Urriak 28, larunbata
«Hasi al da lurreko inbasioa?». Inork ez daki. Atzo arratsaldeko seiak eta hogeian, alde guztietan aditzen ziren eztandak. Lagun batzuekin eserita nengoen aitaginarrebaren etxearen aurrean, eta, halako batean, danbateko ikaragarri batek astindu gintuen guztiok. Gero, ehunka tanke eta gerraontziren balak pasatu zitzaizkigun gainetik, burrunban, mendebaldetik iparralderantz. Bazirudien ondoko etxeetan jo zutela erasoa. Leherketak kontatzen saiatu ginen hasieran: bat, bi, hiru... hamar... hamabost... hogeita hamabost. Jolasa nazkagarria egin zitzaigun, eta konturatu ginen hurbil adituta ere esparrutik kanpo ari zirela, mendebaldean eta iparraldean. Argi dirdira handi bat bakarra izaten da halakoetan, eta hiruzpalau eztanda gero. Argialdi bakoitzaren ondotik poliki-poliki kontatu ohi dugu, nontsu izan den kalkulatu nahian. Yasserrek gogora ekarri du bere zientzia eskoletako bat, nola esplikatu zioten segundo bakoitza milia bat dela. Bat-batean, leherketa segida bizkor bat izan da, oraingo honetan etenik gabea. Badirudi ez direla sekula bukatuko. Gure amaren lehengusu Hayat-ek honela esan du: «Gauerdian su etena izango da, eta horregatik ari dira orain gogorrago». «Su etena?», erantzun diot, hitza esate hutsak hunkituta. Hayatek norbaiti aditu omen dio: su etena izango omen da, gatibuak eta bahituak trukatu ahal izateko. Hemen bildutakoetako batzuk —hamar bat gara— deseatzen daude, ea noiz iritsiko tregoak ekarriko lituzkeen ordu atsedenezkoak. Aitaginarrebari, berriz, modua emango lioke alabaren, haren senarraren eta haurraren gorpuen bila aritzeko, badira-eta hamar egun hondakinen azpian daudela.
Su etenetan, israeldarrek beti eginahal guztian jotzen dute menia hasi baino lehen. Ez da ekaitzaren aurreko barealdia, baizik barealdiaren aurreko ekaitza.
Joan Gazako egunerokoa-ren hasierara
Orain ilun-iluna dago dena. Beltz ikusten da zerua, nahiz eta ia ilargi betea dagoen, kezko eta hautsezko geruzen tartean. Hil honetan, ordea, inork ez dio erreparatu ilargiari. UNRWAk hemendik gertu dituen eskolak orain babesleku masiboak dira desplazatuentzat, eta haietan ere isil-isilik geratu dira. Zain daude gero zer etorriko. Gerrako 21. eguna da, orain arteko latzena. Aitaginarrebak proposatu du denak etxera joatea, arriskua handitzen ari da eta. Urrun dagoela esan diot. «Honetan inolako ordenarik ez dago», bota du. Eta guk baino hobeto daki.
Goizean, Hannaren izeba Niam-ek esan du berak ez diola beldurrik heriotzari; lehenago edo geroago, denok hilko gara. Senarra orain dela hamar urte galdu zuen, eta badaki berari ere tokatuko zaiola. Baina ez du nahi gorputza mila zati egin diezaioten: gorputza osorik hil nahi du. Esan diot gerra garaian ezin dugula aukeratu, ez geure nahia inposatu. Niamek alde egin zuen esparruko ekialdean zuen etxetik, hartara bere ahizparekin egoteko —hau da, nire amaginarrebarekin—, eta izututa dago zer datorkigun ikusirik. Seme-alabak han eta hemen sakabanatuak ditu Gazako zerrendan: hegoaldean, nagusiki. Galdera egin diot amaginarrebari, zeina Nakba izandako urtean jaio baitzen, Axkelon-en, eta Gazara ekarri baitzuten besoetako haurra zela: «Beldurrik bai?». Eta hark erantzun, ahots indarge batez: «Bai, jakina».
Telefonoa bateriarik gabe geratu zait. Atzo egunerokoa idazten ari nintzela, %0-raino iritsi zen, eta inguruan ez dago non kargatu. Proposatu dut Mohammed autoz Eixa-renera joatea eta han kargatzea, eta ni bitartean oinez joango naiz esparrura Saftawiko nire etxetik. 2014ko gerran, egunero bide hau egiten nuen oinez, baina atzokoa izan da gerra honetan halako ibilaldi bat egin dudan lehen aldia. Oraindik gogoan dut bidearen xehetasun bakoitza; batez ere, nola sentitzen nintzen arratsaldero basapiku zaharraren parera iristean. Hura ikusteak lasaitu egiten ninduen, seinale baitzen etxetik gertu nengoela. Aurrera begiratu, eta hantxe dago arbola oraindik, bizirik atera nintzen aurreko aldien lekuko. Yasserrek esana dit nahiago duela nirekin paseatu; beraz, aurreko gerran ibilitako toki batzuk erakutsi dizkiot.
«Hemen bildutakoetako batzuk deseatzen daude, ea noiz iritsiko tregoak ekarriko lituzkeen ordu atsedenezkoak. Aitaginarrebari, berriz, modua emango lioke alabaren, haren senarraren eta haurraren gorpuen bila aritzeko»
Ilundu ondoren arriskua larriagotu denean, Farajen etxe aldera jo dut. Bidean, argi gehiago ikusi ditugu, mihi bifidoak iduri, su emanez mendebal aldeko guztiari. Gero eztandak aditu ditugu. Kalean, jendea hizketan ari da taldetan, zer ote zen ikusi eta entzundako hori. Bat-batean, ohartu gara seinalerik gabe gaudela, telefonorako eta Interneterako sare guztiak etenda daudela. Jende guztia telefonoa eskuan dabil, piztu eta itzali, berriz konektatu nahian.
Faralen etxera iritsi naizenean, argitu dit han ere ez daukatela Interneterako eta telefono sareetarako konexiorik. Konturatu gara mundutik bereiz utzi gaituztela. Ez dakigu zer gertatzen ari den, ezta hemen bertan ere. Orain, entzuten ditugun eztandak besterik ez daukagu, ikusten dugun sua, sentitzen dugun lur astindua.
Jendea Farajen etxeko egongelan elkartu da. Oraintxe konturatu naiz ergelkeria izan dela aitari itzultzea irrati zaharra. Uste nuen aski izango zirela Farajen etxeko modemak eta Adhamen ingeniaritza elektrikoa, ez genuela besterik beharko. Bonbardaketak ugaritu direnez, ez du merezi familiaren etxera itzultzea irrati bila. «Bihar hartuko dut, Mohammed», esan diot. «Halako erasoak izanda», erantzun du Farajek, «ez da izango biharrik».
Leherketak gero eta gogorragoak dira, eta Mohammed ahaleginetan dabil Farajen telefonoan irrati seinalea harrapatzeko. Ordubete pasatu, eta estazio bat aurkitu du. Irrati esataria lurreko inbasioaz ari da, baita telekomunikazioen itzalaldiaz ere. Mohammedek barre egin du: «Barregarria da: gaurko informazioan, esaten ari dira ezin direla Gazako jendearekin komunikatu, baina atzo, komunikatzeko modua zutenean, ez zuten gutako inorekin hitz egiteko lanik hartu».
Imajinatu baino ezin dut egin zeinen kezkatuta egongo den Hanna Ramallah-n. Dudarik gabe, bi minututik behin deika ariko zaio Yasserri, eta mezu grabatu bera entzungo du beti.
«Niam-ek esan du berak ez diola beldurrik heriotzari; lehenago edo geroago, denok hilko gara. [...] Baina ez du nahi gorputza mila zati egin diezaioten: gorputza osorik hil nahi du»
Lo egiten saiatu gara, alferrik. Bi minututik behin, ohetik jaiki gara, azken erasoa gure eraikinean edo ondokoan izan delakoan. Gogoan dut ordu bi eta erdiak zirela ni lokartzerako. Seietan poza hartu dut, esna eta bizirik nago eta. Faraj kalean da jadanik. Hemengo dozenaka gizon hizketan ari dira kanpoan, haiek ere pozik bizirik egoteagatik. Erritu bihurtu dira goizeko bilkura horiek, bizirik segitzearen ospakizun, beste gau bat pasatu izanaren ospakizun. Yasser jaiki eta kexaka hasi da goseak dagoelako. Bi arrautza frijitu dizkiot, eta kalera atera naiz gero, Farajekin. Ordubete eman dugu hizketan, eta azken berriak kontatuz elkarri: eskolako aspaldiko lagunak ditut asko. Zazpietan, gurasoen etxera joan naiz. Aita lo dago oraindik; beraz, aurrera segitu dugu Eixa ondo dagoen ikusteko. Poza hartu du gu ikusita eta konpainia edukita, bart gaueko amesgaiztoen ondotik. Te beroa prestatu digu gosaltzeko. Gero, gure arreba Haliam ondo dagoen ikustera eraman gaitu. Haliam lekuz aldatu da Beit Lahia-tik hutsik zegoen lokal komertzial batera, gure izeba Fatimaren eraikinetik hurbil. Gutako bederatzik hor egin dute lo, leporaino betetako toki bero horretan. Esan dit etxea txikitu diotela, eta senarraren senideak hilak direla. 2014ko gerran etxerik gabe geratu, eta berriz altxatu zuten handik lau urtera. Oraingo gerrak berriz kendu dio etxea.
Aitaginarrebak eskatu dit ospitalera eramateko, Wissam ikustera. Hara joan eta pixka batean egon gara Wissamekin: lehen baino erneago dago, dirudienez. Haren senide Widad-ek kontatu dit Wissamek zerbait jan zuela bart, lehen aldiz. Berri ona da. Galdetu diot ea zer ekarriko diodan gero. Eta hark erantzun: «Esne osoa».
Hurrengo atala: «Denok gabiltza galduta»
Atef Abu Saif Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministroa eta idazlea da. Urriaren 7an Gazan zen, eta han gelditzea erabaki zuen Israelen erasoa hasi zenean. Bertatik idazten ari den egunerokoa BERRIAren esku jarri du, eta egunez egun argitaratuko da.