du Suu Kyiren zigorrak. HRW Human Rights Watchek eta IA International Amnestyk junta militarraren erabakia gaitzetsi dute gaur. Haien arabera, «hutsetik asmatu» dituzte Myanmarko Estatuko kontseilari kargugabetuaren aurkako akusazioak. NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak, berriz, estatu kolpea jo eta gaur arte atxilotutako preso politiko guztiak, Suu Kyi barne, askatzeko eskatu zuen joan den astean.
«Aung San Suu Kyi bizitza osoan kartzelan egotea dute helburu haren aurka ezarritako zigorrek», esan du Phil Robertson Asiako HRWko zuzendariordeak. Haren arabera, «Suu Kyik ez du inoiz bidezko epaiketarik izan».
Borrokaren sinbolo
Myanmarko diktadura militarraren aurkako sinboloa da Suu Kyi. Hain justu, horren aurka borrokatzeagatik eta «kontzientzia demokratikoa pizteko eta giza eskubideak defendatzeko egindako lanagatik» jaso zuen Bakearen Nobel saria, 1991n.
Ikasketak atzerrian egin ondoren, 80ko hamarkadan itzuli zen Myanmarrera. NLD Demokraziarako Liga Nazionala alderdiko kide egin zen, eta 1990eko hauteskundeetan botoen %59 lortu zituen. Baina armadak bozak baliogabetu zituen, eta etxeko atxiloaldia ezarri zioten, 1989 eta 2011ra.
Atxiloalditik irten eta lau urtera, 2015eko bozen ostean, Myanmarko Estatu kontseilari kargua hartu zuen. 2021eko azaroan egin zituzten hauteskundeetan ere, NLDk alde handiz irabazi zuen. Militarrek, ordea, boz horiek baliogabetu zituzten, NLDri «iruzurra» egitea leporatuta. Konstituzioko 417. artikuluan oinarrituta, herrialdeko agintea hartu zuten. Artikulu horrek armadari esku hartzeko baimena ematen dio «Myanmarren batasunaren suntsitzea gerarazteko».
Urtarrilaren 4an 75 urte beteko dira Myanmarrek britainiarren agindupetik independentzia lortu zuenetik. Baina gaur-gaurkoz goibela da hango paisaia soziopolitikoa. Azken urtean gora egin dute erresistentzia talde armatuek eta miliziek, batez ere Myanmar iparraldean. AAPP Preso Politikoen Laguntzarako Elkartearen arabera, militarrek estatu kolpea eman zutenetik, gutxienez 2.682 lagun hil eta 16.600 atxilotu dituzte –horietatik 13.100 preso daude oraindik– manifestazioetan eta protestetan.