Muturreko gosetearen areagotzeak ez du etenik. FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak datu kezkagarriak plazaratu zituen herenegun: 2021ean, munduko herritarren %10 —828 milioi pertsona inguru— goseak jota lotaratu ziren egunero, 2020an baino 46 milioi gehiago. Horrez gain, gosea jasaten dutenen artean, bi herenak emakumeak dira, eta kopuru osoaren %80 klima aldaketak gehien eragiten dien herrialdeetan bizi dira. Goseak jota denbora luzez egoteak osasun arazoak eragin ditzake, baita bizitza osorako kalte fisiko eta kognitiboak ere, batez ere haurren artean. Goseteak goranzko joera izan du azken urteetan. 2019 eta 2021 artean, elikatu gabeko pertsonen kopurua aurreko urteetan baino 150 milioi gehiago handitu zen, gatazken, klima aldaketaren, krisi ekonomikoaren eta COVID-19ak eragindako izurritearen ondorioz.
Hori gutxi ez, eta elikagaien kostuak ere gora egin du. 2019 eta 2022 artean, FAOren elikagaien prezioen indizea (FPI) 95,1 puntutik 143,7ra igo zen. Indize horrek, zehazki, oinarrizko produktuen erosketa saskia hartzen du kontuan, eta munduko prezioen aldaketa neurtzen du. Iaz, hain zuzen, iazko otsailean hasitako Ukrainaren inbasioak aztoramena eragin zuen nazioarteko hornidura kateetan, eta, ondorioz, zerealen, ongarrien eta energiaren prezioak nabarmen igo ziren. Gisa horretara, FPIk inoizko igoerarik handiena izan zuen 2022an.
FAOko Merkataritza eta Merkatu Zuzendaritzako ekonomialari Mokina Tothovak Al-Jazeera hedabideari azaldu dionez, oinarrizko elikagaien munduko prezioek gora egin badute ere, estatu bateko zein besteko igoerak «ez dira bertsuak» izan, herrialdeek «politika ezberdinak» erabiltzen baitituzte. «Estatu askok, adibidez, kontsumorako subsidioak ematen ditu produktu jakin batzuetarako, kontsumitzaileentzako prezioa finkatuta eta munduko merkatuetako gorabeheratik babestuta».
Oinarrizko produktuen prezioak igo direnez gero, MEP Munduko Elikadura Programak datorren hilean utziko dio 200.000 palestinarri laguntza emateari; babesa jasotzen dutenen %60ri eragingo die. Erakundeak maiatzaren 11n eman zuen albistearen berri, eta, finantzaketarik jaso ezean, MEPek erabat eten beharko ditu Zisjordaniako eta Gazako operazioak. Erakundeak %20 murriztu behar izan du laguntza ekonomikoa hil honetan, pertsonako 9,6 euroraino. Funtsean, MEPek 47,5 milioi euro inguru behar ditu «lehenbailehen», Palestinan elikagai laguntzari eutsi ahal izateko urte amaiera arte.
NBE Nazio Batuen Erakundearen Elikadura Segurtasunaren eta Munduko Nutrizioaren (SOFI) egoerari buruzko azken txostenaren arabera, desnutrizioa jasaten ari diren herritar gehienak Asian bizi dira; 425 milioi pertsona inguruk pasatu zuten gosea 2021ean. Halere, gosearen prebalentzia handiagoa da Afrikan: 278 milioi lagun egon ziren goseak jota urte horretan.
Desnutrizio akutu larria dutenen kopuruak laugarren urtez egin zuen gora iaz. 258 milioi lagunek aurre egin behar izan zioten, Elikagaien Krisiari Buruzko 2023ko Munduko Txostenaren arabera. Desnutrizio akutu larriak herritar batek elikagaiak kontsumitzeko duen ezintasuna neurtzen du, eta, ondorioz, bizia edo bizirik irauteko bitartekoak arriskuan jartzen ditu berehala.
Zerrenda luzea
FAOk eta MEPek atzo kaleratutako txostenean ohartarazi zutenez, elikagai segurtasunik eza are gehiago okertu da 22 herrialdetan, eta datozen sei hilabeteetan areagotu egingo da. Afganistan, Nigeria, Somalia, Hego Sudan eta Yemen dira zerrenda horren gailurrean ageri diren herrialdeak; azken estatu horretan, zehazki, hamazazpi bat milioi lagunek pairatzen dute elikagai segurtasunaren falta. Haiti, Burkina Faso, Mali eta Sudan ere ez daude aparte. Bien bitartean, egoera makurra jasaten ari dira Pakistanen, Afrika Erdiko Errepublikan, Etiopian, Kenyan, Kongoko Errepublika Demokratikoan eta Sirian; Myanmar ere zerrenda horretara batu da azken txostenean.
FAOren eta MEPen arabera, segurtasun faltaren narriadura munduko elikadura krisi baten testuinguruan gertatzen ari da, eta, gainera, litekeena da azkenaldian piztu diren gatazkek —Sudangoak, esaterako— egoera are gehiago gaiztotzea eta inguruko hainbat herrialderi eragitea.
Egoera beltz horri muturreko fenomeno meteorologikoak gehitu behar zaizkio: hala nola eurite handiak, ekaitz tropikalak, zikloiak, uholdeak, lehorteak... NBEko agentzien arabera, aurreikuspenek iradokitzen dute El Niño fenomenoak %82ko probabilitatea duela aurtengo maiatzetik uztailera bitartean hasteko, eta horrek ondorio nabarmena izango dituela gosetea gehien jasaten ari diren herrialdeetan.
Hori dela eta, egoera larrian dauden eremuetara premiazko laguntza bidaltzeko eskatu du NBEk, «bizirik irauteko bitartekoak babesteko eta elikagaiak eskuratzeko aukera handitzeko»; izan ere, laguntza hori «funtsezkoa» izango da elikadura segurtasunaren falta akutua eta malnutrizioa gehiago ez areagotzeko.