Munduko gastu militarrak 1,9 bilioi euro gainditu zituen iaz

AEBak, Txina, India, Erresuma Batua eta Errusia izan ziren defentsan gehien gastatu zuten bost herrialdeak, SIPRIren ikerketaren arabera

Mikel O. Iribar.
2022ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
SIPRI Stockholmgo Bakearen Ikerketarako Nazioarteko Institutuak atzo argitaratutako datuen arabera, munduko gastu militarra inoizko handiena izan zen 2021ean: 1,9 bilioi eurotik gorakoa. Beste modu batera esanda, Euskal Herriko BPG barne produktu gordina baino hemeretzi aldiz handiagoa. SIPRI ikerketa taldeko buru Diego Lopes da Silvak zehaztu du gastu militarra zazpigarren urtez jarraian handitu dela.

AEB Ameriketako Estatu Batuak, Txina, India, Erresuma Batua eta Errusia izan ziren defentsa arloan gehien gastatu zuten bost herrialdeak, hots, munduko gastuaren % 62. Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorio ekonomikoak gorabehera, mundu osoko herrialdeek armategiak handitu zituzten, eta munduko gastu militarrak %0,7 egin zuen gora iaz, SIPRIren arabera.

Errusiari dagokionez, bere gastua %2,9 handitu zuen, hirugarren urtez segidan, otsail amaieran Ukrainaren inbasioa abiatu aurretik. Lopes da Silvaren esanetan, defentsa gastua Errusiako BPGaren %4,1 izan zen iaz, «munduko batezbestekoa baino askoz handiagoa».

Errusiak ez ezik, Ukrainak ere gastu militarra nabarmen handitu zuen Moskuk Krimeako penintsula anexionatu zuenetik: %72. 2021ean gastua %8 baino gehiago murriztu bazuen ere, Ukrainako BPGaren %3,2 da oraindik ere, SIPRIk jasotakoaren arabera.

NATO ere antzera

Europan zenbait estaturen arteko tentsioa handitu den heinean, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide diren herrialde gehiagok gastu militarra handitu dutela zehaztu du ikerketak. SIPRIk dioenez, iaz zortzi estatuk lortu zuten BPGaren %2ko gastu helburua betetzea, aurreko urtean baino bat gutxiagok, baina 2014an baino bi gehiagok.

AEBak izan ziren 2020tik armategia handitu ez zuten bakarrenetakoak, gehien gastatu zuen herrialdea izan arren (745.000 milioi euro): Washingtonek %1,4 murriztu zuen; ikerketan eta garapenean, berriz, %24 handitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.