Mursi Egiptoko presidente ohia hil da, auzitegian hitza hartu ostean

Gobernuz kanpoko erakundeek salatua zuten Mursiren espetxealdiko baldintzak «eskasak» zirela

Mohammed Mursi Egiptoko presidente ohia, 2015ean, Kairoko kartzela batean zegoela. MOHAMED HOSSAM / EFE.
ander perez zala
2019ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Mohammed Mursi Egiptoko presidente ohia atzo hil zen, Kairoko auzitegi batean, bere kontrako epaiketan hitza hartu ostean. Egiptoko telebista kate publikoak jakinarazitakoaren arabera, bihotzekoak eman zion, eta, ospitale batera eraman zuten arren, han hil zen. Al-ahram egunkariak adierazi zuen epaiketan hitz egiten ari zela zorabiatu zela, eta horren ostean hil zela. Egiptoko presidente ohiak 67 urte zituen, eta espioitza karguak egotzita ari ziren hura epaitzen.

Egipton hauteskundeen bidez hautaturiko lehen presidentea izan zen Mursi; 2011ko Udaberri Arabiarraren ostean, 2012an egin zituzten bozak, eta Anaia Musulmanek sorturiko Askatasuna eta Justizia alderdiarekin aurkeztuta irabazi zituen, bigarren itzulian botoen %51,7 jasota. Urtebete iraun zuen karguan: 2013ko uztailean, armadak boteretik kendu zuen, Abdel Fattah al-Sisi Defentsa ministroaren erabakiaren ondorioz, eta harrez geroztik zegoen preso; Al-Sisi da egungo presidentea, eta Anaia Musulmanak legez kanpoko «talde terroristatzat» dute; Askatasuna eta Justizia alderdia ere ilegalizatuta dago.

Gobernuz kanpoko erakunde talde batek iaz salatu zuen Mursi «gaizki tratatzen» ari zirela kartzelan; Erresuma Batuko abokatu eta parlamentari talde batek ere ohartarazi zuen haren espetxealdiko baldintzak «eskasak» zirela, eta horrek haren «hilketa goiztiarra» eragin zezakeela. Amnesty Internationalek iragan otsailean adierazi zuen hiru bisita besterik ez zituela jaso 2013az geroztik.

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea izan zen atzo mezu bat argitaratu zuen lehennazioarteko agintaria. Turkiako agintaria Anaia Musulmanen aliatua da, eta dolumin mezua baliatu zuen Al-Sisi kritikatzeko: «Alaren errukia opa diot gure martiriari. Doluminak eman nahi dizkiet haren familiari, senideei eta Egiptoko herriari. Al-Sisi krudelak ia 50 egiptoar exekutatu ditu».

Hainbat prozesu juridiko

Kairoko Zigor Auzitegiak bizi guztiko espetxe zigorra ezarri zion 2016an, Qatarren aldeko ustezko espioitza kasu batean zerikusi izan zuelakoan; zehazki, Qatarri Egiptoko Gobernuaren agiri sekretu batzuk bidaltzea leporatu zioten Mursiri. Urte bereko azaroan, baina, Egiptoko Kasazio Gorteak bertan behera utzi zuen zigorra, eta epaiketa berriz egiteko agindu zuen, buruzagi islamistaren eta gainontzeko 26 zigortuen helegite bat onartuta.Atzoko epaiketan, Hamas mugimendu palestinarrarentzat ustez espioitza lanak egiteagatik ari ziren hura epaitzen.

Beste hainbat auzirengatik ere epaitu dute; esaterako, zazpi urteko espetxe zigorra ezarri zioten, presidentetzarako hautagaitza faltsutzea egotzita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.