Muturreko bero boladak eta suteek gogor jo dute Ipar hemisferioa

Inoizko tenperaturarik beroenak erregistratzen ari dira azken egunotan Europan, Asian eta Ipar Amerikan. Grezian 3.000 hektarea kiskali ditu suak, eta bost herri ebakuatu behar izan dituzte

Suhiltzaile bat, lanean, suteek kiskalitako eremutik gertu, herenegun, Attican (Grezia). YANNIS KOLESIDIS / EFE.
Mikel O. Iribar.
2023ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Berotze globalak eragindako muturreko ondorioak gero eta gehiago nozitzen ari dira munduan azken asteotan, bereziki Ipar hemisferioan; beroak gogor jo ditu Europa, Asia eta Ipar Amerika, inoizko tenperaturarik beroenak erregistratzeraino; Kaliforniako Heriotzaren haraneko basamortuan(AEB), esaterako, 53 gradu zentigradura heldu zen igandean; 52,2 gradu egin zituen Txina ipar-mendebaldeko Sanbao hirian herenegun; eta 48 gradu erregistratu dituzte egunotan Europa hegoaldean. Bero sapa dela eta, osasun agintariek alarmak piztu dituzte, eta ura sarri edateko eta etxean geratzeko deia egin diete herritarrei.

Arduratuta daude Phoenixeko herritarrak ere, AEBetako Arizona estatuko hiri horretan bero handia egitea ohikoa den arren. 45,5 gradu egin zituen astelehenean, baina hemezortzi egun daramatza 40 gradutik gora egiten, inoiz baino gehiago. Hala, erreskateko erakundeak 11 hozte zentro ireki ditu, eta unitate mugikor bat bidali du zentroetara heltzeko zailtasunak dituztenei laguntzeko. Gutxienez 425 pertsona hil ziren iaz Phoenixen, beroagatik.

Antizikloiak aire oso beroa eraman du Afrikatik Europa aldera, eta tenperaturek nabarmen egin dute gora Mediterraneoan. Italian, adibidez, 48 gradu inguruko tenperatura maximoak espero dira datozen egunetan, batez ere Sizilia eta Sardinia uharteetan, eta marka historikoak gaindituko dira herrialdeko zenbait lekutan, ESA Europako Espazio Agentziaren arabera; Erroman, 42 gradura heldu zen atzo. Bero boladak kezka eragin du Alpeetan ere; izan ere, litekeena da itsas mailatik 1.500 metrora maximoak 28 eta 30 gradu artean ibiltzea. Iazko udan, 60.000 bat lagun hil ziren Europan bero olatuaren eraginez.

Muturreko tenperaturek, gainera, handitu egiten dute baso suteak izateko arriskua. Hain zuzen, hiru sute handi itzali nahian dabiltza Grezian, Atenastik 35 kilometro ingurura. Haize bortitzen eraginez, suhiltzaileek zailtasun handiak dituzte sua kontrolatzeko, eta, guztira, 3.000 hektarea kiskali dira, agintarien arabera. Horrez gain, bost herri ebakuatu behar izan dituzte, tartean 1.200 haur zeuden kanpaleku bat.

«Muturreko fenomeno meteorologikoak gero eta ohikoagoak dira gero eta klima beroagoan, eta ondorio handiak izaten ari dira gizakien osasunean, ekosistemetan, ekonomian, nekazaritzan, energian eta ur hornikuntzan», ohartarazi zuen atzo Munduko Meteorologia Erakundeko idazkari nagusi Petteri Taalasek. Horrenbestez, «gero eta premia handiagoa dago berotegi gasen isuriak ahalik eta azkarren eta sakonen murrizteko».

Aurtengo ekaina inoizko beroena izan ondotik —16,51 gradu, batez beste—, uztaileko lehen egunetan munduko batezbestekoen erregistroak daudenetik jasotako tenperaturarik beroenak erregistratu zituzten; hilaren 4an, inoizko tenperaturarik beroena erregistratu zuen NCEP Ameriketako Estatu Batuetako Ingurumen Iragarpenen Agentzia Nazionalak: 17,18 gradu, batez beste. Hilaren 6ko egunak, ordea, marka hori gainditu zuen: 17,23 gradu, AEBetako Maineko Unibertsitateak jasotakoaren arabera. Bide horretan, uztailaren 3tik 9ra bitarteko astea inoizko beroena izan zen tenperaturaren erregistroak daudenetik, eta, itxura guztien arabera, hilabeterik beroena izango da uztaila.

Txinaren eta AEBen bilera

Zientzialariak baieztatzen ari dira gero eta urrunago dagoela munduko tenperatura 1,5 gradu baino gehiago ez igotzeko helburua. Bada, muturreko fenomenoek behartu egin dituzte Txina eta AEBak klima aldaketari buruz hasitako elkarrizketei berriz heltzera. Pekinen batzartu ziren atzo AEBetako Klimarako mandatari John Kerry eta Txinako Atzerri Gaietarako Batzorde Zentralaren zuzendari Wang Yi. Kerryk eskatu zion Wangi, besteak beste, metano isuriak eta ikatzarekin elikatutako energia murrizteko «neurri bateratuak» hartzeko.

Wangek, berriz, nabarmendu zuen «garrantzitsua» dela bi aldeen arteko harremanak «egonkortzea», baita«interferentzia guztiak ezabatzea ere. Bi aldeen arteko tentsioa baretzeko baliatu zuten atzoko bilkura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.