Bakearen Nobel saria

Munduko Elikadura Programari eman diote Bakearen Nobel saria

Gatazkek eragindako gosea amaitzeko egindako ahalegina saritu nahi izan du Nobel Institutuak.

Elikagai zakuak Yemengo herritarren artean banatzeko prest. YAHYA ARHAB, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko urriaren 9a
11:12
Entzun

Asko ziren hautagaiak, tartean, OME Osasunaren Mundu Erakundea bera, pandemiaren aurka egindako lanagatik, baina Osloko Nobel Institutuak erabaki du 2020ko Bakearen Nobel saria MEP Munduko Elikadura Programari ematea, mundu osoan gosez bizi diren milioika lagunen bizi baldintza hobetzeko egindako ahaleginagatik.

Nobel Institutuak azaldu du «munduko gatazkarik zaharrena» dela gosea, eta gaur egun oraindik ere gosetea «gerrako arma gisa» erabiltzen dela gatazka askotan; aldiz, NBE Nazio Batuen Erakundearen programari esker toki askotan gatazken eta gosearen arteko lotura etetea lortu dutela. Institutuak gogorarazi du munduan 265 milioi pertsona bizi direla gosez, eta horien egoera hobetuko bada nazioarteak MEPen beharrak ase behar dituela behar dituen funtsak emanez.

Munduko erakunde humanitariorik handiena da Munduko Elikadura Programa eta iaz mundu osoko 100 milioi laguni eman zien giza laguntza, 88 herrialdetan. «Pandemia garaiotan gero eta gehiago dira gosez daudenak, baina MEPek ahalegin handia egin du guztiengana heltzeko», azaldu du Nobel Institutuak.

Aste honetan zehar jakinarazi dituzte beste Nobel saridunak, medikuntzakoa, fisikakoa, kimikakoa eta literaturakoa, eta datorren astean emango dute Ekonomiako Nobel saria jasoko duen pertsona edo erakundearen izena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.