Musulmanen eta kristauen arteko borrokek 450 hildako eragin dituzte Nigerian

Jos herrian egun osoko etxeratze agindua ezarri dute, eta lehengaien eskasia pairatzen hasi dira dagoeneko

2010eko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Tentsio handia dago azken egunotan Plateau estatuko Jos herrian, Nigerian. Erlijioen arteko ezinikusian dute iturburu igandean hasitako borrokek. 450 hildako utzi ditu dagoeneko musulmanen eta kristauen arteko eraso oldeak, Joseko herritarrek eta giza eskubideen aldeko hainbat taldek atzo jakinarazi zutenez. Datuak, ordea, oso bestelakoak dira, Poliziaren arabera; Yemi Ajavik dioenez, hamahiru hildako besterik ez dituzte zenbatu. Gurutze Gorriak, bestalde, 4.000 lagunek euren etxeetatik alde egin behar izan dutela jakinarazi du.

«Hildakoak mezkitara ekartzen dituzte, eta bat-bateko gorputegia bilakatu da». Danjummai Khalidek gorpuak hilobiratzen dihardu azken egunetan. Jamatu Nasril Islam erakunde musulmaneko kidea da. Atzora arte, 138 hildako pilatu dituzte errezatzen duten mezkitan. Balarabe Dawudek, Joseko Mezkita Nagusiko arduradunak, berriz, baieztatu du eraikinean 192 gorpuzkin pilatu dituztela. Plateauko gobernadore Jonah Jangek gatazka gaitzetsi eta errudunak topatzeko ahalegin guztiak egingo dituztela esan du, eta segurtasun indarrek egoera kontrolpean dutela. Ez da harritzekoa, egun osoko etxeratze agindua ezarri baitute herrian. Dagoeneko hasi dira lanean; 168 dira borroketan parte hartzeagatik atxilotutakoak.

Orain, ordea, azken egunetako liskarren ondorioz sortutako lehengai eskasiari aurre egin behar diote herritarrek. Etxeratze aginduak, baita hainbat komertziori eraso izanak ere, egoera tamalgarrian utzi du Jos: «Agintariek zirkulazioa baimendu behar dute, ordu batzuetan gutxienez», dio zaurituak artatzen diharduen Yomi Akindele medikuak.

Gatazkaren iturburua

Anabasaren erdian, istiluak nola hasi ziren ez dago argi. Badirudi 2008an jazo ziren borrokaldietan dutela jatorria; orduko hartan suntsitutako eraikinak berriz altxatzeko desadostasunek eragin dute musulmanak eta kristauak elkarren aurka borrokan hastea. Hala izanik ere, Nigerian oro har dagoen alderdikoikeria dute liskarren iturburu hainbat adituk. 1999tik izaten dira halako egoerak Nigerian, Gobernuak xaria, lege islamiarra, indarrean jarri zuenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.