Gastu militarrak azken hiru hamarkadetako hazkunderik handiena izan zuen iaz

Inoizko gastu militarrik handiena izan zen 2024koa: 2,4 bilioi euro, aurreko urtean baino %9,4 gehiago. Europari dagokio hori gehienbat, estatuek %17 gehiago bideratu baitzuten horretara.

Ukrainako soldadu bat tanke batean, martxoan, Donetsk eskualdean. MARIA SENOVILLA / EFE
Ukrainako soldadu bat tanke batean, martxoan, Donetsk eskualdean. MARIA SENOVILLA / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko apirilaren 28a
11:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hamargarren urtez jarraian, iaz gorantz egin zuen munduko gastu militarrak, eta inoizko diru gehien bideratu zen horretara: 2,4 bilioi euro. Urtez urte handitu arren, azken hiru hamarkada pasatxoan —1991n SESB desegin zenetik— inoiz baino gehiago emendatu zen gastu militarra, SIPRI Stockholmgo Bakearen Nazioarteko Ikerketa Institutuak gaur argitaratu duen txostenaren arabera; zehazki, estatuek aurreko urtean baino %9,4 gehiago gastatu zuten.

Batez ere Europari dagokio gastuaren hazkunde hori. Ukrainako Gerrak hirugarren urtea bete zuen otsailean, eta, Europar Kontseiluak berrarmatzerako deia martxoan egin bazuen ere, Europako estatuak lehendik hasiak dira gastu militarrera gero eta gehiago bideratzen. Maltak izan ezik, kontinenteko estatu guztiek gastu militarra handitu zuten iaz; denera, 611.300 milioi euro, %17 gehiago aurreko urtearekin konparatuz gero.

Esparru horretan gehien duten bost herrialdeen artean Errusia eta Alemania daude; hirugarrena eta laugarrena dira, hurrenez hurren. Bada, Errusiak 131.400 milioi euro gastatu zituen —Europan defentsan gastatutakoaren bostena—, eta herena baino gehiago (%38) handitu zuen aurrekontua; Alemanian, berriz, gastu militarrerako aurrekontuak laurdena baino gehiago (%28) egin zuen gora, 78.000 milioi euroraino. Europako hainbat herrialdek ere «inoiz ez bezalako» emendatzeak onartu zituzten, SIPRIren arabera: Errumaniak (%43), Txekiar Errepublikak (%32), Herbehereek (%35), Suediak (%34) eta Poloniak (%31), besteak beste. Europa gastu militar handiko aldi batean sartu da, Lorenzo Scarazzato SIPRIko ikertzaileak txostenean esan duenez, eta, haren arabera, litekeena da etorkizunean ere berdin jarraitzea.

2023an, Ukraina gastu militarrik handiena duten hamar herrialdeen zerrendan sartu zen, zortzigarren postuan, eta hari eutsi zion iaz, Frantziaren, Japoniaren, Ipar Korearen eta Israelen aurretik. 57.000 milioi euro bideratu zituen 2024an. Iaz, %2,9 handitu zuen gastu militarrerako aurrekontua; azken hamar urteetan, %1.251 (2015-2024).

%34

Ukrainak BPGaren zer ehuneko bideratu zuen gastu militarrera. 2024an, Ukrainak haren ekonomiaren herena baino gehiago (%34) bideratu zuen gastu militarrera, edozein herrialdek baino gehiago. Atzetik izan zituen, esaterako, Israel (%8,8), Saudi Arabia (%7,3), Errusia (%7,1), AEBak (%3,4) eta Kuwait (%4,8). Batez beste, gastu militarra munduko BPGaren %2,5 izan zen.

NATO

NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko estatu kide guztiek gastu militarra handitu zuten iaz. Guztira 1,3 bilioi euro bideratu zituzten horretara, munduan gastatutakoaren %55. AEB Ameriketako Estatu Batuak dira bai erakundean eta bai munduan gehien gastatzen duen herrialdea: 879.000 milioi euro —NATOren gastuaren bi heren eta mundukoaren %37—.

NATO 32 estatuk osatzen dute, eta 2023an 11 kidek bideratu zuten gutxienez norberaren BPGaren %2 gastu militarrera; 2024an, berriz, hemezortzi estatu izan ziren. Suedia da haietako bat: iazko martxoan onartu zuten NATOn, eta herena emendatu zuen gastu militarra, 12.000 milioi euroraino, aliantza militarrak adostutakora heltzeko. Aliantzak 2014an onartu zuten %2ko gutxieneko hori, eta gutxienez %3ra igotzeko asmoa dute ekainean Hagan (Herbehereak) egingo duten goi bileran. NATOren Europako estatuek bi arrazoi direla-eta hartu dute gastu militarra handitzeko erabakia, Jade Guiberteau SIPRIko ikertzaileak azpimarratu duenez: Errusiaren mehatxuak eta AEBek erakutsitako desadostasunak —gainontzeko kideek gastua areagotu dezatela eskatu du behin baino gehiagotan—.

Ekialde Hurbila

Ukrainako gerraz gain, Ekialde Hurbileko gatazkek ere izan dute eragina gastu militarraren hazkundean. 214.000 milioi euro gastatu zituzten hango herrialdeek 2024an (+%15). Gazako setioak eta Libanoko gatazkak bere horretan jarraitzen dute, eta Israelek igo zuen gehien gastua, bi heren, 41.000  milioi euroraino. Dena den, Saudi Arabiak gastatzen du gehien eremu horretan: 70.700 milioi euro; Israel, Turkia eta Iran daude atzetik. Iranen gastu militarra %10 jaitsi zen iaz, 6.900 milioi euroraino. Inguruko herrialdeekin konparatuta gutxiago gastatuagatik, Libanok 635 milioi euro bideratu zituen iaz gastu militarrera, aurreko urtean baino %58 gehiago —krisi ekonomikoak jota, hainbat urtez behea jota egon da herrialdearen gastu militarra—.

putinek hiru eguneko menia iragarri du

Vladimir Putin Errusiako presidenteak jakinarazi du Errusiak ez diola Ukrainari erasorik egingo maiatzaren 8tik 10era. Bigarren Mundu Gerran Alemania naziak errendizioa sinatu zuenetik 80 urte beteko direla ospatzeko ezarriko du su etena. Errusiako presidenteak egun horietan erasorik ez egiteko deia egin dio Ukrainari ere, Kremlinek zabaldutako ohar baten arabera. Eta ohartarazi du Kievek erasoak eteten ez baditu Moskuk erantzun egingo diola. Duela bi aste, Pazko iganderako 30 eguneko su etena ezarri zuen Putinek, baina Kievek eta Moskuk elkarri egotzi zioten menia hori ez errespetatzea. Bestalde, Ipar Koreak lehen aldiz onartu du Errusiara tropak bidali izana. Kursk eskualdean (Errusia) Ukrainako armadak hartutako eremuak berreskuratzen lagundu diote Piongiangen tropek Moskuri, Ipar Koreako Langileen Alderdiko batzorde militarrak adierazi duenez. Hala zabaldu du KCNA Ipar Koreako albiste agentzia nazionalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.