Von der Leyenek adierazi du muturren aurka egingo duela

Europako Alderdi Popularraren garaipena aldarrikatu dute, eta sozialistei eta liberalei eskua luzatu legeak egiten jarraitzeko. Sozialistek eta liberalek ere proposamen horri heldu diote.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea botoa ematen, gaur, Burgdorfen (Alemania). CLEMENS BILAN / EFE
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea botoa ematen, gaur, Burgdorfen (Alemania). CLEMENS BILAN / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko ekainaren 9a
22:50
Entzun

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea eta EAP Europako Alderdi Popularraren hautagaia muturren aurka agertu da karguan segituko duen honetan. Eskuin muturrak gora egin du, eta, kontserbadoreek izango duten arren eserleku gehien Bruselan eta Estrasburgon (Frantzia), eragina du jada. Frantzian, adibidez, Emmanuel Macron presidenteak Asanblea desegin du, eta hauteskundeetara deitu ekainaren 30erako. Gauzak horrela, von der Leyenek adierazi du «eskuin zein ezker muturraren aurkako gotorlekua» eraikiko dutela.

Hauteskundeen emaitzak oraindik mahai gainean ez dauden arren, Europako Batzordeko presidenteak garaipena aldarrikatu du Bruselan, EAPren bulegoan. «Europako herritarrek azken bost urteetan izan dugun lidergoa aitortu digute». Alderdiko buru Manfred Weber antzera mintzatu da ekitaldi hartan; garaipena aldarrikatu du, eta S&D Sozialisten eta Demokraten Aliantza Progresistari eta Renew Europe alderdi liberalari eskua luzatu die aliantza bat osatzeko, azken bost urteetan bezala EBko politiken gidaritza izateko. «EBn konfiantza handia sumatu dut», adierazi du Von der Leyenek, eta esan du hori dela-eta «zentroko alderdiek erantzukizun handia» dutela datozen urteei begira.

Kontserbadoreek eskuratu dute boto gehien, baina sozialistak indartsu agertu dira emaitzetan. Are gehiago, Antonio Costa Portugalgo lehen ministro ohiak Europar Kontseiluko presidentea sozialista izango dela adierazi du Correio da Manha telebistan: «Europako Batzordeko presidentetza EAPrena izango dela esango nuke, eta Europar Kontseilukoa sozialistena». Azken egunetan Costaren izenak indarra hartu du kargu horretarako; hala ere, horren inguruan galdetuta ere berak ez du aukera hori baieztatu.

Sozialistek eta popularrek elkarrekin agintzeko aukera geroz eta gertuago dagoela dirudi. Izan ere, sozialistek, liberalek eta alderdi berdeek eskua luzatu diote bueltan EAPri, eskuin muturrarekin akordioak egiten ez baditu. S&Dko presidenteorde Pedro Marquesek esan du europaren aldeko gehiengo demokratikoa osatu dezaketela eta horretarako prest daudela. Renew Europeko buru Valerie Hayer ere europaren aldeko koalizio posible horretaz mintzatu da, ohar bidez: «Erdigune politikotik abiatuta eraiki daiteke soilik Europa indartsuago bat». Liberalek kanpainan zehar aldarrikatu izan dute eskuin muturra marra gorri bat dela. Are gehiago, Herbehereetako alderdi liberala talde parlamentariotik at uztea eztabaidatzen ari dira, Geert Wildersen eskuin muturreko PVV Askatasunaren Aldeko Alderdiarekin batera gobernu koalizio bat sinatzeagatik.

Berdeak-Europako Aliantza librea alderdiko presidente Philippe Lambertsek ere atea ireki dio hiru alderdiekin batera akordioetara heltzeari; betiere EBko Akordio Berdea mantendu eta indartuz gero. Emaitza «txarrak» izan dituztela onartu du Lambertsek —18 eserleku galdu dituzte—, eta «erantzukizunen» garaia heldu dela adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.