Munduko Gizarte Foroak Afrika izan du aldarri nagusi

Herrialde arabiarren eta Afrikako herrien alde mobilizatzeko deia egin dute 2011ko ekitaldiko azken egunean, DakarrenUrriaren 12a kapitalismoaren aurkako nazioarteko ekintza eguna izendatu dute

mikel rodriguez
2011ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Egiptoko iraultzari bibaka bukatu dute Dakarren 2011ko MGF Munduko Gizarte Foroa. Iragan igandean hasi zenetik, herrialde arabiarretako egoerak erakarri du foroaren arreta, batez ere Tunisiako eta Egiptoko ordezkariek parte hartu duten ekitaldietan. Azken ekitaldian, Munduko Alternatibarako Foroko presidenteorde Mamdu Halashik adierazi du Egiptokoa «inperialismoaren aurkako iraultza» dela. Dakarren bildutako eragileek bi egun zehaztu dituzte aurtengo egutegian. Alde batetik, urriaren 12a kapitalismoaren aurkako nazioarteko ekintza eguna izendatu dute, «parean duen guztia suntsitzen duen sistema» errefusatzeko. Bertze alde batetik, heldu den martxoaren 20an herrialde arabiarren eta Afrika guztiko herrien aldeko nazioarteko mobilizazio egunera deitu dute. Izan ere, MGFren 11. ekitaldia hartu duen kontinentea izan da protagonista nagusia.

MGFn egin diren eztabaida nagusiek «Afrikak eta munduak» dituzten «erronkarik handienak» izan dituzte mintzagai, Afrikako Alternatiben Foroko zuzendari Demba Moussa Dembeleren arabera. «Kontinentea zeharkatzen duten galderak jarri ditugu mahai gainean: nekazaritza, elikagaien gaineko burujabetza, baliabide naturalak, demokrazia berria, herrien burujabetza eta kapitalismoaren krisi sakona». Moussa Dembeleren iritziz, Dakarko bilkura mugimendu sozialen «ohiko protestetatik haratago» joan da, eta «gogoeta serio eta sakonetan» oinarritu da. «Afrikako estatuburu anitz dardara batean daude orain. Mezua argia da: herriek dute beti azken hitza».

Ekitaldian eztabaidagai izan den gai nagusietako bat migrazioa izan da, Afrikari bereziki eragiten dion auzia. Mundu osoko eragileek Migratzailearen Munduko Adierazpena sinatu dute. Horren bidez, herrialdeen mugen artean mugitzeko eta munduko edozein tokitan bizitzeko askatasuna aldarrikatu dituzte. Adierazpenaren puntu garrantzitsu batek dio, berriz, migratzaileek gizarte babesa jasotzeko eskubidea dutela luzerako joan-etorrian dauden herrialdeetan. Magrebeko herrialdeak —Afrikatik Europarako bidean— eta Erdialdeko Amerikako herriak —AEB Ameriketako Estatu Batuetarako bidean— daude migratzaileen joan-etorriko lurraldeen artean.

Herrien arteko elkartasuna aldarri nagusia izan bada ere, diskurtso horrek izan du trabarik Dakarren. Astelehenean Marokoko talde baten boikotaren ondorioz Mendebaldeko Saharako ordezkaritzaren agerraldia bertan behera utzi zuten, eta biharamunean ere bertze ekitaldi bat oztopatzen saiatu ziren. MGFk, ordea, Mendebaldeko Saharari sostengua agertu dio, martxoaren 20rako mobilizazioetarako deialdian espresuki aipatuz.

Antolaketa eztabaidagai

Duela lau urte elkartu zen MGF Afrikan. Kenyako hiriburu Nairobin egin zen ekitaldiak eztabaida anitz sortu zuen parte-hartzaileen artean, antolaketarekin desadostasun sakonak eduki baitzituzten. Bilkuraren telekomunikazio azpiegitura Celtel multinazionalaren esku uzteak eta ekitaldietarako sarrerak garestiegiak izateak sortu zituen eztabaidarik gogorrenak. Dakarko ekitaldian ere izan da antolaketari buruzko eztabaidarik, lehen egunean batez ere, Cheikh Anta Diop Unibertsitatean jardunaldiak egiteko gelarik gabe gelditu zirelako. Multinazionalak ere present egon dira Dakarren. Petrobras Brasilgo petrolio konpainiak karpa bat eduki du unibertsitatearen aitzinean, enpresaren «gizarte eta ingurumen lana» jakitera emateko. Noski, hori ez da anitzen gustukoa izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.