Koronabirus garaian deforestazioa areagotu izanak agerian utzi du basoen gaineko zaintzaren beharra, Elena Dominguez (Madril, 1977) WWFko kidearen esanetan. Halere, ohartarazi du, ikuskaritzatik harago, ezinbestekoa dela gizartean «paradigma aldaketa» bat bultzatzea, basoei duten balioa aitortuko diena.
Epidemia betean, %150 handitu da basoen suntsitzea, WWFren ikerketa baten arabera. Deforestazioak areagotu egiten al du munduan beste pandemia bat hedatzeko arriskua?
Hala da, bai. 1940 eta 2005 artean izan diren zoonosi kasuen ia erdiak lurraren erabilera aldatzeagatik gertatu dira. Basoak suntsitzearekin batera, gizakien kokaguneak eraikitzen dira gaixorik egon daitezkeen animaliengandik eta gaitzen bektoreetatik gertu. Batzuetan, inguruko biztanleek ehiza beharrezkoa dute irauteko, eta zuzeneko kontaktua izaten dute animalia horiekin. Beste batzuetan, animalia basatiak harrapatzen dituzte legez kanpoko merkatuetan saltzeko. Urruneko basoetan bizi ziren animaliengandik zenbat eta hurbilago egon, orduan eta arrisku handiagoa izango dugu gaitz berri batekin kutsatzeko.
Zer erabilera ematen zaie suntsitutako basoei?
Basoak suntsitzearen kausa garrantzitsuena nekazaritzaren hedatzea da. Bereziki, eskala handiko nekazaritzarena. Soja eta palma olioa ekoizteko plantazioak ereiten dituzte. Europako Batasuna (EB) aztertzen ari da legedi bat garatzea hornikuntza kateak deforestazioetatik aske egongo direla bermatuko lukeena. Horrek esan nahi du nik txerri xerra bat jaten badut, txerri hori elikatzeko erabili den pentsua, sojaz egindakoa, ez dela izango baso suntsitu batean landatutakoa. Prozesua hastapenetan dago, eta gu presio egiten ari gara ezarri dadin. EBk baso suntsitzean duen ardura aztertu du, eta, ikerketen arabera, munduko baso suntsitzearen %10 Europako kontsumoaren ondorioa da.
Zer neurri hartu behar dira baso soiltzea geldiarazteko?
Zergatik suntsitzen ditugu basoak? Nekazaritza produktuek baino balio txikiagoa dutelako. Soja plantazio batek ez du izan behar milaka urteko baso batek baino balio handiagoa. Bestetik, beharrezkoa da baso eremu zabalak dituzten herrialdeetan deforestaziorik gabeko politikak garatzea. Baina hori ezin dute bakarrik egin, eta bidegabea litzateke. Herrialde aberatsek beren garapena basoen suntsitzean oinarritu baitute. Europan eta beste herrialde askotan ezinbestekoa da aztarna ekologikoa murriztea.
Elena Dominguez. WWFko kidea
«Munduko baso suntsitzearen %10 Europako kontsumoaren ondorioa da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu