Munduko oreka aldatu duten hogei urte

Mendebaldeak zuzenduta egoteari utzi dio nazioarteak hogei urtean, eta «mundu multipolar» bilakatu da. AEBak dagoeneko ez daude bakarrik: Errusiak eta Txinak bat egin dute, eta joko zelaian duten tokia aldarrikatu.

Indonesiako tsunamiak eragindako kalteak, Aceh eskualdean, 2004ko abenduan. WEDA / EFE
arantxa elizegi egilegor
2023ko ekainaren 26a
15:30
Entzun

Mendebaldeak zuzenduta egoteari utzi dio nazioarteak hogei urtean, eta «mundu multipolar» bilakatu da. AEBak dagoeneko ez daude bakarrik: Errusiak eta Txinak bat egin dute, eta joko zelaian duten tokia aldarrikatu.

Gerra hotsek betetzen zituzten duela hogei urteko titularrak ere, baina aldi hartan arabiarrak ziren iheslarien izenak eta irakiarra eta kurdua haien jatorria. Bonbak ez ziren Krimean erortzen, Bagdaden baizik, eta erasotzailea estatubatuarra zen, ez errusiarra. Ofizialki, Irakeko gerra amaitua zen BERRIA jaio zenean. 2003ko ekainaren 21a zen, eta George W. Bush zegoen agintean AEBetan, Tony Blair Erresuma Batuan, eta Jose Maria Aznar Espainian. Egunkariaren lehen ale hura plazaratu baino hilabete eta erdi lehenago, maiatzaren 1ean, esan zuen Bushek amaitua zela «operazio militarra», baina erasoaldia bera baino lazgarriagoa izan zen sei urte luzatu zen ez-gerra: 101.644 zibil hil zituzten, Iraq Body Count gobernuz kanpoko erakundearen arabera —operazioa indarrean egon zen hilabeteetan, 38.476 zibil hil zituzten—.

Garai bertsuan beste gatazka bat piztu zen, askoz ere gogorragoa —gerren ondorioak alderatzerik bada behintzat—, Darfurkoa. Baina Mendebaldearentzat urrunago zegoen hura —hegoaldeko kontinente hori beti egon da urrun iparraldekoen begietara—, eta ez zituen Ekialde Hurbileko erasoaldiak adina titular bete. Otsailean hasi ziren borrokak gogortzen Sudan mendebaldeko eskualde hartan. Orduan Sudango presidente karguan zen Omar al-Baxirrek armatutako milizia paramilitarrek eraso egin zioten matxinada abiatua zuen Darfur Askatzeko Fronteari. Gerrak 2020ra arte iraun zuen, eta, hildakoen kopuru zehatzik ez dagoen arren, 400.000 inguru izan zirela uste da; zaurituak, desplazatuak eta iheslariak, milioika.

Armagintza enpresek beren negozioa zabaltzen zuten bitartean, buruzagi berri baten irudiak heltzen hasi ziren Turkiatik. Recep Tayyip Erdogan gazteago bat zen —49 urte zituen—, AKP Justiziaren eta Garapenaren Aldeko Alderdi sortu berriko buruzagia eta 2003ko martxoaz geroztik Turkiako lehen ministro izendatua. Herrialdea krisi ekonomiko batetik irteten hasia zen, eta buruzagi kontserbadorearen agintaldiko lehen urteak onak izan ziren; Erdoganek lortu zuen Turkiak Nazioarteko Diru Funtsarekin zuen zorra kitatzea, baita inflazioa kontrolpean hartzea ere, eta helburu gisa jarri zuen herrialdea EB Europako Batasuneko kide bilakatzea. Gerora ohartuko zen ez zuela horren beharrik Brusela bere nahierara baliatzeko, baina aurreragoko kontuak dira horiek.

Iparralderago, eta Europatik gertuago, beste buruzagi bat hasia zen tokia egiten nazioarteko politika kontuetan: Vladimir Putin zen, 1999an lehen ministro kargurako aukeratua eta urte horren amaieratik Errusiako Federazioko presidente ere bazena. Ordu hartan, Kremlineko buruak harreman onak zituen Mendebaldeko buruzagiekin. Beste garai batzuk ziren. 2023an ezinezkoa zatekeen adibide bat jartzearren, 2005eko Garaipen Egunean Moskun izan ziren Japoniako lehen ministro Junichiro Koizumi, Frantziako presidente Jacques Chirac, Alemaniako kantziler Gerhard Schroeder eta Bush.

Lurrikarek Asian izua zabaltzen zuten bitartean —2004ko abenduan 250.000 pertsona hil ziren Indonesian, ordura arteko tsunami handienaren ondorioz—, bestelako kezkak hasiak ziren hedatzen nazioarteko politikagintzan. Arrakalak zituen 2001eko irailaren 11ko atentatuen osteko Moskuren eta Washingtonen arteko harreman onak. Besteak beste, SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko kide izandako herrialdeetara zabaldu zelako NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea. Ez zuen lagundu Moskuk Txetxenian, Abkhazian eta Transnistrian izandako jarrerak ere —zenbait adituren iritziz, horrek bultzatu zituen SESBeko estatu ohiak NATOn sartzera—. Izan ere, 2003az geroztik SESBeko errepublika ohietatik independente direla aldarrikatu duten eskualde ugari babestu ditu Errusiak —ez denak, Kosovoren independentziaren aurka agertu baitzen Mosku, eta hura baliatu baitzuen gerora Krimearena aitortzeko argudio gisa—. Horri gehitu behar zaio sobietar errepublika ohi askok Mendebaldearen aldeko jarrera argia hartu zutela, Kremlinengandik urrunduz.

Hala, nazioarteko politikagintzaren balantza erabat desorekatua zegoen lehen hamarkadaren amaierarako, edo hala iritzi zion Putinek: «AEBen monopolioa hain da handia, ez baitu beldurrik nazioarteko harremanetan indar erakustaldi handiak egiteko. Inor ezin liteke seguru sentitu, inork ez duelako sinesten nazioarteko legedia bera babesteko bezain sendoa denik», esan zuen estatuburuak 2007an Municheko Segurtasunerako Konferentzian. «Mundu multipolarra» nahi zuen Putinek: Mendebaldearen agintaldia amaituko zuen mundua.

Ekialdetik heldu zitzaion aliatua: Txina. Mende aldaketarako, Pekinek inbertsio handiak eginak zituen Afrikan —1971n, Afrikako estatuen aldeko botoa oinarrizkoa izan zen Txinak eserleku bat lortzeko Nazio Batuen Batzar Orokorrean eta Segurtasun Kontseiluan—. Europako gobernuek ez bezala, ordea, Asiako potentziak «neutraltasunari» eutsi zion negozioak egiten zituen herrialdeetan, eta tokiko gobernuen konfiantza irabazi hala. Bushek eta haren ostean Barack Obamak AEBetako presidente kargua hartu zutenean, zubiak eraiki zituzten ekialdera, baina horiek ere ez ziren betierekoak izan, eta 2016an, Donald Trumpek, Etxe Zurira heldu zenean, eten egin zituen pasabideok. Harreman politiko, militar eta ekonomiko estuak zituzten biek, baita interes partekatu ugari ere, eta haietan nagusia: Mendebaldeari eta AEBei zehazki gidaritzaren monopolioa kentzea.

Borroka biren artekoa izango zela zirudienean, ordea, beste jokalari bat sartu zen indarrez zelaian: Turkia. Udaberri Arabiarrekin hasi zen. Herrialde asko astindu zituen 2011 hark, baita Siria ere. Gobernuaren aurkako protestekin hasi zena gerra zibil bilakatu zen: milaka izan ziren hildakoak, eta milioika iheslariak. 2012 eta 2017 artean erbestera jo zuten siriar askok, Europara. II. Mundu Gerraz geroztik ikusi gabeko migratzaile kopuruak heldu ziren 2015ean; ez soilik Siriatik, baita Afganistandik eta Iraketik ere.

Kontinente zaharra ez zegoen prest jende horri guztiari tokia egiteko, eta Ankarara jo zuten laguntza eske. Zergatik ez? Turkiak urteak zeramatzan EBn sartu nahian, eta Europako Batasunak behar zuen mugak zainduko zizkion norbait. Akordioak erraza zirudien, baina urrutiko intxaurrak hamalau... Ankarak onartu zuen Greziara «legez kanpo» sartzen zen migratzaile oro hartzea, eta trukean Bruselak 6.000 milioi euro ordainduko zizkion. Horrez gain, Europak konpromisoa hartu zuen Greziatik kanporatutako migratzaile bakoitzeko Turkian zegoen eta kontinente zaharrera «legez kanpo» sartzen ahalegindu ez zen beste migratzaile bati asiloa emateko. Gutxi iraun zuten konpromisoek. Europak ordaindu zuen, baina ez zituen iragarritako migratzaileak hartu; eta Erdoganek mugazain karguaren boterea baliatu zuen Brusela mehatxatzeko.

AEBekiko mendekotasuna, Turkiaren mehatxuak eta Errusiaren haserrealdiak nahikoa ez, eta bestelako krisi bat lehertu zitzaion Europari 2015ean: klima larrialdia. Gatazkez eta geopolitikaz harago, klima aldaketa ere kezka iturri bihurtu da hogei urteotan. Urte hartan Parisen egindako goi bileran, adituek argi utzi zuten: mende amaierarako tenperaturak 1,5 gradu baino gehiago igotzen badira, ondorioak larriak izango dira. Halakorik gerta ez zedin, nazioarteak konpromisoa hartu zuen karbono neutraltasuna lortzeko XXI. mendearen erdirako, horretarako erregai fosilak alde batera utziz eta energia berriztagarrietan inbertituz.

Gehien kutsatzen zuten herrialdeetan jarri zuen arreta klima larrialdiak: AEBetan eta Txinan. Bigarrenak aukera baliatu zuen bere burua lehen mailako jokalarien pare jartzeko; urrats handiak iragarri zituen energia berriztagarrietan, eta protagonismoa bereganatu. Bien bitartean, Errusia gero eta bakartuago zegoen; Pekin aliatu zuen arren, Asiako erraldoiak bere erara egin nahi zuen bidea. Etxeko atariraino etorriak zituen arerioak —gero eta gehiago ziren gobernu europazaleak zituzten SESB ohiko errepublikak—. Gainera, NATO bera ere Errusiaren mugetan base militarrak jartzeko prestatzen hasia zen. Ukrainak nazioarteko erakundean sartzeko asmoa iragartzeak leherrarazi zuen Putin. 2022ko otsailean, Ukrainaren aurkako «operazio berezia» hasi zuen Moskuk. Bazirudien asteetako kontua izango zela Kievera heldu eta herrialdea kontrolpean hartzea. Baina ukrainarrek aurre egin zioten, eta urte bereko abuzturako hainbat eremu berreskuratzen hasiak ziren.

Hura ez zen Irakeko gerra: Europak etxepean zuen gatazka, eta ezin entzungor egin. Mendebaldea ez zen gerran sartu, baina armak eman zizkien borrokan ari zirenei, denbora gutxiko kontua izango zen itxaropenez. Ez zuen asmatu, eta, borrokek aurrera egin ahala, Kievi «elkartasuna» ematen jarraitu beste aukerarik ez zuen Bruselak. Washingtoni egoera baliagarri zitzaion, hari bai, gatazka urrun zuelako eta bere nagusitasuna berresteko balio ziolako. Inor gutxik espero zuen, ordea, Txinak bere ohiko neutraltasuna utzi eta jokora batzea. Gerra ez atzera ez aurrera zegoela zirudienean, Pekinek bitartekaritza eskaini zuen, eta, bide batez, zalantzan jarri zuen AEBen lidergoa tiro hotsak entzuteaz aspertzen hasia zen Europa ahuldu baten aurrean. Nazioarteko orekak aldatzen hasiak ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.