Munduko ur geza helburu

2006ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
urrean 1,4 mila milioi kilometro kubo ur daude; ur geza, baina, kopuru horren %2,5 baino ez da. Zientzialarien arabera, bikoiztu egin da munduan uraren erabilera, eta asko dira jendearen beharrei erantzuteko adina dagoen jakiteko dauden aldagaiak: hazkunde demografikoa, nekazaritzako gehiegizko erabilera eta ibaien gehiegizko ustiaketa, besteak beste.

Ekologistak, zientzialariak eta herri mugimenduek aspaldi ari dira esaten ur falta gerra pizteko arrazoi izango dela laster, eta ura bera izango dela altxorrik preziatuena. Latinoamerikaren bihotzean dago, Argentinarena, Paraguairena, Brasilena eta Uruguairena den eremu batean, ur gezaren lur azpiko erreserbarik handiena: Akuifero Guarania. Ur erreserba ikaragarri hori Iberiako penintsula eta Frantzia beste da Parana, Paraguai eta Uruguai ibaien arroetan barrena hedatzen da. 1.194.000 kilometro koadro inguruko eremua hartzen du, eta horren %70 Brasili dagokio, %19 Argentinari, %6 Paraguairi eta gainerako %5a Uruguairi. Adituen ustez, 50.000 kilometro kubo ur ditu (kilometro kubo bakoitza bilioi bat litro ur da). Kalkulatzen dutenez, 160 eta 250 kilometro kuboko karga berritzen da urtero; nahikoa dira berrogei kilometro kubo urtean 360.000.000 lagunen eguneroko beharrak betetzeko; horrekin 300 litro ur izango lituzke pertsona bakoitzak eguneko.

Agua y seguridad nacional (Ura eta segurtasun nazionala) liburuaren egile eta ekonomialari mexikar Gian Carlo Delgadoren arabera, «bioaniztasun handiko guneetan, Akuifero Guaranian besteak beste, gehitu egingo dira prezipitazioak eta, beraz, inguru estrategikoak izango dira horiek tokian, eskualdean eta munduan. Arazoa ez da ur erreserbak gero eta txikiagoak izatea, horien kokalekua eta kalitatea aldatzen ari dela baizik».

Nazioarteko presioa

Altxor hori ikusita, eskua sartzen hasi dira multinazionalak eta AEBak. Munduko Bankua herrialde horietako gobernuak presionatzen ari da azken urteotan, uraren kudeaketa enpresa pribatuen esku utz dezaten. Helburua da multinazionalek Monsantok, Suez eta Vivendi frantsesek edo Aguas de Valencia eta Union Fenosa espainiarrek, besteak beste edukitzea ura kudeatzeko eskubidea eta ura biltzeko, banatzeko, edateko on bihurtzeko, termoelektrizitatea eta hidroelektrizitatea sortzeko zerbitzuak.

Washingtonek gero eta irrika handiagoa du eremu horien infuruan, Muga Hirukoitza deiturikoan. Haien etsipenak muga guztiak gainditu ditu, beren ur erreserbak agortzen ari direla eta etorkizun antzua eta idorra dutela ikusita. Gehiegizko ustiatzeen eta agrotoxikoak erabiltzearen ondorioz, pozoitzen ari dira beren urak. AEBetako ibaien %40 kutsatuta daude, eta ur erreserbak gero eta txikiagoak dira.2004. urtean, Pentagonoaren isilpeko txosten baten berri eman zuen The Guardian egunkari britainiarrak. Txosten horretan, lurra berotzeak epe laburrean ekarriko dituen ondorioen berri ematen zion Pentagonoak George Bush presidenteari. Edateko ona den uraren falta zen horietako bat. Txostenak iradokitzen zuen, era berean, AEBek prest egon behar dutela baliabide estrategiko hori edonon eta beharrezkoa den guztietan eskuratzeko.Horrenbestez, edateko ona den ur erreserba handienean zituzten interesak ziurtatzeko plana jarri zuten abian AEB boteretsuek.

Base militarrak

Gerra prebentiboetan eta terrorismoaren aurkako borroketan AEBen estrategiak, ohi bezala, Hego Konoko eremu horretan Al Kaedako kideak atzeman izanaren aitzakia jartzen dute AEBek. Washingtonentzat ezinbestekoa da eskualdeko herri mugimendu eta gobernuen dinamika zaintzea eta kontrolatzea. Hasteko, han soldadu estatubatuarrak ezartzea da helburu nagusia. Horretarako, base militarrak finkatu eta Latinoamerikako lurretan soldadu estatubatuarrak «sar daitezen» lagunduko duten itunak inposatzen dituzte.

Brasilgo eta Argentinako mobilizazioei esker, marineek ezin izan dute Misionesen kokatu, Argentinak Paraguairekin eta Brasilekin mugan duen eskualdean. Paraguaiko Gobernuak, hala ere, 500 marine onartu zituen udan, 16.000 soldadurentzako lekua izango duen basea egin zezaten. Boliviatik eta Argentinatik hurbil dago base hori. 3.800 metroko lurreratze gunea du eta, horrenbestez, AEBetako hegazkin militar handienak lurrera daitezke bertan. Ura ez ezik, Boliviak Tarijan dituen gas eta petrolio erreserbak ere kontrola litezke handik. Ehun kilometrora, Paraguain, Independentzia 1 putzuarekin lotuta dago base hori. Soldadu estatubatuarrak sartzea izan da George Bushen gobernuak Hego Amerikako Merkatu Batuan eginiko ekintzarik bortitzenetako bat. Ameriketako Merkataritza Librerako Esparruaren (ALCA) eta Kolonbia Planaren mekanismoak uztartuz, eta Latinoamerikako ezkerra boterean finkatzen ari denez, kontinentea kolonizatzen ari dira berriz ere AEBak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.