Munduko tenperaturak 1,5 graduko igoeraren langa gainditu zuen iaz lehen aldiz

Inoizko urterik beroena izan zen iazkoa, Europako Batzordearen Copernicus Klima Aldaketarako Zerbitzuaren arabera. Planetaren batez besteko tenperatura 15,1 gradukoa izan zen, industria aurreko aldian baino 1,6 gradu beroagoa.

Antartika mendebaldeko itsas eremu bat, izotz puska sakabanatuekin.
Antartika mendebaldeko itsas eremu bat, izotz puska sakabanatuekin. EFE
Gorka Berasategi Otamendi - Ion Orzaiz
2025eko urtarrilaren 10a
09:00
Entzun

Jakina zen, baina datuekin baieztatu dute: 2024a izan da inoizko urterik beroena, eta 1,5 graduko igoeraren langa gainditu da lehen aldiz, industria aurreko batez besteko tenperatura aintzat hartuta. Urteko tenperaturen batezbestekoa 1850-1900 aldikoa baino 1,6 gradu beroagoa izan da: inoiz neurtu den urterik beroena da. Munduko klimari erreparatzen dioten erakunde nagusiek egin dute iragan urteko balantze klimatikoa: Munduko Meteorologia Erakundeak, Ozeanoen eta Atmosferaren Kudeaketarako AEBetako Batzordeak, Erresuma Batuko Batzorde Meteorologikoak, Berkeley Earth-ek, NASAk eta C3S Europako Batzordearen Copernicus Klima Aldaketarako Zerbitzuak.

Zehazki, munduko tenperatura 15,10 gradukoa izan zen batez beste. Orain arte, 2023a izan zen inoizko urterik beroena —industriaurrekoa baino 1,48 gradu beroagoa—, baina amaitu berri den urteko batez besteko tenperatura ordukoa baino 0,12 gradu handiagoa izan da. Areago: azken hamar urteak, 2015etik 2024rakoak, Lur planetan erregistratu diren hamar beroenak dira.

«Egia esan, metaforarik gabe geratzen ari naiz, ikusten ari garen fenomenoa azaltzeko», adierazi du Carlo Buontempok, Copernicus Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak. Gisa honetako tenperatura igoera baten ondorioak ere laburbildu ditu: «Fenomeno horren azpian dagoen fisika oso argia da. Klimaren berotze global txiki batek muturreko fenomeno ohikoagoak eta biziagoak eragiten ditu; besteak beste, bero bolada bortitzak. Atmosfera beroagoak, bestalde, hezetasun gehiago atxikitzen du, eta horrek prezipitazio handiagoak eragiten ditu; itsasoak beroago egoteak, berriz, ekaitz suntsitzaileen potentziala handitzen dute», esan du. Hala ere, esperantzarako leiho bat zabalik utzi du Buontempok: «Etorkizuna gure esku dago oraindik: ekintza azkar eta eraginkor batek etorkizuneko klimaren norabidea alda dezake».

«Etorkizuna gure esku dago oraindik: ekintza azkar eta eraginkor batek etorkizuneko klimaren norabidea alda dezake»

CARLO BUONTEMPO Copernicus Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria

Parisko Hitzarmenean, ia 200 herrialdek konpromisoa hartu zuten Lurraren berotzea bi graduren «oso behetik» mantentzeko mende amaierarako, eta tenperaturaren igoera 1,5 gradura mugatzeko ahalegina egitea adostu zuten. Iaz Lurraren berotzeak 1,5 graduren langa gainditu izanak ez du esan nahi, ordea, estatu sinatzaileek Parisko Hitzarmena urratu dutenik. 2015eko itunak ez dio erreferentzia egiten urte jakin bateko tenperaturari, baizik eta epe luzeko tenperatura igoera egonkor bati. Epe luzeko tenperaturak definitzeko, gutxienez bi hamarkadetako aldiak hartzen dira kontuan.

Edonola ere, zientzialariek argi dutena da tenperaturen bilakaerak geroz eta gertagarriagoa bihurtzen duela 1,5 graduren langa gainditzea. Azken hemezortzi hilabeteetatik hamazazpitan pasa du Lurraren berotzeak muga hori, Copernicusen arabera. 2023ko otsailean, lehenengoz izan zen urte natural baten tenperatura industriaurreko aldikoa baino 1,5 gradu beroagoa, eta 2024ko ekainean, lehen aldiz, hamabi hilabetek gainditu zuten jarraian 1,5 graduren berotzea. Orain, 2024a bihurtu da langa hori gainditu duen lehen egutegi urtea.

2030

urteko ekainean iritsiko da Lurraren tenperatura 1,5 graduren berotze mailaren langa gainditzera egungo politikekin jarraituz gero, Copernicusen Klima Aldaketaren Zerbitzuaren arabera. Erakundeak kalkulatu du Lurraren berotzea 1,36 gradukoa dela egun.

Copernicusek aurreikusi du, egungo joera berean jarraituz gero, Lurraren berotzea 1,5 gradura helduko dela 2030eko ekainean. Hala gerta ez dadin, zientzialariek ezinbestekotzat daukate egungo ekoizpen eta kontsumo sistemak berehala eta modu esanguratsuan aldatzea, emisioak drastikoki gutxitzeko erabakien bitartez.

Parisko Hitzarmenak 2015ean ezarri zuen 1,5 graduren muga ez da erreferentzia sinboliko bat soilik. Mugarritzat hartzen da, zientzialarien arabera maila horretatik aurrera Lurraren berotzeak desoreka handiagoak eragingo dituelako ekosistemetan eta, ondorioz, giza osasunean. IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak ohartarazi duenez, tenperatura 1,5 gradutik gora handitzearen ondorioz ugaritu egingo dira muturreko gertaera meteorologikoak eta ekosistemetako aldaketa itzulezinak. Igoera txiki orok bihurtuko du are larriago klima krisia, eta iazko hondamendi meteorologikoek agerian utzi dute zer ondorio dituen dagoeneko. Copernicusen arabera, gaur-gaurkoz, Lurraren tenperatura 1,36 gradu igo da.

Muturreko fenomenoak

Tenperaturen gorakadak muturreko gertaera meteorologikoak ugaritu eta indartu ditu 2024an, eta hondamendi horiek milaka heriotza eragin dituzte mundu osoan, izan bero boladen, lehorteen, baso suteen, ekaitzen edo uholdeen ondorioz. WWA World Weather Attribution elkartearen urte amaierako txostenaren arabera, klima aldaketak are larriago bihurtu zituen iaz aztertu zituen 26 muturreko gertaera meteorologikoak. Horien eraginez, 3.700 lagun hil ziren, eta beste milioika pertsonak etxea utzi behar izan zuten.

Elkarteak ohartarazi duenez, klima larrialdiaren ondorioz gertatzen ari diren hondamendien zati txiki bat besterik ez da hori. Orotara, 219 fenomenok bete zuten muturreko gisa izendatua izateko baldintza sorta: WWAk aztertutakoek baino askoz ere gehiagok. Horrenbestez, klima larrialdiaren eraginez hildakoak dozenaka edo ehunka milaka izan daitezkeela adierazi du WWAk.

Copernicusek beste elkarte batzuekin gaur argitaratutako datuen arabera, atmosferan pilatutako ur lurrunaren kantitateak eta itsas azaleraren tenperaturak ere markak apurtu zituzten iaz, eta horrek, inoizko tenperatura beroenak neurtu izanarekin batera, uholdeak eta ekaitzak indartu eta ugaritu ditu. Hala, uholde handiek milioika laguni egin diete kalte Sudanen, Brasilen, Indian, Kanadan, AEBetan, Arabiar Emirerri Batuetan eta Valentzian, Herrialde Katalanetan, besteak beste.

Iazko urrian Valentzian uholdeek utzitako hondamendiaren irudi bat. Urak eramandako autoak kale batean pilatuta, Alfafar herrian. BIEL ALIÑO / EFE
Iazko urrian Valentzian uholdeek utzitako hondamendiaren irudi bat. Urak eramandako autoak kale batean pilatuta, Alfafar herrian. BIEL ALIÑO / EFE

Horrez gain, Lurraren tenperatura igoerak arrisku handiko 41 bero egun gehiago eragin zituela ohartarazi du elkartearen txostenak, eta muturreko bero egun gehien jasan zituzten herrialdeak uharte txikiz osatutakoak eta garabidean daudenak izan zirela, alde handiz.

WWAk txostenean nabarmendu du oso garrantzitsua dela egoeraz jabetzea eta azkar erreakzionatzea. «Muturreko klimak erakutsi du ezohiko urte honetan zenbateraino bihurtu den arriskutsua bizitza, gizakiak 1,3 graduko berotzea eragin baitu, eta agerian geratu da planeta berotzen duten erregai fosilak lehenbailehen alboratu behar direla».

Goia jotzea

Eredu zientifikoek aurreikusten dutenez, Lurraren berotzea mende amaieran 1,5 gradura mugatzeko, eta helburu horretara 1,5 graduren langa gainditu gabe edo epe labur batez soilik gaindituta iristeko, ezinbestekoa da berotegi gasen emisioak berehala murrizten hastea. IPCCren 2023ko Sintesi Txostenak ohartarazi zuen emisioek, beranduenez, 2025 hasterako jo behar zutela goia. Ez da halakorik gertatu, Global Carbon Projecten neurketen arabera. Behin betiko datuen faltan, azaroan kaleratu zuen proiekzioak ondorioztatu du karbono dioxido (CO2) emisioak handitu egin direla 2024an ere, eta kopurua %2 igo dela 2023koaren aldean, 41,6 gigatona CO2 isurtzeraino. Datu horiek bat datoz Copernicusek gaur eman dituenekin. Haren arabera, berotegi gasak atmosferan pilatzen jarraitzen dute. CO2ari dagokionez, 2024an 422,1 milioiko parte (ppm) pilatu ziren atmosferan, 2023an baino %0,7 gehiago, eta metanoari dagokionez, berriz, 1897 ppm: 2023an baino %0,15 gehiago.

Hainbat adituk nabarmendu dute beharrezkoa dela 2025ean emisioek goia jotzea, Lurraren berotzea 1,5 gradura mugatu ahal izateko. Zalantzarik ez da urteko emisioen zenbatekoa murrizten hastea mugarri handi bat litzatekeela, baina lehen urratsa izan behar luke, segidan emisioen beherakada bortitz eta jarraitu bat hasteko. 1,5 gradu berotzearen helburuari eusteko, berotegi gasak %42 murriztu beharko lirateke 2030erako —2019ko kopuruaren aldean—, eta %57 2035erako.

Nazio Batuen Ingurumen Programak iazko urrian kaleratu zuen txosten baten arabera, egungo politikekin jarraituz gero, 3,1 gradu berotuko litzateke Lurra mende amaierarako, eta, 2030. urterako hartutako konpromisoak betez gero, 2,6 gradukoa litzateke tenperatura igoera. Txostenean nabarmendu dute teknikoki posible dela oraindik 1,5 graduren helburua betetzeko bide orri bat marraztea eta emisioetan behar besteko murrizketak egitea 2030erako eta 2035erako.

Bide horretan, txostenean berebiziko garrantzia aitortu diote estatuen klima planak berritzeko prozesuari. Parisko Hitzarmena sinatu duten herrialdeek bost urtetik behin berritu behar dituzte klima larrialdiari aurre egiteko beren planak, eta aurten 2035era arteko neurriak zehaztu beharko dituzte; beranduenez, otsailean. 1,5 graduren helburuari eusteko, nahitaezkoa izango da orain arte erakutsi duten baino askoz ere anbizio handiagoz jokatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.