Hurrengo hilabetean beteko dira hiru urte Egiptoko armadak estatu kolpea eman zuela Mohammed Mursi presidente islamista boteretik kentzeko. Ordutik, espetxean dute Mursi, eta Egiptoko Justiziak zigorrik gogorrenak ezarri dizkio, bata bertzearen gibeletik. Azkena, atzo jaso zuen: Kairoko Zigor Auzitegiak bizi guztiko espetxe zigorra ezarri dio, Qatarren aldeko ustezko espioitza kasu batean harremana izan duelakoan. Mursirekin batera epaitutako bertze sei laguni heriotza zigorra ezarri die.
Qatarri gobernuaren agiri sekretuak igortzea leporatu die auzitegiak. Mursiren abokatuak AFP agentziari erran dionez, Mursiri ez diote leporatu espioitza egitea, baina bizi guztiko espetxe zigorra ezarri diote legez kanpoko erakunde bat zuzendu izana egotzita. Heriotzara zigortutakoen artean daude Ahmed Abdelati Mursiren presidentetza bulegoko arduradun izandakoa, Amin al-Sayarfi presidentearen idazkari ohia eta Qatarko Al-Jazeera kateko bi kazetari.
Epaiketa prozesuari kritika
Biak in absentia zigortu dituzte. «Gehien aztoratu nauena da traizioa leporatu izana, egiazko traizioa ebazpen hauetan dagoenean. Epaiketa oinarrituta dago estatuaren segurtasun agenteetan, eta horiek ez zuten erran nahi izan zeintzuk ziren haien iturriak», salatu du Ibrahim Helal zigortutako kazetariak.
Qatarrek Mursiren eta Anaia Musulmanen agintea babestu zuen, eta Saudi Arabiak, berriz, militarren kolpea. Iaz, heriotza zigor bat eta bizi guztiko bertze espetxe zigor bat jaso zituen Mursik, 2011n kartzelatik ihes egiteagatik eta bertze espioitza akusazio bategatik.
Mursi presidente ohiari bizi guztiko kartzelaldia ezarri diote Egipton
Buruzagi islamistarekin batera epaitutako sei laguni heriotza zigorra ezarri die auzitegi batek, espioitza leporatuta. Lehenagotik ere heriotza zigor bat eta bizi guztiko bertze espetxe zigor bat ditu Mursik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu