MUNDUKO ERREFUXIATUEN GAINEKO TXOSTENA. Barne desplazatuak, gehienak eta baztertuenak

Eraso zuzenak jasaten dituzte eta laguntza gutxi iristen zaie

2006ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Atzerrira ihes egin behar duten pertsonen egoera latza bada, are latzagoa da beren herrialdean bertan etxetik ihes egin eta bizileku berria bilatu behar dutenena. Bazterketa eta erasoek zuzenago eragiten diete eta nazioarteko laguntza gutxiago jasotzen dute. Halere, errefuxiatu kopurua halako bi da barne desplazatuen kopurua. Munduan, 25 milioi iheslari daude. Gatazka etniko, erlijioso, sozio-ekonomiko edo politikoek eraginda egin dute ihes. Gatazka armatuen kasuan, gobernuen edo gerrilla taldeen erasoetatik babestea da iheslarien xedea, edo, bi aldeen arteko gatazketatik ihes egitea.

Kolonbian indigena talde asko desagertzeko arriskuan daude, gatazkaren erdian harrapatuta. Baina gatazka armatuak ez dira ihes egiteko arrazoi bakarra. Hondamendiek milioika lagun behartu dituzte lekuz aldatzera; Asiako tsunamiak (2004ko abenduan), adibidez. Eta garapen egitasmo erraldoiek lurrik eta etxerik gabe utzi dituzte beste asko indigenak, gehienetan. Munduko Bankuaren arabera, urtero 10 milioi lagunek ihes egin behar izaten dute azpiegitura edo eraikuntza planek behartuta. Iheslariei gutxitan eskaintzen diete bizileku alternatiboa edo kalte-ordain justua. Ihes egiteko arrazoia edozein izanda ere, familia loturak moztu egiten dira, eta zailago bihurtzen da aterpe bat, elikagaiak, lana eta heziketa lortzea. Ez dago nazioarteko erakunderik desplazatuei laguntzeko zeregin formala duenik. Erakunde horiek iheslarien herrialdeetako gobernuak jotzen dituzte giza laguntza ematearen erantzuletzat. Gobernuek laguntzen ez dutenean hartzen dute esku nazioarteko erakundeek. Ez beti, ordea. Gobernu batzuek ez dute nazioartearen esku hartzerik nahi, giza laguntza gobernuen aurka erabiliko duten beldur baitira. Hala gertatu izan da Kurdistan iparraldean (Turkiaren menpekoan) eta Birmanian. Gerra Hotzaren amaieratik, iheslari kopurua handitzen eta errefuxiatuena murrizten joan da. Hala gertatu zen Afganistanen 2001ean, AEBek eraso ziotenean. Bi milioi lagun desplazatu ziren eta soilik 200.000 erbesteratu. Iraken, 2003an, oso herritar gutxik izan zuten alde egiteko aukera; ehunka mila lagunek, aldiz, etxetik ihes egin zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.